Enpresa askorentzat gogorra izaten ari da koronabirusak eragindako itxialdi luzearen ondorena, jarduera hasi bai baina eskaerarik ez direlako jasotzen ari, eta horrek isla zehatza izango du urte amaierako emaitzetan, eta, birusaren eboluzioaren arabera, baita aurrera begirakoetan ere. Etorkizun hurbil horri kezkaz begiratzen diote Mondragon Korporazioan ere. Kolpea ahalik eta arinena izan dadin, eta datozen lau urteetarako estrategia marrazteko, urteko batzarra egin dute asteazken honetan.
Koronabirusak baldintzatutako egoera dela eta, Fagor Etxetresnen gatazkaren osteko kongresurik zailena izan dute; dena den, horra begira egindako bi txostenak zuzenketarik gabe itzuli zituzten kooperatibistek, eta osoko bilkurara joandakoek onartu egin zituzten, taldeak komunikabideetara bidalitako ohar laburrean azpimarratu duenez.
Batzarrera 650 konpromisario zeuden deituta, eta haietako batzuek modu telematikoan parte hartu dute. Han izan da korporazioko presidente Iñigo Uzin ere. Hitzaldian, egungo krisi ekonomikoa izan du mintzagai. Haren ustez, horren eraginak ez dezan luze jo, ezinbestekoa izango da azkar erreakzionatzea eta, horretarako, taldeak merkatuan duen posizioa zaintzea, aldaketa sakonak datozelako; haren iritzian, gakoa izango da «lehiakorrak eta malguak» izatea.
«Aldaketa gero eta bizkorragoa da, eta horrek esan nahi du mehatxuak eta aukerak egongo direla gure kooperatibentzat. Abantailak lortzeko eta noraezean ibili nahi ez badugu, hainbat olatu hartu beharko ditugu: klima aldaketarena, ikerketa eta garapenarena, digitalizazioarena, eta beste batzuk», azpimarratu du Uzinek.
Lehen seihileko zaila izan du talde osoak, baina, bereziki, industriaren adarrak. Krisiaren lehen kolpea urte hasieran jaso zuten, Txinan, han dituen 27 produkzio plantetan, eta gero horren eragina mundu osoko 41 herrialdetan dituztenetara hedatu zen.
Jarduera berreskuratzen hasiak dira; ekainaren amaieran, %75ean zeuden jada, baina eskariak ez dira nahi edo behar beste sartzen. Taldeko adar horrek inoizko urterik oparoena izan zuen iaz, salmentei dagokionez behintzat, eta pandemia kolpetik aldatu ditu aurtengo aurreikuspenak.
Basamortuko bidaia
Ekain amaieran BERRIAk eginiko elkarrizketa batean, Uzinek aitortu zuen hainbat kooperatibatan likidezia arazok dituztela eta neurriak hartzen hasiak direla; azpimarratu zuen balantzeak orekatzeko gastuak murrizten ari direla, besteak beste, soldatak jaitsiz, baita %13 ere kasu batzuetan: «Hartu behar ziren lekuetan erabaki gogorrak hartu dituzte batzuek», adierazi zuen Uzinek, eta ohartarazi egoera okerragoa izan daitekeela. «Basamortu bat igarotzen ari gara, eta batzuk bidean gera litezke».
Haren ustez, birusak duen eboluzioaren eta instituzioen laguntzen araberakoa izango da susperraldia, eta Europako goi agintariek asteon lortu duten akordioan jarri zituen «esperantzak».
Danobaten apustua
Taldeak aurrera eraman nahi duen estrategiaren adibide izan daiteke Danobatgroupek asteazken honetan jakinarazi duen mugimendua. Makina erreminta sektoreko kooperatibak —Mondragon Korporaziokoa— 2,8 milioi euroko inbertsioa egin du Herrialde Katalanetako BCN3D startup-ean. Hiru dimentsioetako inprimagailuak ekoizten ditu, besteak beste, autogintzaren eta aeronautikaren sektoreetan erabiltzeko; bezeroen artean dituzte NASA, BMW eta Siemens.