UAGAk mobilizazioak antolatuko ditu lehen sektorearen ahotsa entzun ezean

Arabako nekazariak kexu dira erakundeek entzungor egiten dietelako. Jarrera aldatzeko, lehen sektorea «babesteko» eta hura laguntzeko politikak eskatu dizkiete.

UAGAk agerraldia egin du gaur, Gasteizen, urtearen balantzea egiteko. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
UAGAk agerraldia egin du gaur, Gasteizen, urtearen balantzea egiteko. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
aitor biain
2025eko abenduaren 30a
15:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Lehen sektorea «nahikoa da» esateko puntuan da, baita Araban ere. Urtebete ere ez da nekazariek beraien ezinegona Jaurlaritzaren Gasteizko egoitzara eraman zutenetik, baina orduko haserreak eta kexuak ez dira baretu. Are, soka hausten ari dela ohartarazi du UAGA sindikatuak. Administrazioak «entzungor» egiten diela eta, nekazarien eta abeltzainen eskariak aintzat hartzeko eskatu die sindikatuak Arabako Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari. Hala egin ezean mobilizazioei berrekingo dietela adierazi dute.

«Ez da ohartarazpen hutsa, ondorio zuzena baizik, elikagaiak ekoizteaz, landa ingurunea zaintzeaz eta elikadura burujabetzaz arduratzen garenoi ez ikusiarena egiten jarraitzeagatik», azpimarratu du Edurne Basterra sindikatuko lehendakariak, urteko balantzea egiteko agerraldian. Izan ere, kritikatu du erakundeek ez dutela kontuan hartzen nekazarien eta abeltzainen iritzia, eta erabakiak «bulegoetan» hartzen dituztela, lehen sektorearen errealitatea gertutik ezagutzen ez dutenek gehienetan.

Bada, 2026an ere protestak izaterik nahi ez badute, jarrera aldatzeko, lehen sektorea «babesteko» eta hura laguntzeko politikak eskatu dizkie UAGAk ordezkari politikoei: «Datorren urterako, administrazio guztiei zera eskatzen diegu: mahai gainean diren nekazaritza eta elikadura politika guztietan lehen sektorea kontuan hartzeko; hitz egiteko; entzun diezagutela; eta denon onerako izango diren akordioak lor ditzatela, ez soilik gutxi batzuen mesederako izango direnak».

Administrazioa, geldo

Basterrak azaldu du azken urteak «oso zailak» izan direla sektorearentzat, eta datorrenak ere ez duela itxura hoberik. Izan ere, lehendik zituzten buruhauste eta arazo gehienek bere horretan segitzen dute, eta badira larriagotu egin direnak ere: errelebo falta, klima aldaketa, kostuen gorakada, salgaiengatik ordaintzen den prezio baxua, errentagarritasun falta, eta hegaztiei eta abereei eragiten dieten gaitzak, kasurako.

Zerrenda horri beste batzuk gehitu zaizkie aurten, gainera: Europako Batasuneko NPB Nekazaritza Politika Bateratu berria eta Mercosurrekin merkataritza liberalizatzeko ituna. UAGAren arabera, Europako Parlamentuan negoziatzen ari diren NPB berriak %18 murriztuko ditu zuzeneko laguntzak, eta horrek «ondorio izugarriak» eragingo ditu, hala nekazariengan, nola familiengan. Mercosurrekin akordioa ixteak, berriz, elikagaiekin «are gehiago espekulatzea» ekarriko duela uste dute.

«Datorren urterako, administrazio guztiei zera eskatzen diegu: mahai gainean diren nekazaritza eta elikadura politika guztietan lehen sektorea kontuan hartzeko; hitz egiteko; entzun diezagutela; eta denon onerako izango diren akordioak lor ditzatela, ez soilik gutxi batzuen mesederako izango direnak»

EDURNE BASTERRRA UAGAko lehendakaria

Eguneroko lanekin itotzen duten burokrazia ere ez da arindu, bertako erakundeek neurriak hartuko zituztela hitzeman bazieten ere. Ez aldundiak, ez Jaurlaritzak, ez dutela ezer egin salatu du Iker Agirre UAGAko ordezkariak, eta ohartarazi egoerak «betikotzeko» arriskua duela: «Lehen bezala gaude oraindik; ez da inolako aldaketarik egon. Administrazioa oso motel doa, eta hori barrura begira ere nabaritzen da: hain doa poliki, ezen ematen baitu ez direla ezertan ari. Ez aurrera, ez atzera gaude oraintxe bertan».

UAGAk adierazi du, halaber, bi erakunde horiek murriztu egin dituztela lehen sektorerako jarritako diru sailak 2026ko aurrekontuetan. Gainera, salatu du bigarren sektoreari ematen dietela lehentasuna, lehenengoa «estrategikotzat» izendatu arren: «Ezin dugu amore eman gure bizibidea, lurrak eta herriak beren interesen alde kendu nahi dizkiguten enpresa handien aurrean, ez eta gaur egun agintzen ari direnen aurrean ere».

Horregatik neurriak eskatu dituzte, lehen sektorearen etorkizuna bermatu ahal izateko. Basterra: «Baina, batez ere, eskatzen duguna da gure produktuengatik salneurri justuak ordaintzea, eta banatzaile handiak gure kontura ez aberastea, gizartea eta lehen sektorea bera gero eta pobreago ez uzteko».

TXERTAKETA ARABARA ETA BIZKAIRA ZABALTZEKO ESKATU DUTE

Abelgorriei eragiten dien dermatosi nodularrari aurre egiteko txertaketa Hego Euskal Herriko azienda guztietara zabaltzea baztertu zuen atzo Espainiako Gobernuak. UAGAk iritzi dio, ordea, txertaketa soilik Gipuzkoan eta Nafarroan egitea «eskasa» izan daitekeela, eta Arabako eta Bizkaiko aziendatara ere zabaltzeko eskatu dute. Izan ere, sindikatuak ohartarazi du gaitza ganaduaren errepidezko garraioaren bidez zabaldu daitekeela, N-1 errepidearen bidez, kasurako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.