Xingola marroia berriro ere hartzen ari da euskal insignis pinuak

Bero handiak eta euri sarriak eraginda, gaixotasuna berragertu da Euskal Herriko pinudietan

Markos Tedin-Uriburu Castro
Bilbo
2023ko urriaren 24a
00:00
Entzun
Xingola marroiaren gaixotasuna berriro ere agertu da euskal insignis pinuetan, indarrez. Datu ofizialik egon ez arren, Oskar Azkarate Baskegurreko zuzendari nagusiak zera adierazi zuen atzo: «Pinudiak oso kalteturik daudelakoan gaude basozainak eta mendian lan egiten dugunok». Datuak Gabonetan izango dituzte. Azkarateren ustez, «2023a oso urte txarra izan da».

Azken lau urteetan xingola marroiari dagokionez «aurreratze positiboa» ikusi dutela adierazi zuen Azkaratek, batez ere 2018tik aurrera euri gutxi egin duelako. Hala ere, 2023an egoera erabat aldatu da: bero handiak eta euri sarriak hezetasun handia eragin dute Euskal Herrian, eta horrek hazteko egokiera eman die onddoei.

Alde positibo bat azpimarratu zuen Baskegurreko zuzendari nagusiak egoera kezkagarri honetan: xingola marroiaren gaixotasunak ez dio egurrari eragiten. Hau da, gaixotasuna duten pinuak behar baino lehenago moztu behar dira, baina horien egurra erabil daiteke, ez baitago kutsaturik. Azkaratek azaldu zuenez, xingola marroiak hostoei bakarrik eragiten die. Onddoa dela eta, hostoak erori egiten dira, zuhaitzak ezin du fotosintesia egin, eta hazteari uzten dio. Arbola horiek moztu egin behar dira, baina haien egurra aprobetxatu daiteke.

Basogintzaren sektorea

2022an, basogintzaren sektoreak 1.010 miloi euroko balio erantsia izan zuen EAEn, eta 18.000 enplegatu zituen, hau da, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako BPGaren %1,53. Azkarateren arabera, sektorea asko hazi zen pandemiaren ondoren. Hala ere, azken urtean desazkunde arin bat igarri dute. 2024an egoera horri buelta bat ematea espero dute.

«Urte honetan denetarik izan dugu», esan zuen Azkaratek. Klima aldaketaren ondorioz, txingorra, hainbat gaixotasun, lehorteak, uholdeak, suteak eta bestelako gaitz batzuk pairatu dituzte euskal basoek.

Egurraren IX. Astea

Atzo jarri zen abian Euskadiko Egurraren IX. Astea. Urte honetan, basogintza sektorea iraunkorra eta ekonomikoki aktiboa dela erakustea izango da ekitaldiaren helburua. Bioekonomia, zurezko arkitektura eta klima aldaketari aurre egiteko ekintzak izango dira astearen gai nagusiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.