Udaberriak ez du lan merkatua suspertu

Langabezia tasa %6,9ra igo da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta 1.200 langabe gehiago zenbat ditu Eustatek bigarren hiruhilekoan. Landunen kopurua 2.500 jaitsi da, zerbitzuetan, eta emakumeen eta gazteen artean bereziki.

Bi lagun Lanbideren Gasteizko bulego batean. ADRIAN RUIZ DE HIERRO / EFE
Bi lagun Lanbideren Gasteizko bulego batean. ADRIAN RUIZ DE HIERRO / EFE
jokin sagarzazu
2026ko uztailaren 24a
11:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Lan merkatuan ez da udaberririk izan. Martxotik maiatzera bitarteko hilabeteek ez dute espero zitekeen bultzadarik eman Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako lan merkatuan, eta urtearen hasieran bezalatsu dabil joera: enplegua galtzen ari da.

Eustaten inkestaren arabera, 1.011.100 landun zeuden hiru lurraldeetan bigarren hiruhilekoaren amaieran, lehen hiruhilekoan baino 2.500 gutxiago. Aldi berean, langabeen kopurua 74.500era igo da, 1.200 gehiago. Langabezia tasa, beraz, %6,7tik %6,9ra igo da.

Ez da aldaketa handia datuetan, baina bai joeran. Izan ere, urteko bigarren hiruhilekoa, oro har, aldekoak izaten da enpleguarentzat. Aurten, ordea, lan merkatuak ez du aurrera egin. Eta iazko bigarren hiruhilekoarekin alderatuta, argazkia okerragoa da: orduan baino 3.000 landun gutxiago daude eta 13.200 langabe gehiago. Langabezia tasa %5,7koa zen 2025eko bigarren hiruhilekoan; hamabi hilabete geroago, %6,9koa da.

%15,2

Gazteen langabezia tasa. Aurreko hiruhilekoan baino 2,7 puntu handiagoa da 16 eta 24 urte artekoen langabezia tasa. 25 eta 44 urte artekoen tasa %8,1ekoa da, eta 45 urtetik gorakoena, %4,9koa.

Soldatapekoen kontratu motan ere badago berezitasunik: kontratu mugagabea dutenak 8.100 gutxiago dira lehen hiruhilekoan baino. Iazko bigarren hiruhilekoarekin alderatuta ere, 5.500 gutxiago dira.

Zerbitzuak indarra galtzen

Azkenaldian zerbitzuen sektoreak bultzatu du enpleguaren sorrera. Baina urteko bigarren hiruhilekoan 3.300 lanpostu galdu dira, eta 738.800 lagun ari dira lanean. Lehen sektorean ere behera egin du okupazioak; 700 pertsona gutxiago ari dira, zehazki. Industrian, berriz, 500 landun gehiago daude. Eraikuntza izan da azken hiruhilekoan enplegu gehien sortu duen sektorea: 1.200 langile gehiago ditu.

Sektoreen arteko desoreka sexuan ere islatzen da. Emakumeen artean 5.800 landun gutxiago daude, haiek baitute esposiziorik handiena zerbitzuen sektorean; gizonen artean, berriz, 3.400 gehiago ari dira lanean. Horren ondorioz, emakumeen okupazio tasa lau hamarren jaitsi da, %68,7raino, eta gizonena lau hamarren igo, %74,3raino.

Adinean ere nabari da alde hori. Gazteek dute egoerarik zailena. 16 eta 24 urte artekoen langabezia tasa %15,2ra igo da, aurreko hiruhilekoan baino 2,7 puntu gehiago. 25 eta 44 urte artekoena %8,1ekoa da, bi hamarren handiagoa. 45 urtetik gorakoena, aldiz, hiru hamarren jaitsi da, %4,9raino.

Lurraldeen artean, Bizkaiak izan du bilakaerarik txarrena udaberri honetan: 3.200 landun gutxiago daude, eta langabezia tasa %7,9koa da. Gipuzkoan mila landun gutxiago daude, eta langabezia tasa %5,3koa da. Araban, kontrara, 1.800 landun gehiago zenbatu ditu Eustatek, eta langabezia tasa %6,8koa da.

%60

Zenbat etxetan dauden kide guztiak lanean. Eustaten arabera, 555.000 etxetan pertsona aktibo guztiak lanean ari dira —hamar etxetik seitan—, lehen hiruhilekoan baino 1.200 gutxiagotan. Hala ere, pertsona guztiak langabezian dauden etxeen kopurua gutxitu egin da: 22.300 dira guztira, 3.100 gutxiago. Hamar langiletik lau ez daude langabe gisa erregistratuta.

 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA