LAB Tuteran batzartuko da urriaren 2an, Erriberan egin dituen 40 urteak ospatzeko

Nafarroako ordezkarien biltzarra egingo dute, eta, ondoren, manifestazioa. '1974tik etorkizunera, LAB zabaltzen' erakusketa ikusgai izango da urriaren 1etik 9ra.

(ID_17587073852075) Imanol Karrera eta Ramon Lacalzada
Imanol Pascual eta Ramon Lacalzada, gaur, Iruñeko LABen egoitzan. LAB
joxerra senar
2025eko irailaren 24a
11:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

LABek aurten 40 urte beteko ditu Tuteran egoitza ireki eta bertako langile mugimenduaren baldintzen aldeko borrokan hasi zenetik. Urteurren hori oso gogoan izan dute, eta, hala, urriaren 2an Erriberan egingo dute Nafarroako ordezkarien biltzarra. Ondoren, manifestazioa egingo dute Tuteran barna. Ramon Lacalzada Erriberako koordinatzaileak gogora ekarri duenez, azken kongresuan arrazakeriaren aurkako sindikatu bihurtzeko bideari ekin zion, eta, gaur egun, LAB «langile migratuentzat erreferentziazko sindikatua» da Erriberan.

Horren berri emateko eta urte politiko berrirako dituzten lehentasunak zein diren azaltzeko prentsaurrekoa egin dute Imanol Karrera Nafarroako koordinatzaileak eta Lacalzadak berak. 

Otsailaren 4tik 20ra, Nafarroako Parlamentuan ikusgai egon da 1974tik etorkizunera, LAB zabaltzen erakusketa. «Izan duen arrakastaren aurrean», Tuterara eramango dute edukia. Rua gizarte etxean izango da, urriaren 1etik 9ra. «Erakusketak LABek Erriberan dituen sustrai sakonak, enbor sendoa eta zabaltzen ari diren adarrak islatuko ditu», azaldu du Lacalzadak. Azkenik, urriaren 10ean, 19:00etan, Muga guztien gainetik, borroka sindikalerako aliantza internazionalistak hitzaldia izango da Lestonnac gizarte etxean, Tuteran bertan.

Nafarroara begira

Irailaren hasieran Bilbon egin bezala, hurrengo hilabeteei begirako gida lerro nagusiak azaldu ditu Karrerak. Haren ustez, nazioarteko merkataritza gatazkek eta gerrek ez dute urrats bat izan behar Nafarroako langileen lan eta bizi baldintzen prekarizazioan. «Bestela esanda, ziurgabetasunaren izenean ez dira kapitalaren interesak nagusitu behar», zehaztu du. Hala, Nafarroako Gobernuari eskatu dio ez dezala dena enpresa ekimenaren esku utzi eta industria politika berreskuratu dezala, «enplegua erdigunean jarriz».

Dena den, Karrera kritiko azaldu da Nafarroako Gobernuarekin. Batetik, uste du irmotasuna falta zaiola funtzio publikoko negoziazioetan hitzez esaten dutena aurrera eramateko. «Kontseilarietako batzuek sobran dute harrokeria, eta ez dute borondaterik langileen bidezko aldarrikapenei erantzungo dieten akordioak lortzeko». Batik bat hezkuntzako eta osasungintzako egoerarekin azaldu du kezka.

Bestalde, irmo gaitzetsi du gobernuak CEN patronalaren eta CCOO eta UGT sindikatuen interesak defendatzeko «jarrera alderdikoia» hartu duela gutxieneko soldata propioaren eztabaidan: «Nafarroako langileek premiaz behar dute gutxieneko soldata bat, gure errealitate sozioekonomikoarekin bat etorriko dena», azpimarratu du. Azken hilabeteetan behin eta berriz salatu du LABek hiru erakundeok uko egin dietela gutxieneko soldataz hitz egiteko bilerei, eta horren aurrean haiekin lerratzea leporatu dio gobernuari. Parlamentuan, berriz, gutxieneko soldata propioaren aldeko herri ekinaldi legegileari bidea itxi zitzaion hasieratik. 

Horrekin batera, LABek salatu du «lanaren eta kapitalaren arteko aldea» handitzen ari dela, eta horren aurrean «zerga sistema bidezkoagoa» aldarrikatu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.