Hego Euskal Herriko kanpo merkataritzak norabide kontrajarriak hartu ditu 2026ko lehen seihilekoan. Eustat eta Nastat estatistika erakundeen arabera, esportazioak %0,8 jaitsi dira, eta inportazioak, berriz, %11,9 handitu. Ondorioz, esportazioen eta inportazioen arteko tartea nabarmen estutu da: erdira murriztu da superabita.
Guztira, 20.685 milioi euroko ondasunak esportatu dira urtarriletik ekainera, iazko epe berean baino 165 milioi gutxiago. Inportazioak, aldiz, 18.816 milioi eurora iritsi dira, 2.005 milioi euro gehiago.
Esportazioen bilakaeran alde handia dago lurraldeen artean. Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak %0,6 handitu dituzte, 15.810 milioi euroraino; bereziki, Bilboko portuak eta han kokatutako findegien kanpo salmentek bultzatuta. Nafarroaren kasuan, berriz, %5 jaitsi dira, 4.875 milioiraino. Inportazioetan ere kontrastea nabarmena da: EAEkoak %14,6 handitu dira, 15.591 milioiraino, eta Nafarroakoak %0,5 baino ez, 3.225 milioiraino.
Energia, motorra
Emaitza bereziki esanguratsua da ekaineko datua kontuan hartuta. EAEko esportazioak %7,4 handitu ziren udako lehen hilabetean, baina lehenengo sei hilabeteetan igoera %0,6koa baino ez da izan. Hau da, azken hilabeteko bultzada ez da nahikoa izan urte hasierako ahultasuna orekatzeko.
2.169Zenbat gutxitu den superabita, milioi eurotan. Euskal Herria herrialde esportatzailea da, gehiago saltzen du kanpoan inportatzen duena baino, baina marjina hori txikitzen ari da. Hego Euskal Herriak 4.038,5 milioi euroko superabita izan zuen 2025eko lehen seihilekoan. Aurten, 1.869 milioikoa da. Hau da, urtebetean 2.169 milioi euro murriztu da kanpo merkataritzako saldo positiboa, %54 inguru.
Beste behin ere esportazioetan pisu handia izan dute erregaiek. Hori Bizkaiko datuetan islatzen da: ekainean %29,9 handitu ziren oro har, eta petrolio finduenak %135. Lehen seihileko osoari erreparatuta, petrolio finduen kanpo salmentak %39 handitu dira EAEn.
Aldiz, industriaren beste arlo nagusi batzuetan beherakadak izan dira. Autoen esportazioen balioa, esaterako, %3,8 jaitsi da lehen sei hilabeteetan. Autoen zati eta osagarrienak %8 egin du behera, eta zamak garraiatzeko ibilgailuenak %4,5.
Are deigarriagoa da trenen sektorearen emaitza, azken urteetan emaitza oso onak pilatu baititu. Bidaiarientzako trenen esportazioen atala %40 murriztu da. Aldiz, autobusenak %51eko igoera izan du.
Beste arlo batzuek, aldiz, gorakada handiak izan dituzte, aurreko urtean ahul aritu ondoren. Altzairuzko egituren esportazioen balioa %146 handitu da, kableena %79, kobre findu gabeena %58, transformadoreena %32, aluminiozko xafla eta bandena %39, eta turbinena %17.
Nafarroan, autogintza sendo
Nafarroako esportazioen %5eko beherakadaren atzean ere badago ñabardurarik. Lurraldeko sektore esportatzaile nagusiak, autogintzak, eutsi egin dio jarduerari, nahiko apal izan bada ere. Hamar pertsonatik beherako ibilgailuen esportazioen balioa %1 handitu da, eta autoen zati eta osagarrien salmentena %4.
Bi partida horiek bakarrik Nafarroako kanpo salmenten %40 inguru dira. Horregatik, autogintza alde batera utzita, gainerako esportazioen balioa %7 jaitsi da.
Inportazioetan, berriz, oso bestelakoa izan da bilakaera. EAEkoen balioa oro har %15 handitu da, eta energia produktuek %38ko igoera izan dute, eta inportazio guztien hazkundearen %58 hartu dute. Bigarren hiruhilekoan are handiagoa izan da energia fakturaren gorakada: energia eta mineralen inportazioak %85 handitu dira. Makina eta aparatuen inportazioak %16 igo dira, produktu kimikoenak %19, eta koipe eta olioenak %32.
Nafarroan, berriz, hazkundea askoz apalagoa izan da: %0,5ekoa. Autoen zati eta osagarrien inportazioak %1 handitu dira.
AEB-ETARA GUTXIAGO, EUROPARA GEHIAGO
EAEtik AEBetara egindako esportazioen balioa %3,3 inguru jaitsi da urteko lehen seihilekoan, eta orain %6ko pisua dute hara egindako bidalketek. Nafarroan are handiagoa izan da jaitsiera, %30ekoa, eta %4ko pisua dute.
Bestalde, Europako merkatuak susperraldi sintomak agertu ditu. Frantzia izan da EAEko esportazioen helmuga nagusia: esportazio guztien %15,5 jaso ditu, Alemaniak baino zertxobait gehiago (%15,2). Urteko lehen seihilekoan Frantziara egindako salmenten balioa %4,5 inguru handitu da, eta Alemaniara egindakoa, %2,4.
Nafarroan, berriz, Europako Batasunera bideratutako esportazioen balioa %3 murriztu da. Alemania da salbuespen nagusia, Nafarroatik %10 gehiago esportatu baita hara. Frantziara, aldiz, %8 gutxiago. Alemaniak eta Frantziak Nafarroako esportazioen %38 hartzen dute.