Donald Trump AEBetako presidentearen mehatxuak bi egun eskas iraun du: atzera egin du datorren igandetik aurrera Europako produktuei %50eko muga zerga ezartzeko asmoan, joan den ostiralean hori iragarri baitzuen. Hala, apirilean, AEBetako estatuburuak Europarako muga zerga berriak iragarri zituenean, bi aldeek egun bat jarri zuten akordio batera heltzeko, eta horri eutsi diote: uztailaren 9ra arteko epea izango dute berriro.
Erabakiak indarra eman die Europako burtsei. Astea %1etik gorako irabaziekin hasi dute, ostiraleko jaitsieren ondoren.
Trump eta Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak igandean telefonoz egindako elkarrizketa batean adostu dute uztailaren 9ra arteko epea ematea, AEBetako presidenteak azaldu duenez, Europako agintariak eskatuta. Bere ohiko hizkeran, Trumpek adierazi du orain atzera egitea Europari egindako «mesede bat» izan dela: haren esku zegoen «pribilegio» bat zela hori onartzea ala ez onartzea.
«Epea luzatzeko eskatu zidan, eta esan zuen negoziazio serioetan sartu nahi zuela. Oso elkarrizketa atsegina izan genuen, eta nik oniritzia eman nion», azaldu zuen Trumpek atzo kazetarien aurrean, asteburua New Jerseyko Bedminister golf zelaian igaro eta bueltako bidaian egindako geldialdi batean.
Ostiral arratsaldean, Maros Sefcovic Merkataritza komisarioak Howard Lutnick AEBetako Merkataritza idazkariarekin eta Jamieson Greer Merkataritza ordezkariarekin hitz egin zuen. «Fede onez» aritzeko eta «mehatxurik» ez egiteko eskatu zien.
Igandean Von der Leyen aritu zen Trumpekin, eta, sare sozialetan azaldu duenez, elkarrizketa «ona» izan zen. Batzordeko presidenteak sare sozialetan adierazi duenez, AEBetako presidenteari esan dio Europa prest dagoela «elkarrizketetan azkar eta modu erabakigarrian aurrera egiteko».
Asteak dira Etxe Zuriko eta Bruselako ordezkariek negoziazioak abiatu zituztela, baina, horiek «inora ez» doazela iritzita, Trumpek ostiralean esan zuen muga zergak berehala ezarriko zituela eta hasieran iragarritakoak halako bi baino gehiago izango zirela.
Gaur egun %10eko zerga orokorra ezartzen die Europako produktuei, eta %25ekoa autoei eta autoen osagaiei.