Kostu txikiko hegazkin konpainiak jopuntuan dituzte kontsumitzaileen elkarteek. BEUC Europako Kontsumitzaileen Elkarteak salaketa bat aurkeztu du gaur Europako Batzordean EasyJet, Norwegian Airlines, Ryanair, Transavia, Volotea, Vueling eta Wizzair konpainien aurka. Bezeroei eskuko maletak eramateagatik kobratzea egozten die, eta Europako Batasunean sektore horretako enpresek dituzten jardunbideak ikertzea nahi du, arau «argiak eta gardenak» ezartzeko.
«Neurriak hartu ditugu zazpi aire konpainiaren kontra, kontsumitzaileak esplotatzen ari direlako eta EBko auzitegi gorenari jaramonik egiten ez diotelako, hark duela 11 urte ebatzi baitzuen legez kanpokoa dela zentzuzko neurriak dituzten eskuko ekipajeengatik kobratzea», azaldu du Agustin Reyna BEUCeko zuzendari nagusiak. Erakunde horrek hamabi herrialdetako kontsumitzaileen elkarteak biltzen ditu.
«Ematen du normalizatu egin dugula konpainia handiek merkatuaren legeak, eta legearen gainetik egotea»
PABLO BUSTINDUY Espainiako Kontsumo ministroa
Reynak hizpide izan duen epaia 2014. urtekoa da; EBko Justizia Auzitegiak ebatzi zuen konpainiek ez luketela gehigarririk kobratu beharko eskuko maletengatik, «betiere arrazoizko neurria eta pisua badute». Dena den, kontsumitzaileen elkarteen arabera, salatu dituzten kostu apaleko zazpi hegazkin konpainiek ez dute aldatu jokabidea.
Gaur aurkeztutako salaketaren bidez, «praktika hori zigortzea eta hura behin betiko amaitzea» nahi dute. Gainera, salatu dute gehigarri horiek, normalean, bezeroak hegazkinera igo aurretxoan eskatzen dituztela konpainiek, eta ezetz esatea ia ezinezkoa zaiela erabiltzaileei.
Madrilen aurrerapausoa
Espainiako Gobernua da salaketaren sustatzaile nagusietako bat. Iazko azaroan, Ryanair, Vueling, Easyjet, Norwegian eta Volotea konpainiei 179 milioi euroren isunak jarri zizkien eskuko ekipajeak kobratzeagatik. Haiek helegitea aurkeztu zuten Europako Batzordean, eta Brusela urtarriletik ari da gaia aztertzen. Madrilek igorria du eskatutako dokumentazio guztia, baina erantzunik ez dute eman oraindik.
Helegiteak ez du kikildu gobernua, eta, atzera egin beharrean, aurrera eman du pausoa: gaur bertan, iragarri du Wizzair eta Transaviari ere jarriko dizkiela bost konpainia horiei jarritako zigorrak.

Pablo Bustinduy Kontsumo ministroak eman ditu azalpenak Bruselan. Esan du kostu apaleko konpainiek legez kanpoko zenbait gehigarri kobratu dituztela azken urteetan, eta ez eskuko ekipajeagatik bakarrik. Besteak beste, salatu du gardentasun falta dagoela hegaldien prezioak finkatzeko orduan, eta erabiltzaileei dirua eskatzen dietela haurrekin edo elbarriekin bidaiatzean eserlekua aukeratzeagatik eta hegazkineratzeko txartelak inprimatzeagatik.
Ministroak adierazi du enpresek helegitea aurkezteko eskubidea dutela, baina epaiak behin betikoak direla eta jokabide okerrak dituen beste edozein aire konpainiari ere zigorrak ezarriko dizkiola Madrilek. «Ezin dugu onartu legezko bilakatzea guztiz legez kanpokoak diren praktikak. Europako Batasunean hartzen den edozein erabakik balio beharko luke kontsumitzaileen eskubideak hobetzeko eta indartzeko», esan du Bustinduyk, eta gehitu ulertezina dela erakunde publikoek multinazionalen interesak defendatzea, erabiltzaileenak babestu beharrean.
Uste du ugaritzen ari direla legez kanpoko jardunbide horiek, eta ez hegazkin konpainien artean soilik: «Etxebizitzaren merkatuan gertatzen ari da, baita Internet bidezko merkataritzan, sarreren salmentan eta beste hainbat arlotan ere. Ematen du normalizatu egin dugula konpainia handiek merkatuaren legeak ezartzea eta legearen gainetik egotea».