Datorren urteko aurrekontuak adosten hasi aurretik ere 2015eko kontuak baldintzatuta zeudela azaldu du Mikel Noval ELAko gizarte arloko arduradunak. Baldintzatuta, Finantzen Euskal Kontseiluan zerga politika aldatzea «baztertu» zelako. Eta, horregatik, behar sozialak asetzeko adina dirurik ez dela egongo salatu du sindikatuak. Erabaki hori hiru aldundiak eta Eusko Jaurlaritza biltzen dituen mahaian hartu zen, eta, ondorioz, maila berean jarri ditu EAJ, PP eta EH Bildu bera ere. «Ezberdintasunaren aurkako borrokari aurre egin ahal izateko aukerari muzin egin diote», Adolfo Muñoz idazkari nagusiaren arabera. Izan ere, aldundiek 680 milioi euro gehiago biltzea aurreikusten badute ere, «ez dira nahikoak». Are gehiago, aurrekontu politika berberarekin jarraituko dela espero du sindikatuak, «murrizketen ildoa», hain zuzen.
Zerga politikak ez ezik, zor publikoak ere baldintzatu du datorren urteko aurrekontu proiektua. Hain zuzen, Espainiako Gobernuak zorra BPGaren %1etik %0,7ra murriztu dezan eskatu dio Lakuari. «Horrek esan nahi du gasturako 200 milioi euro gutxiago izango direla», Novalen arabera. Salatu du gaur egun 2009an baino 900 milioi euro gehiago bideratzen direla zor publikoa ordaintzera. Ordu hartan, 83,6 milioi zen gastua, eta datorren urtean 989,4 milioi izango da.
Aurrekontuak diseinatzen hasi aurretik hartutako «erabaki politiko» horiei aurre egiteko, bi aldagai horietan aldaketak egon daitezen eskatu du sindikatuak. Batetik, erga sistema progresiboagoa, «ogasunek dituzten diru sarrerak %56 handiagoak» izan daitezkeelako, Novalen iritziz. Bestetik, zor publikoaren inguruko eztabaida zabaldu behar dela ere aldarrikatu du sindikatuak, zein zati ordaindu behar den erabakitzeko. Izan ere, «zorraren igoera hori gertatu izan ez balitz, 900 milioi horiekin Eusko Jaurlaritzak osasunean, hezkuntzan eta etxebizitzan eginiko murrizketak —490 milioi euro— ekidin izan ahalko zituen». Hori dela eta, zor publikoaren zilegitasunari buruzko hausnarketa zabaldu nahi du herritarren eta erakunde publikoen artean.
Oraindik zor publikoaren inguruko parte hartze prozesu hori abiatu ez denez, «gobernuak diru gutxiago izango du gastatzeko», eta alde horretatik ulertu ditu sindikatuak aurrekontuetan egongo diren murrizketak. Osasunak, esaterako, 2009an BPGan %5,3ko pisua zuen —3.508,9 milioi euro—, eta datorren urteko aurrekontuetan %4,9 izango da —3.390,5 milioi—. BPGan duela bost urteko mailari eutsi izan balitzaio, Jaurlaritzak 242,2 milioi euro gehiago gastatuko lituzkeela kalkulatu du ELAk. Hezkuntzan ere antzeko zerbait gertatzen da. 2009an %4,3ko pisua zuen, eta egun %3,7koa. Hau da, 362 miloi euroko jaitsiera izan dela uste du sindikatuak.
Bi arlo horietan murrizketak egon diren arren, AHTaren lanerako gastua urtetik urtera handiagoa egin dela ere salatu dute. Hain zuzen, 2009an, 71,5 milioi euroko gastua zen, eta datorren urtean 350 milioi euro izango da. Hain zuzen ere, zor publikoarekin batera aurrekontu proiektuan hazkundea izan duen atal bakarra da. Horregatik, lehentasunak zeintzuk diren zehazteko eskaera egin dio sindikatuak Jaurlaritzari.
Zerga kontuetan, EAJ, EH Bildu eta PP zaku berean sartu ditu ELAk
Sindikatuak dio 2015eko aurrekontuak baldintzatzen dituela zerga politika aldatzeko neurriak baztertu izanak.Zor publikoaren zein zati ordaindu beharko zen zehazteko eztabaida hasi nahi du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu