Uvescoko inbertitzaile berriek azpimarratu dute epe luzerako proiektua dela berena

Datozen lau urteetan 200 milioi euro inbertitu nahi ditu taldeak, baita beste ehun denda ireki eta mila lanpostu sortu ere. Madrilen irekiko ditu saltoki gehienak; beste kateren bat erostea baztertu du.

Maria Jose Aduriz Uvesco taldeko presidentea eta Angel Jareño zuzendari nagusia, Donostian egindako agerraldian. GORKA RUBIO / FOKU
Maria Jose Aduriz Uvesco taldeko presidentea eta Angel Jareño zuzendari nagusia, Donostian egindako agerraldian. GORKA RUBIO / FOKU
jokin sagarzazu
Donostia
2026ko maiatzaren 26a
13:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Irudi berria du Uvesco taldeak —BM eta Super Amara saltokiak—: «Are gertukoagoa», konpainiaren jabe berriek azpimarratu dutenez. Uvescok «aro berria» hasi zuen iazko abenduan, Frantziako PAI Partners funtsak lau urte lehenago erosi zuen %70eko partaidetza euskal inbertitzaileen esku geratu ostean. Operazioa, zorra barne, 730 milioi eurokoa izan zen, eta Angel Jareño kontseilari ordezkariak gidatu zuen, Uvesco sortu zuen Irungo (Gipuzkoa) Fernandez de Barrena familiaren izenean. Haiekin batera sartu ziren Stellum Capital arrisku kapitaleko sozietatea —Artizarra fundazioarekin lotua—, Inveready funtsa eta Indar Kartera, Kutxabanken inbertsio tresna.

Inbertitzaile aldaketaren osteko lehen emaitza aurkezpenean, zuzendaritzak argi utzi nahi izan du haiek ez direla «epe motzeko irabazi azkarren logikan» mugituko. «Gure begirada zeharo ezberdina da; luzerako begirada daukagu», adierazi du Maria Jose Aduriz presidenteak. Antzeko mezua eman du Jareñok ere: «Iraungitze datarik gabeko proiektua da hau. Inbertitzaile berriak ez dira epe motzean emaitza ikusgarriak lortu eta alde egiteko sartu». Haren arabera, enpresa kudeatzen dutenek kide berriei jarri zieten «baldintza nagusia eta ia bakarra» izan zen hori.

Iaz, taldeak 1.270 milioi euroko salmentak izan zituen, BEZa kenduta. Aurreko urtearekin alderatuta, %7,1 handitu ziren, Jareñok azaldu duenez. Datozen lau urteetan erritmo horri eutsi nahi diotela azaldu du. Irabazien eta zorraren inguruko daturik ez du eman, ordea; ez dute ohiturarik, eta, burtsan kotizatzen ez dutenez, ez dute zertan publiko egin.

Zuzendari berria alboan zuela aurkeztu du Jareñok 2026-2029ko aldirako plan estrategikoa. Azaldu du epe horretan taldeak 200 milioi euro inbertitu nahi dituela, baita ehun supermerkatu ireki eta mila lanpostu sortu ere.

Azken urteetako joerari jarraituz, bereziki Madrilen hazten jarraitu nahi dute: saltoki berrien erdiak inguru han irekiko dituzte, eta gainerakoak «jatorrizko eremuan»: Hego Euskal Herrian eta Kantabrian (Espainia).

 

13

Zenbat saltoki ireki zituzten iaz. Iaz hamahiru establezimendu ireki zituzten: zortzi denda propio eta bost frankizia. Nafarroan, Bizkaian eta Madrilgo erkidegoan ireki zituzten gehienak. Aurten, berriz, hemeretzi establezimendu irekitzea aurreikusi dute; horietatik lau martxan dira jada. Zehazki, establezimendu bat ireki zuten Nafarroan (Mutiloan), bi denda berri ireki eta beste bat berritu zuten Bizkaian (Lemoa, Mungia eta Santurtzi), eta bost ireki zituzten Madrilen. Horiez gain, bost frankizia ireki zituzten Gipuzkoako, Bizkaiko, Nafarroako eta Kantabriako hainbat udalerritan. Denera, 40,6 milioi euroko inbertsioa egin dute. 2029ra arte 100 denda berri irekitzea aurreikusten du Uvescok, eta, Jareñok zehaztu duenez, «erdiak baino pixka bat gehiago» frankiziak izango dira.

Hazkunde «koherentea»

Taldeak «oraingoz» baztertu egin du beste supermerkatu kate batzuk erosteko aukera. «Gure hazkunde plana ez dago horretan oinarrituta, baina, beti bezala, adi egongo gara aukeraren bat sortuko balitz ere». Jareñok azaldu du sektorean kontzentrazio prozesuak bizkortzen ari direla, irabazi marjinak gero eta estuagoak direlako eta lehia «basatia» delako.

SUPERMERKATUA
Emakume bat, BM supermerkatu batean fruta hartzen. ANDONI CANELLADA / FOKU 

Ziurgabetasuna handia izan arren, taldeko zuzendariak azpimarratu du lantaldea handitu zutela iaz ere, 290 langile gehiago hartuta, eta gaur egun 7.500 behargin baino gehiago dituztela. 2029an gaur egun baino 1.000 langile gehiago izatea aurreikusten dute. Jareñok enpresak eskaintzen dituen lan baldintzak azpimarratu ditu. «Horren erakusgarri da gurekin hasten direnetako askok gurekin amaitzen dutela beren lan bizitza». Eta beharginen prestakuntzan egindako inbertsioa ere nabarmendu du: 6,8 milioi euro iaz.

Baina datozen urteetan teknologiara —adimen artifizialarekin loturiko tresnetara—, logistikara eta jasangarritasunera bideratuko dute inbertsioaren zatirik handiena. Jareñok nabarmendu duenez, operazioen eraginkortasuna handitu nahi dute hala, eta horrek prezioetan izango du eragina, «bezeroen mesederako».

%2

Zenbateko kuota duten online salmentek. Uvesco taldean Internet bidezko salmentek %2ko kuota dute gaur egun, baina «goranzko joera» dute: iaz %14,5 handitu ziren. Hala ere, lurralde batetik bestera alde handiak daudela nabarmendu du Jareñok: «Madrilen pisu handiagoa du beste lurralde batzuetan baino».

Marka zuriaren inguruan ere hitz egin du Jareñok. Nabarmendu du sektorean gero eta pisu handiagoa dutela produktu horiek. Uvescoren katalogoaren %17 inguru dira marka propiokoak, eta datozen hiru edo lau urteetan %20ra iristea espero dute. Hala ere, nabarmendu du ez diotela beste banaketa kate batzuek hartu duten bide berari jarraitu nahi. «Guk markak, kalitatezko produktua eta produktu freskoa lehenesten ditugu».

Hain justu, konpainiaren estrategiaren ardatzetako bat produktu freskoa da. Gaur egun, salmenten %43 dira halako produktuak. Tokiko hornitzaileen sarean ere indarra egiten jarraitu nahi dute: iaz 263 milioi euroren erosketak egin zizkieten gertuko ekoizleei eta bertako 490 hornitzaileri. «Horietako askok hogei urte baino gehiago daramatzate gurekin lanean».

Jasangarritasunaren arloan ere mezu baikorra zabaldu nahi izan du taldeak. Elikagai xahuketaren aurkako programen bidez, 980 tona produktu eman zizkieten iaz elikagai bankuei eta gizarte erakundeei. Gaur egun merkaturatzen dituen ontzien eta materialen erdia baino gehiago birziklatua dela ere nabarmendu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA