Ez zegoen hilzorian, baina bai noraezean. Aukera ikusi eta baliatu egin dute. Txinako JD.Com taldeak Europan geratzen zen merkataritza elektronikoko erraldoietako bat erosiko du: Ceconomy. Haren esku geratuko dira Media Markt, Saturn eta Fnac-Darty: 50.000 langile inguru eta 1.000tik gora denda, Europako 11 herrialdetan.
Akordio horri esker, JD.com elektronika produktuen merkataritzaren ikurretako bat bihurtuko da kontinentean, eta Amazonekin lehia estua izango du. Edo asmo hori du behintzat Txinako konpainiak. Hala adierazi du Sandy Xu zuzendari nagusiak. «Ceconomy erosita, elektronika kontsumoko Europako plataforma berritzaile nagusia sortuko dugu. Media Markten sare fisikoa eta gure teknologia eta logistika gaitasunak batuta, Amazonen pareko alternatiba sendo bat eskainiko dugu».
«Media Markten sare fisikoa eta gure teknologia eta logistika gaitasunak batuta, Amazonen pareko alternatiba sendo bat eskainiko dugu»
SANDY XUJD.com-en zuzendari nagusia
Azken urteetan, Europako merkataritza elektronikoa AEBetako eta Txinako erraldoien borroka zelaia bihurtu da. Amazon produktu teknologikoetan gailendu da batez ere. Txinako plataformak, berriz, arropa eta osagarri merkeetan, Shein eta Temuren gisako plataformen bidez.
Amazonek lehiakide bat izango du orain: JD.com. Eta ez da edonolakoa. Txinako beste plataforma batzuen aldean, marka ezagunekin egiten du lan, eta ez du produktu merkea lehenesten. Bere ikusi nagusiak bi dira: eraginkortasuna —bezeroak eskatutako produktua 24 ordutan etxean izango duela ziurtatzea— eta gertutasuna. Horretarako, biltegi propioak izango ditu Europan, Media Markt, Saturn eta Fnac-Darty taldearen azpiegiturak erabilita. Eta horri esker, denda fisikoak ere bai, Amazon ez bezala.
7Zenbat saltoki dauden Euskal Herrian. Ceconomyk sei saltoki ditu Euskal Herrian: Media Markten bost denda: bat Araban, bat Gipuzkoan, bat Nafarroan eta hiru Bizkaian. Lapurdin saltoki bat ere badu, Fnac-Dartyrena. Ceconomy Frantziako talde horren akziodun nagusia da 2017tik. Denda horietan 400 langile inguru aritzen dira.
Operazioak 2.300 milioi euroko balioa izango du. JD.comek Ceconomyren %57,1 erosiko du, akzio bakoitzeko 4,60 euro ordainduta, merkatuko prezioa baino %23 gehiago. Ceconomyren zuzendaritza salmentaren alde azaldu da: JD.com-ek eskaintzen dituen «puntako produktu teknologikoak» eta «finantza malgutasuna» azpimarratu ditu. Hala mintzatu da Kai-Ulrich Deissner zuzendari nagusia: «JD.com-ekin elkartuz, Europako merkataritza elektronikoa indartuko dugu, gure indar osagarrietan eta balio komunetan oinarrituta. Operazio hau mesedegarria izango da langile, bezero eta akziodunentzat, eta gure hazkunde estrategia azkarrago gauzatzeko modua emango du».
Alemaniako lau familia
Akziodunen artean ere badago adostasuna. Ceconomyren jabe nagusiak Alemaniako lau familia dira: Freenet, Haniel, Schmidt-Ruthenbeck eta Kellerhals. Azken horrek dauka partaidetzarik handiena, Convergenta inbertsio funtsaren bidez (%29,2), eta gakoa izan da negoziazioetan.
Azken urteak ez dira errazak izan taldearen barruan. Kellerhals sendia ez da beti ondo moldatu gainerako akziodunekin, eta tentsioak pilatu zaizkio zuzendaritzarekin. 2020an su eten baten formako akordio bat lortu zuten. Iaz zabaldu zen JD.comek interesa zuela zioen zurrumurrua, eta azken hilabeteetan aldaketak egon dira administrazio kontseiluan. Mugimendu nagusia, Karsten Wildberger zuzendari nagusi ohiarena: enpresa utzi zuen Alemaniako Digitalizazio ministro izateko.
Hala, JD.com-en sarrera «aukera estrategikotzat» aurkeztu dute: taldeari finantza egonkortasuna emango diola adierazi dute, eta hazteko aukera, Kai-Ulrich Deissner Ceconomyko zuzendari nagusi berriak azaldu duenez. «Akordio hau ez da salmenta bat; lankidetza estrategiko baten hasiera da, Europako merkatuan indar handiko konbinazio bat sortuko duena».
Azken urteetan, txinatarren esku geratu dira Europako hainbat enpresa, eta horrek kezka eragin die agintariei. Gisa horretako erosketa batzuk blokeatu dituzte «azpiegitura estrategikoak» babesteko aitzakian. Media Markten erosketari, ordea, ez diote oztoporik jarri, elektronika merkataritza ez baita sektore kritikotzat jotzen.
Pekinen begikoa
Baina nor da JD.com? Txinan merkataritza elektronikoaren ikurretako bat da —beste arlo batzuetan ere aritzen da, hala nola janari banaketan—: sektorean %20ko merkatu kuota du, eta Alibaba taldearen (Aliexpress) lehiakide nagusia da. Haren itzalean egon da beti, baina azkenengo urteetan Pekingo gobernuak haren alde egin du. Alibabari isun ekonomiko gogorrak jarri dizkio, lehiaren aurkako praktikak leporatuta, besteak beste.
Badago horren atzean arrazoi politikoak ikusten dituenik. Plataforma horiek, etekinak handituz eta negozioak hedatuz joan diren heinean, gero eta botere handiagoa hartu dute Txinan, eta, hango agintariek ulertu dutenez, horrek kalte egin diezaieke Alderdi Komunistaren estrategiei. Estatuak gehiago kontrolatutako ekonomiara itzultze horretan, laguntzeko prestasun handiena duten enpresak dira onuradun nagusiak, hala nola JD.com.
Beste arrazoi bat zera da, plataforma horietan saltzen diren produktuen kalitatea. Txinako merkataritza plataformak asko ugaritu dira Europan, eta horrek errezeloak piztu ditu. JDk «kalitatezko produktuak eta zerbitzu azkarrak» eskaintzen ditu, eta horrek irudi «fidagarriagoa» ematen du, bai nazioarteko bezeroei dagokienez eta bai Txinako agintariei dagokienez. Hori argi ikusi izan du JD.com-en sortzaile Richar Liuk. «[Beste] aplikazio horiek produktuak merke saltzera mugatzen dira, eta horrek kalte egiten dio gure herrialdearen irudiari. Guk tokiko merkataritza, tokiko hornitzaileak eta tokiko banaketa defendatzen ditugu».
Orain Txinatik kanpo lehiatuko da, Europan, eta AEBetako Amazon erraldoia izango du aurrez aurre.
Â