Zortzi gizon dirudunenek mundu erdiak adinako aberastasuna daukate

Davosko goi bileraren bezperan, Oxfamek ohartarazi du handitzen ari dela desberdintasun sozialen arrakala. Kezka nagusiak Trump, 'brexit'-a eta hauteskundeak dira foroko parte hartzaileentzat

Behargin bat Munduko Foro Ekonomikoko bilera gela bat garbitzen, atzo, Davosen (Suitza). LAURENT GILLIERON / EFE.
Jon Fernandez.
2017ko urtarrilaren 17a
00:00
Entzun
Zero azpitik hamalau gradu zentigradurekin hasiko da gaur urteroko goi bilera Davosen, Suitzako Alpeetako mendiko estazioan—egoitza nagusia tuberkulosoen ospitalea izandakoa da—; baina hotzik ez du izango Munduko Foro Ekonomikoaren berotan bilduko den elite ekonomiko eta politikoak. «Superaberatsak» dira han bilduko direnak, Oxfam gobernuz kanpoko erakundeak salatu duenez, eta haiei egotzi die, hain zuzen ere, desberdintasun sozialak geroz eta gehiago handitzearen erantzukizuna. Datu argigarriak eman ditu arrakalaren tamainaz jabetzeko: zortzi pertsona dirudunenek —gizonezkoak denak— munduko biztanleria erdiak adinako aberastasuna daukate; hau da, 3.600 milioi pertsonak bezainbestekoa.

Izen-abizenak dituzte zortzi gizonek: Bill Gates, Microsoften sortzailea; Amancio Ortega, Inditexena; Warren Buffett, Berkshire Hathawayren akziodun nagusia; Carlos Slim, Grupo Carsoren jabea; Jeff Bezos, Amazonen sortzaile eta zuzendaria; Mark Zuckerberg, Facebooken asmatzailea; Larry Ellison, Oracleren sortzailea; eta Michael Bloomberg, Blomberg finantza eta ekonomiako informazio agentziako burua.

Beroaren eta hotzaren arteko aldea, aberastasunaren eta txirotasunaren artekoa, gero eta handiagoa dela salatu du Oxfamek, Davosko bileraren hasiera aitzakiatzat hartuta. %99entzako ekonomia txostena argitaratu du, eta esplikatu du munduko izandunen erdiek herentziaz jaso dutela fortuna, edo dirua egin dutela ustelkeria eta nepotismoa nagusi diren industrietan. Aitortu du, hala ere, «superaberatsetako» batzuek «talentuari eta lan gogorrari esker» egin dutela dirutza.

Desberdintasun sozialez jabetzeko, datu ugari azpimarratu ditu txostenean. Adibidez, azken 30 urteetan desberdinkeria hazi den herrialdeetan bizi dira hamar pertsonatik zazpi. Gero eta pertsona gutxiagoren eskuetan ari da pilatzen aberastasuna, eta Oxfamek kalkulatu du halako erritmoan historian lehen aldiz egon litekeela bilionario bat hogeita bost urte barru. Alegia, pertsona horrek egunero ia milioi bat euro xahutu beharko lituzke 2.738 urtez bere fortuna guztia gastatzeko.

Bada beste faktore bat ere desberdintasun sozialean eragina duena, generoari lotutakoa. Izan ere, Oxfamek ohartarazi du bereziki emakumeei eragiten diela, haiek direla soldata kaskarrenak jasotzen dituztenak, lan munduan diskriminazio handiena jasaten dutenak, eta musu truk zaintza lanetan aritzen direnak. «Martxa honetan, 170 urte beharko ditugu gizonen eta emakumeen soldatak parekatzeko».

Bestalde, multinazionalen iruzur fiskalak herrialde pobreenetan eragiten duen zuloa ere neurtu du: 95.000 milioi euro urtean-urtean. «Zerga bilketa hori gehiago izanda, nahikoa diru legoke eskolatu gabeko 124 milioi umerentzako hezkuntza zerbitzuak finantzatzeko, edo osasun zerbitzuak pagatzeko, urtean sei milioi haurren heriotza eragozteraino», Oxfamen arabera.

Horregatik guztiagatik eskatu die Davosen bilduko direnei «ekonomia gizatiarraren alde» egin dezaten, herritarren %99en ongizatea ardatz izango lukeen ekonomia baten alde. «Kontsentsu berri bat lortu behar dugu denon artean, pertsona guztientzat onuragarria izango den eredu ekonomiko bat diseinatzeko». Arean ere, Oxfamen aburuz, barikura arte Davosen bilduko diren «superaberatsek» paradisu fiskalak darabiltzate zerga iheserako, langileen soldatak eta ekoizleen prezioak debaluatzen dituzte, eta gero eta gutxiago inbertitzen dute beren enpresetan».

Txinako presidentea

Bada, datozen lau egunetan inoiz baino jende gehiagok parte hartuko du Davosko bileran, 3.000 pertsonak hain justu: politikako, ekonomiako eta kulturako elite ordezkariak gehienak; eta, horien artean, 40 estatu eta gobernuburu. Denera, 400 eztabaida saio egingo dituzte.

Saioak gaur hastekoak badira ere, jakina da zeintzuk izango diren mintzagai nagusiak. Trump, brexit-a eta hauteskundeak izan dira berba errepikatuenak foroan parte hartuko dutenek azken lau hilabeteetan Twitterren idatzitakoen artean, KPMG etxearen azterketaren arabera.

Oro har, globalizazioaren zaintzaileak dira goi bileran batutakoak, baina, iazko bileratik aurtengora, nabarmen handitu da globalizazioaren kontrako haserrea gizartean, eta indartu egin da protekzionismorako joera: horren lekuko, AEBetako presidente berria, eta britainiarrek Europako Batasunetik irteteko hartutako erabakia. Bi gaiak mahai gainean izango dira Davosen, eta hizlari ere izango dira han Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroa eta Anthony Scaramucci, Trumpen konfiantzazko gizona.

Berritasuna Xi Jinpingek emango dio foroari, lehen aldia baita Txinako presidentea hara joaten dena. Xik irekiko du ofizialki foroa, eta aprobetxatuko du erakusteko Txina dela liberalizazioaren, globalizazioaren eta nazioarteko merkataritza itunen defendatzaile nagusia, Trumpen AEBek hor lagako duten hutsartea bete nahian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.