Vicinayko langileek berretsi dute enpresaren proposamena «bidegabea» iruditzen zaiela

Manifestazioa egin dute Sestaon, udalaren inplikazioa eskatzeko. «Egoera hau onartezina bezain ulertezina da».

Vicinayren aldeko pankarta, Sestaoko udaletxean, gaur. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Vicinayren aldeko pankarta, Sestaoko udaletxean, gaur. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
gotzon hermosilla
2026ko azaroaren 13a
14:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Egun hauek oso gogorrak izaten ari dira langileentzat eta haien familientzat». Vicinayko enpresa batzordeko presidente Victor Salinasen hitzek ondo laburbiltzen dute langileen ezinegona. Gaur manifestazioa egin dute Sestaon (Bizkaia), eta datorren astelehenean berriro egingo dute bilera enpresako zuzendaritzarekin, 60 langile kaleratu eta gainerakoei erregulazio espedientea ezartzeko asmoaz eztabaidatzeko.

Joan den astelehenean egin zuten batzordearen eta zuzendaritzaren arteko estreinako bilera. Egunotan, enpresak bilkura hartan emandako dokumentazioa aztertu dute langileek, baina horrek ez du haien iritzia aldatu: segitzen dute pentsatzen enpresaren asmoak «bidegabeak, justifikaziorik gabekoak etab izugarri abusuzkoak» direla. Enpresak jada eman die kaleratu nahi dituen langileen zerrenda, izen-abizenekin.

Langileen iritziz, egoera «onartezina bezain ulertezina» da. Haien ustez, enpresa bideragarria da, langileak fin aritzen dira beharrean, eta azken produktua kalitate handikoa da: «Ezin dugu onartu egoera honen zama langileek soilik ordaintzea, guk ateratzen baitugu ekoizpena aurrera gure ahaleginari esker». Beste norabait jo behar da arazoaren erroa topatzeko, langileen hitzetan: «Egoera hau urte luzez egindako kudeaketa txarraren ondorioa da». Murrizketak egitekotan, egoeraren erantzule direnen artean egitea proposatu dute: «Haien soldata kostuak dira handienak, eta, gainera, haiek ekarri gaituzte egoera honetara».

Manifestazioa lantegitik abiatu da, eta handik Sestaoko udaletxera joan dira manifestariak. Izan ere, udalaren inplikazioa eskatzea zen mobilizazioaren helburuetako bat. Udal ordezkariak manifestariekin egon dira, eta keinu hori eskertu egin dute langile batzordeko kideek. Ondoren, lantegira itzuli da manifestazioa, Sestaoko kaleak zeharkatuta.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA