Golfean jokatzera joan da gaur Donald Trump Eskoziara, baina baliteke beste mota bateko partida batean garaikur gisa sal dezakeen zerbait eramatea bueltan Washingtonera: Europako Batasunarekin egindako merkataritza akordioa. Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak jakinarazi du bera ere Eskoziara joango dela igandean, Trumpekin bildu eta azken egunotan eskura dirudien ituna behingoz egiteko itxaropenez.
Trumpek berak onartu du ituna ixteko aukera egon badagoela. Etxe Zuria utzi eta hegazkinera zihoala, honako hau esan du: «Esango nuke %50eko aukera daukagula, edo agian txikiagoa, EBrekin akordio bat lortzeko».
Asteazkenean, Bruselako iturriak aipatuz, AEBen eta EBren arteko merkataritza gerra amaiarazi dezakeen ituna praktikoki itxita zegoela kaleratu zuen Financial Times egunkariak, eta soilik Trumpek berak azken oniritzia ematea falta zela. Uztailaren hasieran antzeko ustea zuen Europako Batzordeak, baina AEBetako presidenteak uste horiek zapuztu zituen, eta %30eko muga zerga ezartzeko mehatxua egin zion EBri, abuztuaren 1erako ados jartzen ez baziren.
Iragarpen horrek argi utzi zien Bruselako negoziatzaileei halabeharrez onartu beharko zutela bere produktuek aurrerantzean muga zerga handiagoa ordaindu beharko zutela AEBetan sartzeko, eta zerga hori ahalik eta txikiena izateari eman zioten lehentasuna. %15 da orain gehien aipatzen den datua, hura baita AEBek Japoniarekin lotutakoa. Ikusteko dago, ordea, kopuru hori muga zerga osoa den ala Trump iritsi arteko batez besteko %4,8ko muga zergari batu behar zaion.
Eta ikusteko dago zehazki zer produkturi ezartzen dioten muga zerga hori. Bloomberg-ek dioenez, litekeena da hegazkinek, medikuntzarako tresnek, botika batzuek eta likore batzuek muga zerga txikiagoa izatea, haien beharra dutelako AEBek. EBk, berriz, interes berezia du autoak %15eko muga horretan sartzeko, orain %27,5ekoa ordaintzen baitute.
Eskoziako bilerak huts egiten badu, EBk prest dauka bere erantzuna. Muga zergak handituko dizkie AEBen 93.000 milioi euroren esportazioei —tartean bourbona, oilaskoa, Boeingen hegazkinak, autoak...—. Gainera, lehen aldiz, AEBetako enpresa teknologikoak zigortzeko aukera aipatu du, hertsapenaren aurkako tresnaren bitartez.