VLE furgoneta elektrikoa ekoizten hasita, «aro berri bati» ekin dio Mercedes-Benzek Gasteizen

Arabako fabrika hasi da jada furgoneta elektriko berria seriean ekoizten; horretan diharduen munduko lehen planta da. Lantegia egokitzeko prozesua «oso azkarra» izan da, eta 1.000 milioi euro inguru inbertitu dituzte horretarako.

VLE furgoneta elektriko berria egiteko instalazioak, Gasteizen. ENDIKA PORTILLO / FOKU
VLE furgoneta elektriko berria egiteko instalazioak, Gasteizen. ENDIKA PORTILLO / FOKU
gotzon hermosilla
Gasteiz
2026ko ekainaren 12a
16:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Made in Vitoria. Horixe dauka matrikulan idatzita Gasteizko Mercedes-Benzeko bulegoen aurrean paratu duten furgoneta berriak, eguzkipean distiratsu. Inguruan, Europa osotik etorritako kazetari, argazkilari eta kamerari sorta handia dago, miretsita. Aurrerantzean, horren moduko asko aterako dira Gasteizko lantegitik. Izan ere, gaur hasi da Mercedes-Benzen Gasteizko planta VLE furgoneta elektriko berria seriean fabrikatzen.

Lantegia egokitzeko prozesua konplikatua izan da, modelo zaharrak, hau da, V, Vito eta eVito ibilgailuak fabrikatzeari utzi gabe egin baitute moldaketa, baina jadanik burutu dute egokitzapena, eta, orain, «aro berri bat» abiatu da Mercedes-Benzen jardueran. Gasteizko planta «munduko aurreratuenetako bat» izango da, mundu osoan ibilgailu berria fabrikatuko duen lehena, eta «Mercedes-Benzen ekoizpen sare globalaren puntu estrategikoa», Alemaniako enpresaren arduradunen hitzetan.

(ID_16174850) (Endika Portillo/@FOKU) 2026-06-12, Gasteiz. Ibilgailu elektrikoak ekoizteko Mercedesen planta berriaren inaugurazioa
Agintariak eta Mercedes-Benzeko arduradunak, modelo berriaren ondoan. ENDIKA PORTILLO / FOKU

Izan ere, eta konpainiak aferari ematen dion garrantziaren erakusgarri, enpresak nazioartean dituen arduradun nagusiak egon dira Gasteizko inaugurazio ekitaldian, Mercedes-Benz Group AGko administrazio kontseiluko presidentea buru zutela, Ola Kallenius suediarra, alegia. Arduradunak «harro» agertu dira Gasteizko lantegiak izan duen aldaketa dela eta. Esan dutenez, bi urte eman dituzte muntatzerako pabiloi bi, ibilgailuak margotzeko erabiliko duten pabiloi bat, azken muntaketarako beste bat eta gainerako azpiegiturak atontzen. Eta prozesua oso azkarra izan da: adibidez, pabiloietako batean egin beharreko moldaketa guztien %80 bost astean egin dituzte.

Mugarri bat enpresaren jardueran

Aro berriak aldaketa handiak ekarriko dizkio Gasteizko lantegiari, baina Mercedes-Benzen jarduera globalean ere mugarri izango da. Mercedes-Benz Vanseko zuzendari Thomas Kleinek esan duenez, «etorkizunaren harroinak» jarri dituzte lantegi berriaren bitartez: «VLE furgonetak beste produktu batzuk ordezkatuko ditu gure ekoizpenean, eta argi dugu etorkizunean hura izango dela gure izarra».

Enpresako Garapen arduradun Andreas Zyganek azaldu ditu produktu berriaren ezaugarri nagusiak. Esan duenez, VLEak «jokatzeko arauak» aldatuko ditu: «Gure asmoa izan da furgoneta batek eskaintzen duen zabaltasuna eta auto partikular baten erosotasuna uztartzea. Gidariak ez du desberdintasunik nabarituko; limusina bat gidatzearen parekoa izango da».

Furgoneta guztiz elektrikoa da, zazpi jesarleku ditu, 700 kilometroko autonomia, eta orduko 100 kilometroko abiaduran dabilenean 34 metro baino ez ditu behar erabat gelditu arte.

Gasteizko lantegiko zuzendari Bernd Krottmayerrek proiektuaren «malgutasuna» nabarmendu du. Malgu jokatu dute lantegian egokitzapenak egitean, prozesua produkzioa gelditu gabe egin baitute, eta malgu jokatu nahi dute aurrerantzean ere. Produktu berria egiteko hirugarren txanda antolatu dute, baina horretan arituko den langile kopurua moldatuz joango dira, beharraren arabera.

«VLE furgonetak beste produktu batzuk ordezkatuko ditu; argi dugu etorkizunean hura izango dela gure izarra»

THOMAS KLEIN Mercedes-Benz Vanseko zuzendaria

Uztailaren 13an hasiko da hirugarren txanda martxan. Mercedes-Benzeko arduradunek ez dute argitu txanda hori osatuko duten langileetatik zenbat izango diren finkoak eta zenbat behin-behinekoak, ezta zenbat ibilgailu ekoiztea espero duten ere —gaur egun, 150.000 ibilgailu egiten dituzte urtean—. Aurreikuspenei dagokienez, «zuhur» jokatu nahi izan dute. Esan duten bakarra izan da espero dutela 2027rako furgoneta elektriko berriaren fabrikazioa «nagusitzea» gainerako ibilgailuen ekoizpenari, eta lantegia egokitzeko jarritako 1.000 milioi euroko inbertsioren «zati handi bat» amortizatzea hamarkada honen amaierarako.

1.400 hornitzaile ditu Mercedes-Benzen Gasteizko fabrikak, mundu osokoak: esaterako, VLE modelo berriak erabiliko dituen bateriak Hungariatik ekarriko dituzte, eta CATL enpresak egingo ditu. Mercedes-Benzen arduradunek ez dute argitu 1.400 hornitzaile horietatik zenbat diren Euskal Herrikoak, baina nabarmendu dute lantegian aritzen diren 5.000 langileez gain, enpresaren jarduerak beste 40.000 langileri eragiten diela Gasteizen eta inguruan. Modelo berria egiten hasita, kopuru hori handituko dela espero dute, jesarlekuak, karrozeriako zenbait pieza eta beste osagai batzuk Gasteizko lantegietan egingo baitituzte. «Guretzat oso garrantzitsua da hurbiltasuna», esan du Krottmayerrek.

Inbertsioak erakartzea

Ekitaldi instituzionalean, Eusko Jaurlaritzako lehendakari Imanol Pradalesek, Espainiako Industria eta Turismo ministro Jordi Hereuk eta Mercedes-Benzeko buru Ola Kalleniusek parte hartu dute, besteak beste. Pradalesek nabarmendu du Mercedes-Benzek oso aldi konplexuan egin duela «apustu» Gasteizko plantaren alde, «egoera geopolitikoak, ekonomiaren moteltzeak eta Txinaren lehia gero eta oldarkorragoak baldintzatuta». Euskal Autonomia Erkidegoak inbertsioak erakartzeko duen gaitasuna goretsi du: «Gure ardura da erakargarriak izatea eta erraldoi globalekin lehiatzea, gauza baikara horretarako. Azeleragailua zapaltzeko ordua da».

100

Behin-behineko zenbat langile bilakatu diren finkoak. Mercedes-Benzeko arduradunek ez dute zehaztu zenbat langile kontratatuko dituzten VLE furgoneta elektriko berria egiteko, baina esan dute behin-behinean zeuden ehun langileri kontratu finkoa eskaini dietela. 5.000 behargin inguru ditu Mercedes-Benzen Gasteizko lantegiak.

Hereuk ere EAEren erakargarritasuna nabarmendu du: «Inork ez du lantegirik oparitzen. Munduko markarik ospetsuenetako batek Gasteiz aukeratu du, eta hori egin du, besteak beste, Espainiako Gobernua alboan izan duelako». Kalleniusek, berriz, esan du fabrika berriak erakusten duela zein den Mercedes-Benzen jokamoldea: «Berrikuntza sustatzen dugu modu azkar batean eta kalitate asmorik handienarekin».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE