Unai Rementeria izendatu dute BBK-ko presidente

Bizkaiko ahaldun nagusi ohiak Xabier Sagredo ordezkatuko du karguan. Fundazioak enpresetan dituen 4.700 milioi euroren inbertsioak kudeatzea izango du erronka nagusia.

Unai Rementeria eta Xabier Sagredo, orain arten BBK-ko presidente izandakoa, artxiboko irudi batean. BIZKAIKO FORU ALDUNDIA
Unai Rementeria eta Xabier Sagredo, orain arten BBK-ko presidente izandakoa, artxiboko irudi batean. BIZKAIKO FORU ALDUNDIA
jokin sagarzazu
2025eko abenduaren 17a
13:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

Lehengo lepotik burua. BBK fundazioak presidente berria du: Unai Rementeria, 2015etik 2023ra Bizkaiko diputatu nagusia izandakoa. Xabier Sagredo ordezkatuko du karguan, asteazken honetan onartu baitute haren izendapena fundazioko patronatuko kideek. Kargu publikorik ez izatea da BBK-ko presidente hautatzeko baldintzetako bat, eta Rementeriak betetzen zuen hori; gaur egun Elkarkidetzako burua da, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako diputazio eta udaletako funtzionarioen BGAE borondatezko gizarte aurreikuspenerako erakundearena.

Rementeria garai gozoan iritsiko da BBKra. Fundazioaren 2024ko auditoriaren arabera, haren ondarea %18 handitu da azken bost urteetan. Gainera, plan anbiziotsuak ditu: 2035erako 7.000 milioi euroko inbertsio bolumena lortu nahi du, gaur egungoa baino %50 handiagoa —2.200 milioi gehiago.

zer da bbk?

Banku fundazioak 2009ko finantza krisiaren ondoren sortu ziren. BBK, Kutxabank eta Vital Kutxa batu egin ziren, eta Kutxabank bankua sortu zuten. Aurrezki kutxak fundazio bihurtu ziren, eta bankuaren akziodun bilakatu. Hala, BBK Kutxabanken jabe nagusia da, harenak baitira akzioen %57. Bankua burtsaratu ez zedin, 230 milioi euroko funts erreserba sortu behar izan zuen. Fundazio guztiek zuzendaritza egiturak berritu behar izan zituzten, kargu publikoak zituztenek patronatuan parte har ez zezaten.

Hamarkada bat igaro da BBK banku fundazio bihurtu zenetik, eta urte horietan 4.700 milioi euroren inbertsioak pilatu ditu enpresetan. Horien %75 Kutxabanken ditu —BBK da bankuaren jabe nagusia, akzioen %57 baititu—, eta beste 1.100 milioiak hainbat euskal enpresa handitan inbertitu ditu, batzuetan bakarrik eta beste batzuetan Kutxabanken bitartez, hala nola Iberdrolan, Petronorren, CAFen eta Gestampen.

Gainera, itxi berri du Talgon sartzeko operazioa, Sidenor eta Eusko Jaurlaritza buru dituen partzuergoaren bidez. BBK-k tren ekoizlearen akzioen %7,8 izango ditu. Hala, egoitza Euskal Herrian duten bi tren konpainiatan izango ditu akzioak: Talgon eta CAFen. CAF apustu estrategikoa da BBKrentzat, eta bertan duen parte hartzea handitu zuen iaz. Fundazioak akzioen %3 ditu, eta %13,23ren jabe da Kutxabanken bitartez. BBK-k iaz autogintza alorreko beste enpresa handi baten —Gestampen— akzioen %3 ere lortu zituen.

Horrez gain, Ayesa talde teknologikoaren —Ibermatica euskal enpresaren jabea— %70 erosteko lehentasunezko aukera du. Operazio hori Indarren (Kutxabanken inbertsio funtsa) eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin egin nahi du.

ZeR enpresAtan duEN dirua bbk-k

  1. Kutxabank. Akzioen %57 ditu, guztira 4.700 milioi euroko balioa dutenak. 
  2. Iberdrola. Kutxabanken bitartez, %1,63. BBK-k 263 milioiren akzioak ditu.
  3. CAF. BBK-k akzioen %3 ditu, eta %13,23 Kutxabanken bitartez.
  4. Petronor. Kapital sozialaren %14.
  5. Ingeteam. Kapital sozialaren %12,9. 
  6. Gestamp. Kapital sozialaren %3; akziodun nagusietan bigarrena da.
  7. Arteche. Kapital sozialaren %3. 
  8. Vidrala. Kapital sozialaren %1,04.
  9. Redeia. 20 milioi euro dauzka sartuta, kapital sozialaren %1 baino gutxiago.
  10. APK2. Enpresaren %8,73. Egoitza soziala Euskal Herrira ekarri du.
  11. Oncomatryx. Kapital sozialaren %2,82. 
  12. BeGas. Akzioen %0,84.
  13. Herko. Kapital sozialaren %5,68.
  14. Talgo. BBK-k 47 milioi euro jarriko ditu, eta akzioen %7,8 eskuratuko ditu.

Enpresa horietatik lortzen dituen dibidenduak dira BBKren diru iturri nagusia, nagusiki Kutxabanketik lortzen duena: iaz 211 milioi euro irabazi zituen horrela, eta horietatik 178 milioi Kutxabanketik.

Bide gurutzatuak

Unai Rementeria eta haren aurrekoa, Xabier Sagredo, belaunaldi berekoak dira, eta aspaldiko ezagunak. Biek izan dute hanka bat EAJn eta beste bat finantzen arloan. Sagredo (1972, Portugalete) 2013ko azaroan izendatu zuten BBK-ko presidente, Mario Fernandez ordezkatuz —Kutxabanken sorrera bultzatu zuen Fernandezek—. Gaur egun Iberdrolako kontseilari da Sagredo, eta irailetik Tubacexekoa ere bai. Aurrez, Ipar Kutxako hedapen arduraduna izan zen 1997tik 2007ra. Eta BBK-ko presidente izendatua izan aurretik, EAJren Bizkai Buru Batzarreko diruzaina.

Rementeria (1973, Mundaka) Elkarkidetzako presidente da gaur egun: 32.000 bazkide eta 1.500 milioi euroko ondarea kudeatzen ditu. Bizkaiko diputatu nagusi izan zen 2015etik 2023ra. 2013 eta 2015 bitartean, Jose Luis Bilbao buru zuen gobernuko bozeramailea eta Presidentetzako diputatua izan zen. Garai hartan, gaur egungo Eusko Jaurlaritzako lehendakari Imanol Pradalesekin kointziditu zuen, hura Sustapen Ekonomikorako diputatu zela.

Rementeria ahaldun nagusi izan zen urteetan, sektore batzuetan inbertsioak erakartzeko kenkari fiskalak bultzatu zituen eta lurraldera nazioarteko ekitaldi handiak erakartzeko neurriak hartu zituen. Azpiegitura handien alorrean, besteak beste, Lamiakoko itsasadar azpiko errepidearen proiektua abiatu zuen, eta Urdaibaiko Guggenheim museoaren egitasmoa —atzo bertan behera utzi zuten—.

GIZARTE EKINTZA, FUNDAZIOAREN BESTE HANKA

Enpresetako inbertsioez gain, gizarte ekintza da BBKren jardunaren beste foku nagusia. 2026an inoizko aurrekontu handiena izango du, 62 milioi eurokoa. Lehendabiziko aldiz, gainera, ekintza soziala BBKren baliabide propioekin finantzatuko da, bankuaren dibidenduetatik aparte, Kutxabank ez diren enpresetako inbertsioen irabazien bidez. Iaz 33 milioi euro bideratu zituen horrela, gizarte ekintzaren aurrekontu osoaren %84.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.