Oraindik ere zereal guztia bildu ez badute ere, Intia sozietate publikoak aurtengo kanpainaren nondik norakoak laburbildu nahi izan ditu gaur, Erriberrin (Nafarroa). «Uzta ona izan da, baina ez ekainean espero genuen bezain ona», azaldu du Natalia Bellostas Intiako zuzendariak. Izan ere, bilketa hastear zela, berriz ere iazko marka historikoa lortzeko bidean zeuden Nafarroako nekazariak, baina uztailean bero handirik egin ez duenez, azkenean 880.000 tona bildu dituzte, iaz baino %6 gutxiago. Azken lau hamarkadetan, uztaren erregistroak gordetzen direnetik, laugarren uztarik hoberena izan da.
Jesus Goñi Intiako esperimentazio arloko koordinatzailearen arabera, iaz oso uzta ona bildu izanak eta aurtengo uzta hasi aurreko baikortasunak sentipen «gazi-gozoa» utzi du, baina «oso uzta ona izan da». Dena den, diferentzia handiak egon dira zona batetik bestera, baldintza klimatologikoen ondorioz.
Oro har, kanpainaren hiru sasoi nagusiak —udazkena, negua eta udaberria— ohi baino hezeagoak izan dira; neguan, berriz, ohi baino beroago egin du. Gainera, euri ugari eta jarraian egin du, eta horrek nabarmen baldintzatu ditu laborariak, bai udazkenean ereiteko garaian, bai eta gainerako hilabeteetan ere —gaixotasunak, intsektuak eta belar txarrak kontrolatzeko orduan—. «Prezipitazioak ugariak izan dira, eta horrek ez du utzi zorua lehor izaten», azaldu du Juan Jose Caballero Intiako teknikariak.
Haizearen eragina
Baldintza meteorologiko horiek Nafarroaren luze-zabal osoan izan dira, baina zereala ereiten den iparraldeko eta erdialdeko eremuetan —hala nola Iruñerrian, Pirinioetan eta Lizarraldeko iparraldean— haizearen norabide aldaketak ere eragin handia izan du. Caballoren ustez, eremu horietan ipar haizeak jo ohi du, eta horrek lagundu egin ohi du lurra idortzen; aurten, ordea, hego-mendebaldeko haizea ohikoagoa izan da eta, ondorioz, «lurrak hezetasunari eutsi dio». Hegoaldean, berriz, haizearen norabidea urterokoa izan da.
Lurraren hezetasun maila erabakigarria izan daiteke errendimenduari begira, eta horregatik alde nabarmenak izan dira eremu batetik bestera. Iruñerrian, Zangoza aldean eta Lizarraldeko iparraldean, ohi baino tona gutxiago bildu dituzte hektarea bakoitzeko. Zenbat eta hegoalderago, errendimendua orduan eta handiagoa izan da. Erriberan, kasurako, batezbestekoa baino bi aldiz gehiago bildu dute. Hala, argazki orokorrari erreparatuz gero, hektarea bakoitzeko 5.107 tona gari eta 4.576 tona garagar bildu dira —garagarrari dagokionez, azken hamahiru urteetako daturik hoberena da—.
190.000Zenbat hektarea landu diren. Bilketaren datuei ez ezik, ereindako eremuari eta labore motari ere erreparatu behar zaio. Hala, zerealetan, garia eta garagarra dira jaun eta jabe. Orotara, 190.000 hektarea landu dira, eta horietatik 80.000 hektareatan garia landu da (%42), eta 70.000 hektarea ingurutan, garagarra (%37). Gariaren eremua bi puntu igo da iaztik, eta garagarrak iaz adina hektarea hartu ditu. Gainerako laboreen banaketa honako hau da: oloa (%6), ilarra (%5), koltza (%3), zalkea (%3), baba (%2) eta ekilorea (%2)
Datu guztiok Erriberrin aurkeztu dituzte, eta bertan bildu dira makina bat zereal ekoizle eta kooperatibetako kide. Aurkezpenean, Bellostasek nabarmendu du hiru erronka nagusi dituela sektoreak. Alde batetik, klima aldaketa eta haren eragina. Beste aldetik, egungo Nekazaritza Politika Bateratuak euren jardunean aritzeko baldintzak aldatu dizkie, eta horri hurrengo NPBk (2028-2034) ekarriko duena gehitu behar zaio. «Datozen bi urteak mugitu izango dira», ohartarazi du, haren azken edukia hitzartzeko negoziazioei begira.
Azkenik, Donald Trumpen muga zergek eta Ukrainako gerrak ere lehen sektoreari eragiten diote, eta kostuak nabarmen garestitu dira. Iragan hilabetean, EHNEk salatu zuen zereal bilketaren datu onak ez datozela bat errentagarritasunarekin. Hala, ohartarazi zuen ekoizpen kostuen eta zereal tonaren prezioaren arteko desoreka batez beste 40 euro ingurukoa dela, eta litekeena dela sektoreak 28 milioi euro galtzea horren ondorioz.
Gaurko agerraldian ez dituzte merkatuko prezioak aipatu, baina, Bellostasen ustez, garrantzitsua da zereal ekoizleen erresilientzia, merkatuaren gorabeherei eta klima aldaketari aurre egiteko. Horretarako, Intiak egiten dituen probak baliatzeko eskatu die laborariei eta kooperatibei. «Intiak egiten duen esperimentazioa giltzarri da errentagarritasunari eta erresilientziari begira: laborea kudeatzeko aldaera egokia hautatzeko, lur sailak txandakatzerakoan laboreen dibertsifikazioa bilatzeko, ongarriei eta gaixotasunei aurre egiteko, betiere araudien barruan eta zentzuz erabiliz».
Intiak landutako esperimentuen datuak aurkeztu ditu gaur Jesus Goñi esperimentazio arloko zuzendariak, Erriberrin. Orotara, 243 esperimentu egin zituzten iragan urtean, eta horietan 46 labore motarekin egin zuten lan. Guztira, 2.950 aldaera ikertu zituzten, eta 75.650 datu aztertu. Goñiren arabera, esperimentu horiek guztiak baliagarriak dira sektorerako informazio baliagarria ateratzeko labore bakoitzaren erresistentziaz, errendimenduaz eta bestelako baldintzez. Ez da soilik baliagarria ohiko laborantzarentzat, esperimentu horietatik %19 nekazaritza ekologikokoak baitira.Intiak 243 esperimentu egin ditu