Urteko lehen seihilekoan, Eusko Jaurlaritzak bere zorra handitzen segitu du; Nafarroako Gobernuak, aldiz, murriztu egin du. Espainiako Bankuaren datuen arabera, 11.679 milioi eurokoa da Jaurlaritzarena, iazko ekainean baino 943 milioi euro handiagoa (+%8,8). Zor publikoak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako BPGaren %11,7 hartzen du, duela urtebete baino hiru hamarren gehiago.
Nafarroako Gobernuak, berriz, 2.446 milioi euroko zorra zuen ekainaren amaieran, urte hasieran baino 201 milioi gutxiago. BPGarekin alderatuta ere nabarmen egin du behera: %10etik %8,4ra urtebetean.
Eusko Jaurlaritzaren zorraren igoeraren zatirik handiena ez dago eguneroko gastuari lotuta, inbertsioari baizik. Imanol Pradalesen gobernuak Euskal Finantza Aliantzaren bidez industria bultzatzeko 1.000 milioi euro mobilizatzea aurreikusi du, eta horretarako zorpetze gehigarria baimendu du. Helburua da diru publiko horrekin kapital pribatu gehiago erakartzea, 4.000 milioi euroraino. Egitasmo horren barruan daude Talgo eta Ayesa IT erosteko osatutako partzuergoak, enpresa horien jabetza eta kontrola Euskal Herriratzea helburu dutenak.
Dena den, Jaurlaritzaren zorraren handitzea urrun dago oraindik pandemiako mailetatik. 2020an BPGaren %16,2ko pisua hartu zuen; ondorengo urteetan, ekonomiaren hazkundearen laguntzaz, ratio hori nabarmen apaldu zen. Gaur egun, azken hamabost urteetako mailarik apalenetako batean dago. Nafarroako zorra ere 2020an iritsi zen gorenera, BPGaren %18,9ra. Ordutik, ia erdira murriztu da ratioa.
Enpresa publikoena, egonkor
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiek, bestalde, zorra ia egonkor mantendu dute 2026ko lehen seihilekoan. Espainiako Bankuak hiru erakundeen datuak batera ematen ditu, eta, haren arabera, ekainean 3.000 milioi eurokoa zen haien zorra, iazko ekainean baino hiru milioi txikiagoa.
Administrazioen zorraz gain, enpresa publikoena ere jasotzen du Espainiako Bankuaren txostenak. Kasu horretan, EAEren eta Nafarroaren bilakaera desberdina izan da. Eusko Jaurlaritzaren mendeko erakundeek 67 milioi euro zor dituzte, iazko ekainean baino sei milioi gutxiago. Nafarroako Gobernuaren esku daudenek, berriz, 56 milioi euro dituzte zorretan, duela urtebete bezala.
BONUAK ALA MAILEGUAK
Desberdintasun nabarmena dago Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren zorren artean ere, nori zor dioten begiratuta. Jaurlaritzaren zor gehiena bonuen erosleen esku dago: 8.638 milioi euro, zorraren %74. Bankuei eta gainerako finantza erakundeei, berriz, 3.040 milioi euro inguru zor dizkie, guztizkoaren %26.Â
Nafarroako Gobernuaren kasuan, aldiz, banaketa alderantzizkoa da. 1.537 milioi euroko zorra du maileguetan (%63), eta horietatik 1.218 milioi finantza erakundeei dagozkie. Zor bonuetan, berriz, 909 milioi euro ditu (%37). Horrez gain, 250 milioi euroko zorra du elkarte publiko-pribatuek emandako finantzaketarekin lotuta; Jaurlaritzak ez du halako zorrik sailkatua.