Zamaontzien erdiek Itsaso Gorritik igarotzeari utzi diote, huthien erasoengatik

Ia hirurehun ontzi dira jada Afrika inguratzea aukeratu dutenak. Maerksek eta CMA CGMk aste honetan esan dute berriz itzuliko direla, baina beste konpainien ustez, Bab el-Mandeb itsasartea arriskutsua da oraindik.

Suezko kanala
Irune Lasa.
2024ko urtarrilaren 2a
05:00
Entzun

Osteguneko datuei men eginez, jada 299 dira planak aldatu eta Esperantza Onaren lurmuturretik Afrika inguratzea erabaki duten zamaontziak. Atlantikora edo Mediterraneora iristeko, hori nahiago bide motzena hartzea baino, Adengo golkotik barrena Bab el-Mandeb itsasartetik Itsaso Gorria igarotzea Suezko kanalera bidean, edo alderantziz.

Ia hirurehun ontzi horiek 4,3 milioi edukiontzi garraiatzeko gai dira, eta milaka milioi euroren balioa duten gai horiek orain garestiago ordainduko dituzte kontsumitzaileek, Afrika inguratzeak itsasbidaia %25 luzeagoa dakarrelako zamaontzientzat eta, jakina, kostuen igoera bat. Beste arazo garrantzitsua industriako osagaien falta ere izan daiteke, hornidura kateen krisian gertatu bezala.

Gazako gerrari erantzunez, Yemengo Itsaso Gorriko kostaldea kontrolatzen duten milizia huthiak hainbat zamaontziri eraso egiten ari zaizkie azken asteetan, eta haietako bat bahitu dute —Galaxy Leader ontzia—, Bab el-Mandeb itsasartean. Ez dira garai batean Somaliako piratek egindako erasoak bezalakoak. Huthiek droneak eta misilak dituzte, eta Israeli berari ere eraso izan diote. Ehundik gora eraso izan dira azken hilabetean.

3,5

Zenbat milioi dolarren arrisku sariak. Lehendik ere, aseguruetan gerraren arrisku saria ordaindu behar izaten zuten Itsaso Gorriko eremu jakin batetik igarotzen ziren itsasontziek. Baina, azken hilabeteko erasoen ostean, eremu hori handitu egin dute aseguru etxeek, eta baita arrisku saria ere. Dirutzak izan daitezke, edukiontziak garraiatzen dituzten ontzien kasuan. Maerks Gibraltar zamaontziak, esaterako —abenduaren 14an eraso zioten—, 10.100 TEUko edukiera izanik, ehunka milioi dolarren gaiak garraia ditzake, 10.000 edukiontzi inguru eraman baititzake. Abendu hasieran, gerraren arrisku saria ontziaren zamaren balioaren %0,02-0,07an zegoen, eta orain %0,7ra igo da. Kalkuluak Gcaptain.com agerkariak egin ditu. 500 milioi dolarreko zamarentzat, asegurua 3,5 milioi dolar garestitu da.

 

Huthien bozeramaileek adierazi dute Israelekin lotutako ontziak direla beren helburua, hau da, israeldar jabetza dutenak edota Israelgo portu batera doazenak. Horrek, ordea, ez du eragotzi itsasbidea erabiltzen duten ontzi konpainia nagusiak beldurtzea. Eta datuek erakusten dute ontzi askok hartu dutela bide luze garestiago baina seguruagoa.

Hala ere, aurreko astean AEBek ontziak babesteko Oparotasunaren Zaindaria operazioa iragarri zutenetik, Maerks eta CMA-CGM ontzi konpainia handiek aste honetan azaldu dute hasi direla berriro itsasartea igarotzen. Aldiz, Hapag-Lloyd eta MSC konpainientzat Itsaso Gorria «arriskutsua da oraindik».

Ikuspegi desberdin horien atzean, dirudienez, konpainien beren jatorria dago. Danimarkakoa da Maerks, eta, haren AEBetako filiala baliatuta, AEBetako armadaren babes esplizitua luke; CMA CGMek, bestalde, Frantziako fragaten eskolta dauka. Aldiz, ez Alemaniako Hapag-Lloyd konpainiak, ez Suitza eta Italiako MSCk ez dute ontzidi militar esanguratsurik beren bizkarrak zaintzeko.

Zenbateraino garestituko dira itsasbidaiak eta garraiatutako salgaiak huthien erasoen ondorioz? Egia da Sueztik igarotzen dela munduko merkataritza gaien %12 eta gatazka zabaltzeko edo luzatzeko arriskua egon badagoela, baina oraingoz, prezio gehigarri bat ez da horrenbesteko amesgaiztoa itsas merkataritzarentzat, behintzat. Izan ere, Gazako gerra piztu aurretik pleiten prezioak oso behean zeuden, besteak beste ontzidiak asko hazi direlako, bai ontzi kopuruan eta bai edukieran, aurreko urteetako hornidura kateen krisiak ekarritako etekinen ondorioz.

‘Oparotasunaren Zaindaria operazioa'

AEBetako defentsa idazkari Lloyd Austinek abenduaren 18an aurkeztu zuen Oparotasunaren Zaindaria operazioa, hogei herrialdek baino gehiagok osatutako koalizioa omen, «nabigazio askatasunaren printzipioa babesteko» Itsaso Gorrian eta Adengo golkoan. Baina, orduz geroztik, hamabi herrialde soilik aipatu ditu izenez, eta beste zenbait herrialdek nolabaiteko atzerapausoak eman dituzte zerrendatzetik, hala nola Espainiak eta Italiak, nahiz eta Europako Batasunak sustengua adierazi operazioari.

 

Espainiak, esaterako, ez du nahi operazioa piratei aurre egiteko osatutako EBren Atalanta misioari lotzerik, eta ez du ontzirik jarriko AEBren koalizioan. Italiak parlamentuaren baimena behar luke, eta dezente mugatu du bere ekarpena. Frantzia, berriz, soilik herrialde horretako CMA CGM Group konpainiaren ontziak babesten hasi da. Saudi Arabiak eta Emirerriek esan dute ez dutela parte hartu nahi, eta Indiak ere erreparoak jarri ditu.

 

Jarrera horien atzean, batetik, Gazako gerrari buruzko iritzi ezberdinak daude, eta Israelen jokaerarekiko eta hura babesten dutenekiko desadostasunak. Eta, bestetik, huthien erasoekin piztutako gatazka zabal daitekeen kezka ere badago. Oraingoz, Oparotasunaren Zaindaria operazioa defentsiboa da; huthien erasoak oztopatzen ditu, baina erantzun gabe. Noiz arte eutsiko diote horri AEBek? Zabaltzeaz gain, gatazkak luze jotzeko arriskua ere hor dago, beste arrazoi bat herrialdeek tentuz jokatzeko.

 

Txina da oraingoz Bab el-Mandebko itsasartean ontzien igarotzea babesteko inolako asmorik agertu ez duen beste herrialdea, nahiz eta hantxe bertan, Djibutin, itsasontzi militarren basea duen, AEBek eta Frantziak bezala.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.