Ogasuna

Zordun handien zerrenda luzatu egin da

Foru ogasunen zordun handien zerrendan 1.115 enpresa eta norbanako ageri dira, aurreko urtean baino 222 gehiago. Orotara, 1.366 milioi euro zor dituzte, baina horietako gehiena berreskuratzeko aukera handirik ez dute ogasunek.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ogasun diputatuak eta ahaln nagusiak, aurtengo Finantzen Euskal Kontseiluan. RAUL BOGAJO / FOKU
Iker Aranburu.
2023ko ekainaren 30a
12:17
Entzun

Aurreko urteetan baino luzeagoak izan dira aurten zordun handien zerrendak. Enpresen porrotek eraginda baino gehiago, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundien erabaki baten ondorioz luzatu dira: milioi bat euro zor zutenak ageri ziren lehen, eta 600.000 eurotik gorako zorra dutenak, berriz, orain. Ondorioz, 893 ziren lehen, eta 1.115 dira orain. Haien zorra, bestalde, 1.170 milioikoa zen lehen, eta 1.366 milioikoa da orain. Ogasunek nekez berreskuratuko dute zorraren parterik handiena, jada likidatuta dauden enpresei baitagokie. Horregatik, zerrenden goiko aldean dauden izen gehienak aurreko urteotakoak dira.

Bizkaia

Bizkaiko Ogasunaren zerrendan 349 zergapeko ageri dira, aurreko urtean baino 164 gehiago. Zorraren muga 600.000 eurora jaistearen ondorio da, baina baita oraingoan zorraren arduradun solidarioak agertzearen ondorio ere. Horrek esan nahi du zor bat bati baino gehiagori leporatzen diotela.

Ohi den moduan, Jabyer Fernandez eraikuntza sektoreko enpresaburuak eta haren enpresek jarraitzen dute Bizkaiko zordun handienen artean. Proiektu handinahi bat izan zuen Fernandezek, etxebizitzak seriean eraikitzekoa, eta Bizkaiko Aldundiaren babes politikoa jaso zuen. Baina porrot egin zuen, eta zorren arrasto bat utzi zuen: 60,4 milioi Hadibitek, 52,3 milioi Iurbenorrek, 40 milioi Residerek, 3,1 milioi Afer taldekoek... Gainera, aurten, berritasun gisa, Jabyer Fernandez bera eta haren arreba Susana ageri dira zordun partikular gisa, 38,3 milioi euroren zorrarekin.
Zerrendaren lehen postuetan beste bi enpresa sartu dira: Bilboko Versus 07k 38,3 milioi euro zor dizkio ogasunari, eta Derioko Garazi Taldeak beste 31 milioi. Eraikuntza sektorekoak dira zordun handietako beste asko: Moldis Echarrok (20,4 milioi), Abaroak (17,6 milioi), Baensa (11,9 milioi), Erosten (10,6. milioi). Petrolio sektoreko hiru enpresa ere ageri dira: GM Fuel Tank (37,5 milioi), Ballonti Oil (11,9 milioi) eta Jadash Petroleum (4,3 milioi).
Alzola familiak ere hartu du lekua zerrendan. 2021eko zerrendan Ramon Pedro Alzola Earle soilik ageri zen, 1,2 milioi euroren zorrarekin. Haren zorrak hor irauten du, baina arrebak
batu zaizkio,
Maria Blanca (11,3 milioi) eta Maria Iciar (7,7 milioi), Oilda Alzola Quintanal (11,3 milioi) eta Ramon Maria Alzola Quintanalekin (11,3 milioi) batera.

Gipuzkoa

Luzatu egin da Gipuzkoako zerrenda ere: 86 zergapeko ageri dira, iazkoaren halako bi. 50 enpresa edo norbanako sartu dira, eta zazpi, berriz, atera. Orotara, 319 milioi zor dituzte.

Gipuzkoan dago euskal ogasunen zordunik handiena, Lagilur eraikuntza enpresa, aspaldi porrot egindakoa. 80,2 milioi euro zor ditu, iaz bezainbeste.

Batuz gero, baina, handiagoa da Osin­alde Etxaniz anaiena: 46,5 milioi zor ditu Jose Ramon Osinaldek, eta 46,4 milioi Juan Miguelek.

Ramon Vizcaino zenaren bi enpresen artean 11,7 milioi euro zor dituzte: 6,2 milioi Tecfrindusek, eta 5,5 milioi Grupo Ramon Vizcainok. Porrot egindako beste enpresa ezagun batzuk ere badaude Gipuzkoako zerrendan: Fagor Etxetresnak kooperatiba (5,4 milioi) eta Bilore (3,3 milioi). Haien gainetik dago LH Commodities, 22,9 milioi euro zor baititu.

Araba

Arabako Ogasunak aurtengo datuekin jaitsiko du muga 600.000 eurora. 2022ko zerrendan, aurreko urteko kopuru bera dago, 37, eta, lehen postuan ere, aldaketarik ez: Ros Casares taldea da lehena. Taldeak hiru altzairutegi izan zituen Araban, baina porrot egin zuen, eta 50 milioi euroren zorra utzi zion Arabako Ogasunari, bost enpresatan banatuta: 19 milioi Goya Sesenta y Nuevek, 12,2 milioi Gerosgarrek, 11,7 milioi Ros Casares Centro del Acerok, bost milioi Corporacion Ros Casaresek, eta ia bi milioi Bahia Casares Golfek. Azken urtean asko handitu da zorra (38,4 milioi zor zituen 2021 amaieran), Gerosgarren ondorioz. Zorra berreskuratzeko aukerak oso urriak dira, aspaldi likidatu zirelako taldearen ondasun baliotsuenak, fabrikak.

Iraculis anaien porrot egindako enpresak ere zordun handiak dira. Andres Iraculisen Urco Urbasa eraikuntza enpresak 11,8 milioi zor dizkio, eta Andres Iraculis anaiaren Grupo Hotelero Urvascok, beste 1,3 milioi.

Zordun handien artean, partikular bat ageri da aurten ere: Macario Gonzalez Sanchez ardogintzako enpresaburua, 5,6 milioi euroren zorrarekin.

Nafarroa

Luzeagoa da Nafarroako zordun handien zerrenda, 120.000 eurotik gorako zorra dutenak agertzen baitira. Aurtengo zerrenda pixka bat laburragoa da, hogei zordun gutxiago ageri direlako (643), eta 17,8 milioi euro berreskuratzeko gai izan delako ogasuna —307,4 milioi zor dizkiete—.

Zerrendatik desagertu dira zor handiak zituzten hainbat sozietate, haien artean Bacalao Gran Sol (3,9 milioiren zorra), Hoteles Monte del Cierzo (hiru milioi) eta Abauntza S.L. (1,4 milioi). Izen sonatu bat ere falta da: Davalor Salud. 2021. urteko zerrendan, milioi bat eurotik gora zor zituen, baina orain ez dago zordunen artean. Manu Aierdi Ekonomia kontseilariak dimisioa eman zuen Davalorri emandako laguntza publikoarengatik.

Are sonatuagoak dira Nafarroako beste kide batzuk, eta, haien artean, Gabriel Urralburu ageri da berriro ere, Nafarroako lehendakari izandakoa (1984-1991). 562.000 euro zor dizkio ogasunari, eta haren emazte Olivia Baldak beste 440.000 euro. Aurreko urteko kopuru bera.

Zorra nabarmen gutxitu ahal izan dute, berriz, Denis Mentxov txirrindulari ohiak eta haren emazte Nadezna Menxovak: 570.000 euro zor zituzten lehen, eta 335.000 orain. Beste txirrindulari batek, Vladimir Karpetsek, Tatiana emaztearekin batera, ia milioi bat euro zor ditu oraindik. Walter Pandiani, Krisztian Vadocz eta Pizo Gomez Osasunako jokalari ohiak ere ageri dira.
Edonola ere, zordun handienak eraikuntzako enpresak eta etxe sustatzaileak dira (165 zordun), eta dendak eta ostatuak (144).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.