Xabier Sagredok BBK-ko presidente izateari utziko dio

«Arrazoi profesionalengatik» lagako du azken hamabi urteetan izan duen kargua. Erabakia bihar egingo dute ofizial.

Xabier Sagredo, aurten, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Xabier Sagredo, aurten, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Paulo Ostolaza.
2025eko abenduaren 16a
09:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hamabi urteren ostean, Xabier Sagredok (Trapagaran, Bizkaia, 1972) ez du BBK Bilbao Bizkaia Kutxa banku fundazioko presidente izaten segituko. EITBk aurreratu zuen albistea atzo iluntzean, eta bihar egingo da ofizial, fundazioaren patronatuaren bileran. Sagredok «arrazoi profesionalengatik» utziko du kargua.

BBK-ko administrazio kontseiluak 2013ko azaroaren 6an izendatu zuen aurrezki kutxako presidente, Mario Fernandezen ordez. Aurrez, 2012ko azarotik, presidenteordea zen. Orduan utzi zion EAJren BBB Bizkai Buru Batzarreko kide izateari.

Zientzia Ekonomikoetako lizentziaduna, 1997. urtean hasi zuen haren ibilbidea bankuetan, Ipar Kutxan. Gerora zuzendaritza karguak izan zituen Bilboko Portu Agintaritzan eta Iberdrolan ere.

Bere agintaldiaren hastapenetan, 2015ean, aurrezki kutxa izateari utzi zion BBK-k, eta banku fundazio bilakatu zen, «Espainiako Kongresutik zetorren lege batek behartuta», Sagredok berak BERRIAri azaldu zionez. Ordutik, ofizialki, Bilbao Bizkaia Kutxa Banka Fundazioa izena du erakundeak. Urte hartako azaroan, patronatu eratu berriak presidente karguan berretsi zuen Sagredo.

Bere azken prentsaurrekoa joan den asteazkenean eman zuen, eta iragarri zuen 53 milioi euroko aurrekontua onartu dutela gizarte ekintzarako, inoizko handiena, eta, lehen aldiz, Kutxabanken dibidendurik gabe osatu dutela. Hori zen Sagredok berak banku fundazioa eratu zutenean ezarritako helburuetako bat, eta aurreikusi baino 10-15 urte lehenago lortu dute.

Agerraldi berean, azpimarratu zuen BBK dela inbertitzaile handiena euskal enpresetan: 5.200 milioi euro baino gehiagoko zorroa du, 1.500 milioi euro baino gehiago bideratu ditu lurraldean «enplegua eta balioa sortzen duten enpresetara», eta ekarpena egin du 10.000 lanpostu zuzenen sorreran. Kutxabank sortu zenean, BBK fundazioak haren akzioen %57 bereganatu zituen, eta oraindik ere haien jabe da.

Iaz, Ekonomisten Euskal Elkargoak Ekonomistak saria eman zion Sagredori, lehiakortasun iraunkorreko eta garapen jasangarrirako helburuekin bat datorren eredua finkatzeko egindako lana aintzatesteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.