Lanuztea sektore publikoan. Arantza Sarasola. LABeko zerbitzu publikoetako idazkari nagusia

«Zerbitzu publikoak garatzeko plan bat nahi dugu»

Arantza Sarasola. MARISOL RAMIREZ / ARP.
2012ko otsailaren 9a
00:00
Entzun
Zerbitzu publikoak garatzeko eskaera aldarrikapen soil bat baino gehiago da Arantza Sarasola LABeko zerbitzu publikoetako idazkari nagusiarentzat; krisitik irteteko modu bat dela dio.

Zer lortu nahi duzue biharko [gaurko] lanuztearekin?

Biharko [gaurko] protesta egunaren xedea ez da bakarrik murrizketen kontra egitea; zerbitzu publikoak garatzeko plan oso bat indarrean jar dezatela eskatu nahi diegu instituzioei, zer hobetua badagoelako. Ez zaigu iruditzen egungo zerbitzu publikoek gizartearen beharrei erantzuten dietenik.

Egungo egoeran, ez da ulertzekoa administrazioek murrizketetara jo izana?

Ez. Justu kontrakoa egin behar luketela uste dugu. Zerbitzu publikoak garatzea krisi ekonomikotik ateratzeko bidea izan daiteke. Zerbitzuak hobetzeko enplegua sortu beharko litzateke, enplegu egonkorra, eta horrek ekonomia errealari bultzada sendoa emango lioke.

CCOOk eta UGTk ere uko egin zioten Eusko Jaurlaritzarekin langile publikoen lan baldintzak negoziatzeari. Biharko [gaurko] lanuztearekin, ordea, ez dute bat egin.

Ez dugu ulertzen bi sindikatu horien jarrera, ez gurekin eta ez beren aldetik, ez hemen eta ez Espainian, ez dutelako administrazioek indarrean jarri dituzten murrizketa neurriak salatzeko protesta mobilizazio bat bera ere egin. Horregatik, haien kontra egiten ez duten bitartean, haiek babesten eta onartzen ari direla ulertzen dugu; administrazioen murrizketa politikarekin bat egiten dutela ulertzen dugu. Sindikatuak diren aldetik, erabat arduragabea eta ulertezina iruditzen zaigu haien jarrera.

Biharkoa [gaurkoa]izan eta gero, mobilizazioekin jarraitzeko asmoa duzue?

Bai, noski. Biharkoa [gaurkoa] hasiera baino ez da izango, eta jarraipena izango du; mobilizazioen bidetik segituko dugu harik eta instituzioek murrizketa poetika albo batera utzi eta kontrako neurriak hartzen hasten direnera arte. Horretan bat gatoz hiru sindikatuak —LAB, ELA eta EILAS—. Oraindik ez dugu egutegirik zehaztu, baina bilera egun bat, bai, dagoeneko jarri dugu, greba egunaren balorazioa egin eta hurrengo mobilizazioak antolatzen hasteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.