UGT eta CCOO, funtzio publiko osoa grebara eramateko prest

Mobilizazioak hasi dituzte Hego Euskal Herrian zerbitzu publikoak hobetu eta galdutako erosahalmena berreskuratzeko. Deitzaileen arabera, galduriko erosahalmena %12koa da gutxienez.

UGT, CCOO, eta CSIF sindikatuek Bilbon eginiko elkarretaratzea. BERRIA
UGT, CCOO, eta CSIF sindikatuek Bilbon eginiko elkarretaratzea. BERRIA
Imanol Magro Eizmendi.
2025eko urriaren 30a
12:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

UGT, CCOO eta CSIF langile publikoen sindikatua Hego Euskal Herriko funtzio publikoko langile guztiak grebara deitzeko prest daude. Espainian eginiko deialdiarekin bat eginez, kalera atera dira Bilbon, eta hiru eskaera egin dituzte: langile publikoen baldintzak hobetzea, enplegu planak egitea eta erosketa ahalmen osoa berreskuratzea. Azken eskaera horrek eraman ditu batez ere protestara, Espainiako Gobernua aurrekontuak eguneratu ezinda dabilelako, eta horrenbestez Hego Euskal Herriko langile publikoei ez dietelako aurten soldatarik handitu. Dena den, sindikatuek salatu dute Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak badutela lan baldintzak hobetzeko aukera Espainiako Gobernuaren onespenaren zain egon gabe.

«Hau ez da soldata kontua bakarrik, zerbitzu publiko guztiak hobetu nahi ditugu», salatu du Arantxa Argote EAEko UGTko zerbitzu publikoetako arduradunak Bilbon eginiko elkarretaratzean —Iruñean ere deitu dute elkarretaratzea—. Halaber, erreferentzia egin die Espainiako Gobernuak aurrekontuak eguneratzeko dituen arazoei, eta egoerak eragiten dien kalteari: «Langile publikoak gara beti gobernuek barruan dituzten ezinikusien biktimak, eta hori amaiarazi beharra dago».

Jaurlaritzak lan baldintzak hobetzeko dituen eskumenak erabil ditzala eskatu dute, besteak beste ertzainekin, presondegietako langileekin eta irakasle batzuekin egin bezala

Ez da bakarrik soldata: galdutako erosahalmena berreskuratzea da protestako eskaera nagusietako bat. Sindikatuen arabera, iraganean izozturiko soldaten eraginez erosahalmena %12 apaldu da azken hamabost urteetan, eta gaur-gaurkoz ez dakite hurrengo urteko soldata eguneratzea zenbatekoa izango den: «Eusko Jaurlaritzak %2,5eko igoera aurreikusi omen du aurrekontuetan, baina guri ez digute ezer baieztatu, eta hilaren 21ean bildu ginen azkenekoz haiekin». Halaber gaineratu du aldundietako eta udaletako langileak ere deituta daudela mobilizazioetara.

Iñigo Garduño CCOOko ordezkaria ere egon da elkarretaratzean, eta gogoratu du Eusko Jaurlaritzak ez duela Espainiako Gobernuaren zain egon beharrik funtzionarioen baldintzak hobetzeko: «Espainiako Gobernuak onartzen dituen eguneraketak aplikatzen ditu beti, baina nahi duenean bere eskumenak baliatzen ditu, adibidez soldata gehigarrien bitartez, sektore batzuetako langileen baldintzak hobetzeko. Hala egin du aurten Ertzaintzan, irakaskuntzan eta presondegietako langileekin. Zergatik ez du gauza bera egiten sektore osoarekin?».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.