Ezustean; ordu batzuk lehenago abisua emanda. Horrela jakinarazi du Uberrek Gipuzkoan ibilgailu gidaridunen (IG) garraio zerbitzua emango duela. Gaur hasiko da, 11:00etan, eta printzipioz Donostiarako soilik arituko da. 30 auto izango dira, denak %100 elektrikoak. Gipuzkoako erakundeen baimenik ez du horretarako, baina Bizkaiko Foru Aldundiaren lizentziekin aritu nahi du. Horrek gatazka juridikoa piztu dezake, Gipuzkoako Aldundiak urteotan etengabe ukatu baitie baimena IG enpresei lurraldean aritzeko. Uberren ustez, ordea, azken urteetako ebazpenek arrazoia ematen diote, eta jarduteko aukera du.
Donostiako Udalak enpresaren idazki bat jaso zuen atzo, gaur zerbitzua ematen hasiko zela jakinarazteko, eta bilera bat eskatu zuen udaleko arduradunekin. Uberrek, halaber, ohar bat kaleratu du gaur goizean, hamaiketatik aurrera Donostian martxan egongo dela iragartzeko. Aldundiak premiazko bilera batera deitu du. Azahara Dominguez Mugikortasuneko foru diputatuak esan du aldundiaren zerbitzu juridikoak kasua aztertzen ari direla. Ziurtatu du bere departamentuarena dela IG lizentziak emateko eskumena, eta adierazi du ez duela Uberren jakinarazpenik jaso Gipuzkoan jarduteko asmoari buruz. «Zorrotz eta legearen arabera jokatu dugu beti. Horregatik, Bizkaian baimendutako ibilgailuek Gipuzkoan zerbitzua ematearen legezko bideragarritasuna aztertzen ari gara gure zerbitzu juridikoekin batera. Hortik aurrera, eman beharreko pausoak emango ditugu, orain arte egin dugun bezala». Dominguezek jakinarazi du besteak beste Bizkaiko Aldundiarekin jarri dela harremanetan, hark eman baititu 30 lizentzia horiek.
AEBetako plataformak azaldu duenez, bere asmoa da Gipuzkoa osora hedatzea, baina modu mailakatuan egin nahi du hori. Printzipioz Donostian soilik emango du zerbitzua. Aplikazioaren bidez kontratatu ahal izango da, eta Donostia barruko joan-etorriak eta hiriburua abiapuntu edo helmuga duten ibilbideak egiteko balioko du. Hortaz, posible izango da, esaterako, Tolosa eta Donostia arteko bidaia erreserbatzea; ez, ordea, Tolosa eta Hernani artekoa. Donostiatik abiatuta, berriz, lurraldeko edozein puntutara joateko aukera egongo da. Donostiatik kanpoko zerbitzuak gutxienez bi orduko lehenago eskatu beharko dira.
Zerbitzua ez du Uberrek zuzenean emango. Ohikoa duen moduan, IG enpresa batek jarriko ditu ibilgailuak eta gidariak; Uberrek, berriz, bezeroekin harremanetan jarriko ditu bere plataforma digitalaren bidez, komisio baten truke. Enpresa horiek bidaia bakoitzaren prezioaren %25 eman behar diote plataformari. Taxilariek ere bat egin dezakete, eta haiek %12ko komisioa ordaindu behar dute. Haiek erakartzeko, pizgarri batzuk ematen ditu: 150 euro, 60 egunean gutxienez 25 bidaia egiten badituzte, eta 350 euro, 60 egunetan plataformara beste lankide bat erakartzen badute. Taxilariak dira, hain justu, IG zerbitzuen aurka protesta gehien egin dutenak.Â
BIZKAIAN, NAFARROAN ETA LAPURDIN
Bizkaiko Foru Aldundiak 2019an zabaldu zizkien ateak IG ibilgailu gidaridunen plataformei, Uberri baimena eman baitzion Bilbon aritzeko. Eta iazko udatik, Cabifyri ere bai. Uberrek 70 lizentzia inguru ditu, eta Cabifyk, oraingoz, hamabost bat. Uber Mungian, Muskizen, Plentzian eta Arrigorriagan ere aritzen da. Eta Bermeotik eta Gernikatik ere bai, baina Bilbora joateko soilik, eta aldez aurretik erreserbatuta. Nafarroan, berriz, Uberrek 90 baimen ditu. Araban, oraingoz Uberrek eta Cabifyk ez dute baimenik jaso. Lapurdin, berriz, Uberrek eskaintzen du zerbitzua, Baionan eta Miarritzen, eta 35 baimen ditu.
«Taxiaren, tokiko enpresa sarearen eta administrazioaren eskutik lan egin nahi dugu, donostiarren eta bisitarien mugikortasuna hobetzen lagunduko duen garraio alternatiba seguru eta fidagarri bat eskaintzeko», adierazi du Uberren Espainiako eta Portugalgo zuzendari nagusi Felipe Fernandez Aranburuk.
Gatazka juridikoa
Donostian arituko diren ibilgailuek ez dute udalaren eta Gipuzkoako Aldundiaren lizentziarik, nahiz eta printzipioz haiek diren eskumena duten erakundeak.
Taxi sektorearen eskaerari jarraituz, bi administrazioek urte luzez itxi diete atea IG enpresei. 2023ra arte, Espainiako araudi bat balia zezaketen horretarako. Horrek honako muga hau ezartzen zuen: eragin eremu bakoitzean gehienez IG baimen bat eman zitekeen 30 taxiko. Gipuzkoan aspalditik gainditua zen ratio hori, bertako enpresa batzuek halako lizentziak zituztelako, eta administrazioek ez zuten gehiago eman.
Ikusi gehiago
Egoera hori, baina, 2023ko ekainean aldatu zen. Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak baliogabetu egin zuenean 1/30eko muga, lehia askearen aurkakoa zela iritzita.
Epai horren ondoren, Gipuzkoako Aldundiak beste argudio batzuk erabili ditu IG enpresen eskaerak ukatzeko, nagusiki ingurumenekoak. Zehazki, Espainiako Lurreko Garraioen Antolamenduari Buruzko Legea (LOTT) aipatu izan du. Haren arabera, administrazioek garraio lizentziak muga ditzakete administrazioek zehaztutako ingurumen helburuak betetzeko. Haatik, lege berak dio muga horiek ezin zaizkiela aplikatu emisiorik gabeko ibilgailuei, eta Uberrek Gipuzkoan jarriko dituen guztiak %100 elektrikoak dira.
Baina badago erabat argi ez dagoen beste puntu bat. Aldundiak orain arte adierazi du IG baimena eskatzen duten enpresek beren egoitza lurraldean izan behar dutela, bertako erakundeei dagokielako zerbitzuaren gaineko kontrola eta ikuskapenak egitea. Uberrek, berriz, kontrakoa dio: haren iritziz, Euskal Autonomia Erkidegoko edozein lurraldetan emandako lizentzia nahikoa da hiru lurraldeetan jarduteko, ikuskatzeko eskumena autonomia erkidegoena delako.