Guggenheim Urdaibai proiektua «behin betiko» lurperatu dute museoko patronatukideek

Murueta ontziolako lurzorua erabiltzeko modua emango lukeen korapilo legalak eragin du behin betiko erabakia. Patronatukideek adierazi dute aho batez harturiko erabakia izan dela eta ez zela bideragarria mueseoa epe laburrean egitea.

Guggenheim Urdaibai Stop plataformaren protesta bat, Bilboko museoaren kanpoaldean. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Guggenheim Urdaibai Stop plataformaren protesta bat, Bilboko museoaren kanpoaldean. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2025eko abenduaren 16a
18:58
Entzun 00:00:00 00:00:00

Guggenheim museoa Urdaibain (Bizkaia) handitzearen egitasmoa bertan behera gelditu da «behin betiko». Zurrumurru ozen zena berretsi dute museoko patronatukideek. Azaldu dute arrazoi askoren ondorio dela, baina Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusiak bat nabarmendu du: Murueta ontziolaren lurzorua erabili ahal izateko korapilo juridikoa. Zehaztu duenez, gutxienez hamar urte beharko lirateke bertan egitasmoa garatzen hasi ahal izateko, eta, baldintza horiek kontuan izanda, atzera egitea erabaki arduratsua dela esan du, «arrakasta» ez baitzegoen bermatuta.

Patronatukideen urteko bileraren ondoren eman dute erabakiaren berri. Ikusmin handia sortu du agerraldiak, eszenifikazioa bera ezohikoa zelako. Orain artean, museoko komunikazio taldeak ohar bidez eman izan du patronatuak hartutako erabakien berri. Oraingoan, ordea, lehen mailako ordezkaritza bildu du museoak hedabideen aurrean. Bertan izan dira Elixabete Etxanobe Bizkaiko Ahaldun Nagusia, Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako Lehenengo Lehendakariordea eta Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailburua eta Miren Arzalluz Guggenheim Bilbao Museoko zuzendaria.

«Museoko eraikin bat Muruetan kokatzeak tramitazio luze, konplexu eta hala ere berme osorik gabekoa eskatuko luke»

ELIXABETE ETXANOBE Bizkaiko ahaldun nagusia

Hiruek azpimarratu dute ez dela erabaki erraza izan, eta azken bi urteetako hausnarketa prozesuak azaleratu dituen arrazoi askoren fruitu dela. Hori bai, Etxanobek arrazoi bakarra azaldu du: Murueta ontziolaren orubea erabili ahal izatearen zailtasuna, eta hark dituen «muga zorrotzak». Onartu du «asmo handiko» proiektua zela, eta hasieratik sumatu zutela haren konplexutasuna: «Arlo juridikoari eta hirigintzakoari zegokionez, eta baita gizartean sortu zuen eztabaida biziari zegokionez ere». Hori izan da ahaldun nagusiak aurkako iritziei eginiko erreferentzia bakarra.

Guggenheim Urdaibai proiektua bertan behera utzi dute museoko patronatukideek

Gehiago sakondu du Muruetako orubearen baldintzetan. Zehaztu du museoaren eraikin bat han kokatzeak tramitazio luze, konplexu eta «hala ere berme osorik gabekoa» eskatuko lukeela, eta eraikin hori gabe proiektuak ez lukeela zentzurik. Bi arrazoi nagusi aletu ditu, orubearen «zortasun administratiboaren» inguruko zalantzak —hiru auzibide daude irekita gaiaren inguruan— eta ontziolaren beraren kontzesioa.

Etxanoberen kalkuluen arabera, korapilo administratibo hori, gutxienez, 2031. urtean askatuko litzateke, eta ebazpen guztiak proiektuaren aldekoak izanda ere, hamar urte behintzat beharko lirateke eraikuntza lanei ekiteko. «Epe horri egitasmoaren lehen oihartzunak entzun zirenetik iragandako hamazazpi urteak gehitu beharko litzaizkioke», gaineratu du.

Ez dago atzera-bueltarik

Etxanobek argi esan du erabakia behin betikoa dela, eta patronatuko hiru kideek —Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Aldundiak eta Guggenheim museoak— aho batez hartu dutela. Espresuki galdetu diote ea azken urteetan patronatukideren batek proiektuaren bideragarritasunaren inguruko zalantzak izan dituen, eta ezetz esan du. Galderaren oinarrian Iñigo Urkullu lehendakari ohiak goizean ulertzera emanikoa zegoen, haren hitzetan interpreta zitekeelako Jaurlaritzak bazituela zalantzak hausnarketa prozesua hasi aurretik.

Bengoetxea mintzatu da Jaurlaritzaren izenean, eta beste tonu bat erabili du. Bi urteko prozesuaren ondorioak azaldu ditu, eta atzera egin izana «ebidentzian» eta «konpromiso publikoan» oinarritzen dela zehaztu: «Epe labur eta ertainera bideragarria izateko baldintzak betetzen ez direlako hartu dugu erabakia».

Guggenheim museoko patronukideak
Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusia, Miren Arzalluz Guggenheim museoko zuzendaria eta Ibone Bengoetxea Kultura sailburua. M.M.T. / FOKU

Kultura sailburuak hausnarketa prozesu horretan Busturialdeko herritarren artean eginiko «entzuketa prozesua» ere aipatu du atzera egiteko argudioen artean: «Prozesu hori ez da amaitu oraindik, baina jabetu gara Guggenheim museoaren aurkako arbuioa mahai gainean dagoela». Hala ere, etorkizunera begira mezu baikorra bidali nahi izan du: «Entzuketa prozesu horrek ezinegon ugari azaleratu ditu. Ezezkoaz haratago, eskualdearen garapenari emaniko baiezkoa dago».

«Entzuketa prozesua ez da amaitu oraindik, baina jabetu gara Guggenheim museoaren aurkako arbuioa mahai gainean dagoela»

IBONE BENGOETXEA Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburua

Eta museoak zer dio? Urtebete baino gutxiago da Miren Arzalluz Guggenheim museoko zuzendari izendatu zutenetik, eta kargura heltzerako mahai gainean zuen Urdaibaiko proiektuaren buruhaustea. Agerraldian agerikoa izan da ez duela ur handitan sartu nahi izan. Hori bai, aurreratu du egunotan 2027-2030 plan estrategikoa garatzen ari direla, eta museoa nola hedatu aztertzen. Nahiko argi iradoki du ez zela ari hedatze fisiko baten inguruan: «Ez dugu metro koadrotan zenbatu behar, proiektuetan baizik, eta ikusi behar dugu zein forma hartzen duten».

40 miloi euro airean

Eskualdeari lotuta, Etxanoberi galdetu diote ea zer gertatuko den Espainiako Gobernuak museoa garatzen hasteko jarritako 40 milioi euroekin. Ahaldun nagusiak iragarri du negoziazioak hasiko dituztela diru hori Busturialdean gelditu dadin. Izan ere, zehaztu duenez, ez ziren bakarrik museoarekin zerikusia zuten egitasmoetarako, baizik eta Urdaibai inguruko hainbat lurzoru garbitu eta lehengoratzeko. 

Esperotako erabakia izan arren, erreakzio ugari eragin ditu, gehienak alderdi politikoenak. Pello Otxandiano EH Bilduren Eusko Legebiltzarreko bozeramaileak ospatu egin du; izan ere, haren hitzetan, «zentzua gailendu» da, eta nabarmendu du «errealitatea EAJren gainetik igaro» dela. Halaber, gaineratu du entzuketa prozesuak gehiagotan erabili beharreko lanabesa direla: «Gauzak ezin dira nola edo hala egin. Horrelako egitasmo handiak jendearekin egin behar dira eta erabakietan parte hartzeko modua eman behar zaie».

Alba Garcia Sumar Mugimenduko koordinatzaile nagusiak ere albiste ona dela esan du, eta gizarte zibilaren garaipentzat jo du erabakia. «Gehiengoaren nahia» gailendu izana ospatu du, eta mezu bat bidali die proiektuaren bultzatzaileei: «Sarraskia zela jakin eta hala ere herritarrei jaramonik egin ez zietenek ozen eta argi entzun beharko lukete».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.