Zerga bilketa aldetik oso gaizki bukatu zen 2011. urtea Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, aurreikusi baino mila milioi euro gutxiago bildu zirelako. 2012a ere ez da ongi hasi. Eusko Jaurlaritzako Ogasun Sailaren datuen arabera, 2.540 milioi euro jaso dituzte ogasunek urtarriletik martxora bitarte, iaz tarte horretan baino %1,48 gutxiago.
Lehen hiruhilekoaren bilketaren datuei garrantzia kendu nahi izaten diete aldundiek, urtearen joanean aldaketak gertatu ohi direlako eta ordainketa inportante batzuk geroago egiten direlako. Baina iaz ere pattal hasi zuten urtea, eta hilabeteek aurrera egin ahala egoerak ez zuen hobera egin. Urtearen lehen erdian ekonomiak atzera egingo duela esan du Jaurlaritzak, eta urte amaierarako iritsiko omen dira hobetze zantzuak. Baina langabezia gutxitzea ez du inork espero, eta horrela oso zaila izango da kontsumoa igotzea eta horren bidez BEZaren bidez gehiago biltzea. Zerga hori izan da, hain zuzen ere, urtarriletik martxora bitarte gehien jaitsi direnetako bat: %10,7.
Murrizketa gehiago?
Aurtengo aurrekontuak diru gehiago izango zutela pentsatzen egin zituzten Eusko Jaurlaritzak eta hiru aldundiek, hori da larriena. Iazko urrian egindako Finantzen Euskal Kontseiluaren bileran aurreikusi zuten aurten 12.117 milioi euro jasoko zituztela zergetan, hots, orduan 2011rako espero zuten (11.690 milioi) baino %3,6 gehiago. Iragarpen horrek, ordea, huts egin zuen, urtearen amaieran 11.480 milioi sartu zirelako aldundien kutxetan. Hortaz, prebisioak betetzeko, %5,5 handitu beharko da aurten bilketa: 637 milioi gehiago. Baina urte amaieran oraingo jaitsiera erritmoak jarraitzen badu, 170 milioi gutxiago jasoko dituzte: 800 milioi euroko zuloa, alegia.
Ikusita Espainiako Gobernuak nekez onartuko duela defizita handitzea —BPGaren %1,5eko muga jarri die Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari—, gastua murrizteko beste aukerarik ez dute izango erakundeek.
Herrialde batetik bestera aldaketa nabariak daude. Bizkaiak 1.585,6 milioi bildu ditu (-%0,2), 653,4 milioi Gipuzkoak (-%0,91)eta 301,7 milioi Arabak (-%6,96).
Errenta zergak eman die aldundiei diru gehien: 1.221 milioi, iaz baino %0,8 gehiago. Atxikipenak handitu direla kontuan izanda, hazkunde txiki horrek erakusten du enplegua gutxitu egin dela. Bilakaera hobea eduki du beste zerga zuzen nagusiak, enpresek pagatzen duten sozietate zergak:%25,6 handitu da bilketa, eta 71 milioi jaso dituzte. Iazko jaitsiera handiaren arrazoietako bat enpresei onartutako ordainketa atzerapenak direnez, pentsatzekoa da aurtengo lehen hiru hilabeteotan zorra pagatzera bultzatu dituztela hainbat konpainia.
Igartzen da kontsumoaren jaitsiera zerga berezietan ere. %13 jaitsi da alkoholaren gaineko zergaren bidez jasotakoa, %5,3 garagardoarena, %5,6 erregaiena. Tabakoaren gaineko tasak soilik eman du diru gehiago (%21,3), zerga hori igo egin zuelako Espainiako Gobernuak.
Defizita gora Espainian
Espainian ere urtea ez dute ongi hasi. Ogasun Ministerioak atzo zabaldutako datuen arabera, jaso baino 19.696 milioi euro gehiago gastatu ditu estatuak. Barne produktu gordinaren zenbatekoa den azaltzeko orduan, bi datu oso desberdin eman ditu Ogasun Ministerioak. Kontabilitate Nazionalaren arabera, defizita %1,85ekoa da, hau da, iazko urtarriletik martxora bitarte baino %73 gehiago. Hala ere, Cristobal Montoro ministroak azaldu du iazko defizita orduan esandakoa baino handiagoa zela, zenbatzeko irizpideak aldatu direlako. Irizpide berberekin %0,83ko defizita du. «Esperotakoa».
Erruduna aurkitzeko orduan, berriz, mezu bakarra zabaldu du: autonomia erkidegoen errua da. Montorok azaldu du defizita autonomia erkidegoei egin dizkien transferentzia handiagoei esker handitu dela. Gainera, aurtengo aurrekontuak defendatzen ari zela, ministroak esan zuen Espainiak nazioartean sortzen dituen zalantzak ere erkidegoek eragindakoak direla.
Urtarriletik martxora aldundiek %1,48 gutxiago jaso dute zergetan
Jaurlaritzak eta diputazioek 800 milioiko zuloa izango dute oraingo bilketa erritmoak jarraituz gero
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu