Aurtengo uztaila ez da salbuespena izan, eta, ohikoa den moduan, datu txarrak izan dira Hego Euskal Herriko lan merkatuan. Ekainean baino 1.912 lagun gehiago daude langabe gisa erregistratuta Lanbideko eta Nafar Lansareko bulegoetan. Aurreko uztailarekin alderatuz gero, ordea, balantzea positiboa da: 3.875 langabe gutxiago daude.
Bizkaian handitu da gehien langabeen kopurua (+1.110), baina igoera nabarmenak izan dira Gipuzkoan (+520) eta Nafarroan ere (+320). Arabako enplegu bulegoetako erregistroetan, ordea, 30 langile gutxiago azaltzen dira lanik gabe.
Baina aldaketa handiena Gizarte Segurantzako afiliazioetan gertatu da, hau da, lege barruan lanean ari direnen estatistiketan. Ekainean baino 6.384 gutxiago dira. Beherakada handia da, baina urtero gertatzen da, batez ere hezkuntza sektorearen eraginez. Ordezko irakasleak, akademietako langileak, jantokietako beharginak... Halako askoren kontratuak irailetik ekainera artekoak izan ohi dira, eta uztailarekin batera enplegua galtzen dute.
Arazo hori bera izaten dute bezeroak galtzen dituzten beste negozio batzuetako langileek ere, hala nola turismorik gabeko eremuetako ostalaritza langileek eta kirol jarduera batzuetan aritzen direnek.
Jarduera batzuetan izaten den enplegu jaitsiera ikusten da sektorekako datuetan ere. Horrela, zerbitzuetan handitu da gehien langabeen kopurua (+2.083), eta industrian ere gorakada txiki bat izan da (+218). Kontrara, aurretik enplegurik ez zuten 335 lagunek langabe izateari utzi diote. Uler daitekeenez, ostalaritzan eta udari lotutako enpleguetan ari diren gazteak dira horietako batzuk.
Eta zerbitzuetan enpleguak okerrera egiten duen bakoitzean bezala, emakumeak dira kaltetuenak. Horrela, lau langabe berritatik hiru emakumeak dira, eta jada langabe erregistratuen %59,2 dira. Edonola ere, egia da biztanleria aktiboen inkestek ez dutela sexuen arteko hainbeste alderik erakusten. Are gehiago, urteko bigarren hiruhilekoko INEren inkestak dio gizonen langabezia tasa handiagoa dela (%7,9) emakumeena baino (%6,6).
%53,8Zenbat langabek ez duten saririk. Lan merkatuko datuen ifrentzuan bada maiz errepikatzen den kontu bat: bi langiletik batek ez du bere egoerari lotutako konpentsaziorik jasotzen. Ekainekoa da azken datua, eta horretan ikusten da langabeen %31,5ek soilik jasotzen zutela langabezia saria, eta beste %14,4k eskuratu zutela subsidioa. Ezer ez dutenak, berriz, %53,8 dira.
Kontratazioa ere ohi bezala dago. Azken lan erreformak pixka bat murriztu zuen aldi baterako kontratuak egiteko aukera, eta kontratu mugagabeak hiru halakotu egin ziren. Hala ere, gaur egun Hego Euskal Herrian sinatzen diren bost kontratutatik bat bakarrik da mugagabea. Zehazki, aurtengo uztailean %21,68 izan dira. Iazko uztailean baino gehiago dira, Eusko Jaurlaritzak nabarmendu duenez; izan ere, %25 handitu dira bere eremuan egindako aldizkako kontratu finkoak —hilabete batzuetarako lana bermatzen dute kontratu horiek—.
Abuztua, bide beretik
Hasi berri den hilabetean gauzak bide beretik joatea espero da. 1998az geroztik urtero handitu da langabeen kopurua abuztuan, eta, afiliatuei dagokienez, uztaila baino are okerragoa izan ohi da. Horrela, iaz 15.780 kotizatzaile galdu zituen Gizarte Segurantzak hilabete horretan soilik. Uztailekoak batuta, 24.000 enplegu galdu ziren iazko udan. Baina enpleguak bizkor berreskuratu ziren udazkeneko hilabeteetan: irailean eta urrian 26.400 afiliatu gehiago izan ziren.
Urteko balantzea ere positiboa da: 2024ko uztailean baino 16.138 afiliatu gehiago ditu orain Gizarte Segurantzak. Igoera hori, gainera, ez da urte bateko kontua. 2013az geroztik urtero egin du gora landunen kopuruak, 2020an izan ezik —pandemiaren ondorioz—. 2013ko uztailean baino 220.000 afiliatu gehiago ditu Gizarte Segurantzak.