Zordun handien zerrenda bete da

Bizkaiak eta Gipuzkoak txikitu egin dute zordun handien listan egoteko egin beharreko iruzurra: milioi batekoa zen lehen, eta 600.000 eurokoa orain; 212 enpresa eta norbanako batu dira

Iker Aranburu.
2023ko uztailaren 1a
00:00
Entzun
Aurreko urteetan baino beteagoak iritsi dira aurten zordun handien zerrendak. Enpresen porrotek eraginda baino gehiago, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundien erabaki baten ondorioz luzatu dira: milioi bat euro zor zutenak ageri ziren lehen, eta 600.000 eurotik gorako zorra dutenak, berriz, orain. Ondorioz, 893 ziren lehen, eta 1.115 orain. Haien zorra, berriz, 1.170 milioitik 1.366 milioira igaro da. Ogasunek nekez berreskuratuko dute zorraren zatirik handiena, dagoeneko likidatutako enpresei baitagokie. Horregatik, zerrenden goiko aldean dauden izen gehienak aurreko urteotakoak dira.



BIZKAIA

Bizkaiko Ogasunaren zerrendan 349 zergapeko ageri dira, aurreko urtean baino 164 gehiago. Zorraren muga 600.000 eurora jaistearen ondorio da, baina baita oraingoan zorraren arduradun solidarioak agertzearen ondorio ere. Horrek esan nahi du zor bat bati baino gehiagori leporatzen diotela.

Ohi den moduan, Jabyer Fernandez eraikuntza sektoreko enpresaburua eta haren enpresa Bizkaiko zordun handienen artean daude orain ere. Proiektu handinahi bat izan zuen Fernandezek, etxebizitzak seriean eraikitzekoa, eta Bizkaiko Aldundiaren babes politikoa jaso zuen. Baina porrot egin zuen, eta zorren arrasto bat utzi zuen: 60,4 milioi Hadibitek, 52,3 milioi Iurbenorrek, 40 milioi Residerek, 3,1 milioi Afer taldekoek... Gainera, aurten, berritasun gisa, Jabyer Fernandez bera eta haren arreba Susana ageri dira zordun partikular gisa, 38,3 milioi euroren zorrarekin.

Zerrendaren lehen postuetan beste bi enpresa sartu dira: Bilboko Versus 07k 38,3 milioi euro zor dizkio ogasunari, eta Derioko Garazi taldeak, beste 31 milioi. Eraikuntza sektorekoak dira beste zordun handi asko: Moldis Echarrok (20,4 milioi), Abaroak (17,6 milioi), Baensa (11,9 milioi), Erosten (10,6. milioi). Petrolio sektoreko hiru enpresa ere ageri dira: GM Fuel Tank (37,5 milioi), Ballonti Oil (11,9 milioi) eta Jadash Petroleum (4,3 milioi).

Alzola familiak ere leku bat hartu du. 2021eko zerrendan, Ramon Pedro Alzola Earle soilik ageri zen, 1,2 milioi euroren zorrarekin. Haren zorrak hor jarraitzen du, baina haren arrebak batu zaizkio, Maria Blanca (11,3 milioi) eta Maria Iciar (7,7 milioi), Oilda Alzola Quintanal (11,3 milioi) eta Ramon Maria Alzola Quintanalekin (11,3 milioi) batera.

GIPUZKOA

Luzatu egin da Gipuzkoako zerrenda ere: 86 zergapeko ageri dira, iazkoak halako bi. 50 enpresa edo norbanako sartu dira, eta zazpi, berriz, atera. Orotara, 319 milioi zor dituzte.

Gipuzkoan dago euskal ogasunen zordunik handiena, Lagilur eraikuntza enpresa, aspaldi porrot egindakoa. 80,2 milioi euro zor ditu, iaz bezainbeste.

Batuz gero, handiagoa da Osinalde Etxaniz anaiena: 46,5 milioi zor ditu Jose Ramon Osinaldek, eta 46,4 milioi Juan Miguelek.

Ramon Vizcaino zenaren bi enpresen artean, 11,7 milioi euro zor dituzte: 6,2 milioi Tecfrindusek, eta 5,5 milioi Grupo Ramon Vizcainok. Porrot egindako beste enpresa ezagun batzuk ere badaude Gipuzkoako zerrendan: Fagor Etxetresnak kooperatiba (5,4 milioi) eta Bilore (3,3 milioi). Haien gainetik dago LH Commodities, 22,9 milioi euro zor baititu.

ARABA

Arabako Ogasunak aurtengo datuekin jaitsiko du muga 600.000 eurora. 2022ko zerrendan, aurreko urteko kopuru bera dago, 37, eta aldaketarik ez dago goiburuan ere: Ros Casares taldea. Taldeak hiru altzairutegi izan zituen lurraldean, baina porrot egin zuen, eta 50 milioi euroren zorra utzi zion Arabako ogasunari, bost enpresatan banatuta: 19 milioi Goya Sesenta y Nuevek, 12,2 milioi Gerosgarrek, 11,7 milioi Ros Casares Centro del Acerok, bost milioi Corporacion Ros Casaresek, eta ia bi milioi Bahia Casares Golfek. Azken urtean asko handitu da zorra (38,4 milioi zor zituen 2021 amaieran), Gerosgarren ondorioz. Zorra berreskuratzeko aukerak oso urriak dira, aspaldi likidatu baitziren taldearen ondasun baliotsuenak, fabrikak.

Iraculis anaien porrot egindako enpresak ere zordun handiak dira. Andres Iraculisen Urco Urbasa eraikuntza enpresak 11,8 milioi zor dizkio, eta Andres Iraculis anaiaren Grupo Hotelero Urvascok, beste 1,3 milioi.

Zordun handien artean pertsona partikular bat ageri da aurten ere: Macario Gonzalez Sanchez ardogintzako enpresaburua, 5,6 milioi euroren zorrarekin.

NAFARROA

Luzeagoa da Nafarroako zordun handien zerrenda, 120.000 eurotik gorako zorra dutenak agertzen baitira. Aurtengo zerrenda pixka bat laburragoa da, hogei zordun gutxiago ageri baitira (643), eta 17,8 milioi euro berreskuratzeko gai izan baita ogasuna —307,4 milioi zor dizkiete—.

Zerrendatik desagertu dira zor handiak zituzten hainbat sozietate, haien artean Bacalao Gran Sol (3,9 milioiren zorra), Hoteles Monte del Cierzo (hiru milioi) eta Abauntza SM (1,4 milioi). Izen sonatu bat ere falta da: Davalor Salud. 2021. urteko zerrenda milioi bat eurotik gora zor zituen, baina orain ez dago zordunen artean. Davalorri emandako laguntza publikoarengatik dimisioa eman zuen Manu Aierdi Ekonomia kontseilariak.

Are sonatuagoak dira Nafarroako beste kide batzuk, eta haien artean Gabriel Urralburu ageri da berriro ere, Nafarroako lehendakari izandakoa (1984-1991). 562.000 euro zor dizkio ogasunari, eta beste 440.000 euro haren emazte Olivia Baldak. Aurreko urteko kopuru bera.

Zorra nabarmen gutxitu ahal izan dute, berriz, Denis Mentxov txirrindulari ohiak eta haren emazte Nadezna Menxovak: 570.000 euro zor zituzten lehen, eta 335.000 orain. Beste txirrindulari batek, Vladimir Karpetsek, Tatiana emaztearekin batera, ia milioi bat euro zor ditu oraindik. Walter Pandiani, Krisztian Vadocz eta Pizo Gomez Osasunako jokalari ohiak ere ageri dira.

Edonola ere, zordun handienak eraikuntzako enpresak eta etxe sustatzaileak dira (165 zordun), eta dendak eta ostatuak (144).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.