Ezustekorik gabe hasi da Vicinay Marineko lan erregulazioaren baldintzak zehazteko negoziazio epea. Enpresak bere asmoa berretsi du, eta langile batzordeko kideei esan die ezinbestekoa dela 60 langile kaleratzea enpresaren bideragarritasuna bermatzeko. Langileak, ordea, ez daude ados, eta beste neurri batzuk hartzeko eskatu diote. Hilabete bateko sokatira luzea izango da.
Sestaoko lantegian (Bizkaia) bildu dira zuzendaritza eta batzordea; UGTk, CCOOk eta LABek bina ordezkari dituzte, eta ELAk, ESK-K eta Independenteek bana. Negoziazio epea legeak ezarritako protokolo bat da, eta normalean enpresak agiriak aurkezten ditu lehen bileran, eta bere erabakiaren zertzelada batzuk ematen ditu. Batzordeak, berriz, iragarri du ez duela onartuko erregulazioa.
Erlazionatuta
Vicinayko lehen bilera, dena dela, protokolo hutsa baino gehiago izan da, ia hiru ordu iraun baitu. Zuzendaritzak egin asmo dituen kaleratzeen zerrenda erakutsi dio batzordeari, izen-abizenekin. Horrez gain, enpresak argudiatu du azken urteetan pilaturiko galerengatik eskatu duela lan erregulazioa, eta «behar baino ekoizpen ahalmen handiagoa» duela. Alegia, langile gehiegi dituela epe laburrean duen lan kargarako.
Galerak ez dira oraingoak
Vicinayk itsaso zabalean erabiltzeko kateak ekoizten ditu,eta 128 langile ditu Sestaoko plantan; zuzendaritzak haietako 60 kaleratzeko asmoa du. Erabaki horren atzean dago British Petroleumekin zuen kontratu handi bat galdu duela, Asian Star Anchor Chain bere lehiakidearen mesederako. Vicinayko zuzendaritzak, dena dela, langile batzordeari esan dio kontratu galera hori baino zaharragoak direla enpresaren gaitzak.

Zuzendaritzaren arabera, lantegia ekonomikoki bideraezina da gaur egun duen tamainarekin, eta galerak pilatuz joan da pandemiaz geroztik. Haren azken zenbaki publikoak 2024koak dira, eta 18 milioi euroren galerak izan zituen urte hartan. Gaur egungo jabeak, Damaso Quintana enpresariak, urrian erreskatatu zuen konpainia, diru publiko askoren laguntzaz: Jaurlaritzak 7,5 milioi euro jarri zituen zuzenean, eta 25 milioi Ekarpen funtsaren bitartez —funts horretan, besteak beste, aldundiak eta Kutxabank daude—.
Azalpen horiek, baina, ez dute konbentzitu langile batzordea. Kide guztiek aho batez baztertu dute proposamena. Bileraren aurretik, bi orduko protestaldia egin dute lantegiaren aurrean, eta argi utzi dute beren ustez «inor» ez dagoela sobran Vicinayn. Salatu dute oraingo egoera ez dela haien errua, kudeatzaileena baizik, eta, horrelakoetan ohikoa den bezala, langileek ordainduko dituztela zuzendarien hanka sartzeak.
Enpresak 60 langile kaleratu nahi ditu, eta beste 68ak aldi baterako lan erregulazioan sartu. Erregulazio horrek, gutxienez, 2027ko uztailera arte iraungo luke. Enpresa kontratuak lortzeko beste lehiaketa batzuetara aurkeztuko da hurrengo hilabeteetan, eta haien emaitzen mende dago konpainiaren etorkizuna.
Jaurlaritzari deia
Langileek manifestaziora deitu dute ostiralerako, 08:30ean. Sestaoko kaleetan barrena ibiliko dira 12:00ak arte. Gaur ere protestaldia egin dute lantegiaren aurrean. Hau izan da gehien errepikatutako oihua: «Vicinayn ez dago inor sobran; Eusko Jaurlaritza, inplikazioa». Eusko Jaurlaritzari egotzi diote Vicinayn diru publikoa jarri zuenean ez ziola inolako baldintzarik ezarri jabeari.
Iragan astean Mikel Jauregi Industria sailburuak esan zuen kaleratze kopurua %20ra murrizten saiatuko dela. Ez da arraroa lan erregulazioko negoziazioek aurrera egin hala enpresa kaleratze kopurua murriztuz joatea. Are gehiago, normalean azken bileran egiten dute proposamen hori, sindikatuek maniobra ahalmen gutxiago dutenean. halako kasuak ugariak dira euskal enpresetako lan erregulazioen hemerotekan.
Jauregik, halaber, zehaztu zuen Vicinayren jabeak ezingo duela espekulatu plantako orubearekin. Izan ere, langileek onartu dute haien beldurretako bat dela Quintana enpresak, sartu zenean, gogoa zuela lantegiaren 35.000 metro koadroko lurzorua saltzeko. Vicinay La Naval ontziola zenaren alboan dago. Txekiako VGP multinazionala enpresa parke handi bat eraikitzen ari da bertan, eta haren alboko orubea erakargarria izan daiteke zenbait enpresarentzat; are gehiago, itsasorako irteera zuzena duela kontuan hartuta.