Kontu publikoak

Zerga bilketa ia %20 jaitsi da Gipuzkoan

Ekainean %11,6koa zen erorialdia, baina aurten abuztuan zenbatuko da errenta kanpainaren zati bat.

Jabier LarraƱaga Gipuzkoako Ogasun diputatua. GORKA ESTRADA / EFE
Iker Aranburu.
2020ko abuztuaren 12a
12:46
Entzun

Urtarriletik uztailera, 1.831 milioi euro bildu ditu zergetan Gipuzkoako Ogasunak, iaz epe horretan baino 456 milioi gutxiago. Portzentualki, %19,9 txikitu da bilketa. Ekainean, urte arteko jaitsiera %11,6 izan zen. Ogasunak, ordea, nabarmendu du aurten errenta eta ondare zergen kanpaina beste hilabete batez luzatu dela eta, ondorioz, aurten abuztuan zenbatuko dituztela 2019an uztailean zenbatutako diru sarrera batzuk.

Zerga nagusi guztietan amildu da bilketa. Diru gehien errenta zergak eman du (693 milioi), baina iaz baino %17 gutxiago. Beste zuzeneko zerga nagusiak, enpresek beren irabazien gainean ordaintzen duten sozietate zerga, 68,7 milioi eman ditu, iaz baino %7.6 gutxiago.

Zeharkako zergei dagokienez, kontsumoaren beherakadak %16,6 gutxitu du BEZaren bilketa, 540 milioi eurora arte. Kontsumo txikiago horrek ere kalte handia egin die zerga bereziei: %57,2 jaitsi da garagardoaren gainekoa, %54 edari alkoholdunen gainekoa, %16,8 hidrokarburoena eta %9,4 tabakoaren gainekoa.

Arabako eta Bizkaiko aldundiek aurki jakinaraziko dituzte beren datuak. Ekainera arte, hiru lurraldeetan %13,1 jaitsi zen zerga bilketa. Kopuru osoetan, 770 milioi gutxiago bildu dituzte. Urtearen amaieran 2.000 milioi eurotik gorako zuloa espero dute aldundiek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.