Europako Batasunak Japoniaren bidea hartuko du. Ameriketako Estatu Batuen eta Europako Batasunaren arteko negoziazioak oso aurreratuta daude, eta, Financial Times egunkariak aurreratu duenez, AEBek %15eko muga zergak ezarriko dizkiete EBko esportazioei, Asia ekialdeko herrialdearekin egin bezala.
Litekeena da azenarioaren eta makilaren estrategia ondo ateratzea Donald Trumpi, Etxe Zuriko maizterrari. Uztail hasieran elkarrizketak hasi zituen EBko ordezkariekin, eta hilaren 12an gutun bat bidali zuen: mehatxu egin zuen %30eko muga zergak ezarriko zuela baldin eta abuztuaren 1erako ez baziren ados jartzen. Aldi berean, ohartarazi zuen zergak areagotzeko arriskua izango zela EBk tankera bereko neurriak hartuz gero.
Bada, negoziazioek aurrera egin dute, eta ematen du EBko agintariek nahiago dutela merkataritza gerra ez hauspotu. Ontzat jotzen dute Europako produktuek beste herrialdeetako produktuekin alderatuz zuten lehia abantaila galtzea —izan ere, Erresuma Batuak, kasurako, %10eko zerga hitzartu du, eta litekeena da EBk %15ekoa adostea—.
Dena den, akordioa gauzatzeko dago, eta, oraindik letra txikiaren berri zabaldu ez bada ere, baliteke gauzak antzera geratzea. Izan ere, Trump Etxe Zurira iritsi aurretik, AEBek batez beste %4,8ko muga zergak ezartzen zizkieten EBko produktuei. Hala, apirilean, Europako esportazioei %10eko zergak ezarri zizkienean, %4,8 horri gehitu zion. Oraingo akordioan, baina, ehuneko hori ez litzateke kontuan hartuko.
Igoera oso txikia litzateke, beraz, apirileko egoerarekin alderatuta, baina handia Trump iritsi aurrekoarekin konparatuz gero. Haatik, autogintzaren egoera hobetzeko aukera dago, gaur egun %27ko zergak ordaintzen baitituzte. Alemaniak, kasurako, begi onez ikusten ditu akordioaren baldintzak.
Trumpen zain
Marcos Sefcofic Europako Batzordeko Merkataritza komisarioak negoziazioen nondik norakoak azaldu dizkie estatu kideetako ordezkariei, eta baikor azaldu da. Dena den, gatazkaren sustatzaile nagusiak oraindik ez du iritzia eman. Izan ere, Trumpen beraren oniritzia falta da, eta ikusi beharko da zer dioen.
Azkenean ados jartzea lortzen ez badute, Europako Batzordeak prest ditu AEBen kontrako zigor neurriak, Sefcovicek bilera horretan azaldu duenez. Berez bi neurri sorta ditu prest, eta horiek bateratzea litzateke Bruselaren asmoa: batetik, AEBetako erosketei %25eko zigor tasa ezartzea —21.000 milioi euro ingurukoa—, eta bigarrenik, AEBetako inportazioei muga zergak ezartzea —72.000 milioi eurokoa, orotara—. Abuztuaren 7an sartuko lirateke indarrean.
Zigorrez gain, bere erabaki ahalmenean eragin nahi duten eragileen aurkako tresna ere aktibatu dezake EBk. AEBetako multinazional teknologikoen aurka egingo luke horrela, eta neurri horren alde dago Frantzia, adibidez.
Akordioa Japoniarekin
AEBek eta Japoniak %15eko muga zergak ezarriko dizkiote elkarri. Trump presidentearen arabera, akordioari esker AEBek erraztasun handiagoak izango dituzte besteak beste autoak eta arroza Japonian saltzeko. Horrez gain, ziurtatu du Japoniak 550.000 milioi dolar inbertituko dituela AEBetan. Japoniari %25eko muga zergak ezarriko zizkiola egin zuen mehatxu Trumpek.