Zulorik zuloenak

Gatazkan dauden herrialdeetan produzitzen dira mineral kritiko asko, eta ekoizpenaren zati bat kontrolatuta ez egoteak giza eskubideen urraketa dakar leku askotan, lan esplotazioa eta haurren lana tarteko.

Musonoie harrobia Katangako goi lautadan, Kongoko Errepublika Demokratikoan. KATANGA MINING.
inaut matauko rada
Iruñea
2023ko abuztuaren 18a
00:00
Entzun
Munduko meatzaritzaren mapa aldatzen ari da trantsizio energetikoarekin. Trantsizioak trokel aldaketa eskatzen du, energia iturria karbonoaren errekuntzatik duten teknologiak CO2 isuri urriko teknologiekin aldatzen ari baitira. Horrek oso baliotsu bihurtu ditu lehen hain garrantzitsuak ez ziren hainbat metal; nikela, litioa eta kobaltoa, esaterako. Ezinbestekoak dira haize errotetan, plaka fotovoltaikoetan eta baterietan.

Mineral horiek, baina, Guillermo Otano Alboan gobernuz kanpoko erakundeko kideak azaldu duenez, zori geografikoaren arabera banatuta daude munduan. Hala, mineral horietako batzuen erreserba nagusiak garabidean diren herrialdeetan edo azpigaratutako herrialdeetan daude, «instituzio ahulak, barne desberdinkeria handia, pobrezia iraunkorra eta iragan koloniala» dutenetan, hain zuzen ere. Kobaltoa da adibide garbia, munduko erreserben ia erdia —eta ekoizpenaren %69—Kongoko Errepublika Demokratikoan baitago, azken hamarkadetan gerraz gerra ibili den herrialde horretan.

Mineral horien erauzketa handitzeak alarmak piztu ditu Mendebaldean, mineral kritiko horien parte handi bat halako herrialdeetan ekoizteak arriskua baitu, edozein gatazkak edo arazok kolokan jartzen baitu mineralen hornidura katea, eta, beraz, energia berdeen eta teknologiaren industria.

Hala, material horien hornidura segurtatu nahian, Europako Batasunak 2017an gatazkan dauden mineralen araudia onartu zuen, eta 2021ean sartu zen indarrean, lehengai horien merkataritzak «gatazka armatuak eta giza eskubideen urratzeak» ez dituela finantzatzen ziurtatzeko. Hala, mineral horien inportatzaileak behartuta daude erositakoaren jatorria egiaztatzera.

Artisau meatzaritza

Kongon, meatzaritzaren merkatua liberalizatu egin zen 1980ko hamarkadan, eta Mendebaldeko hainbat enpresa sartu ziren mineralak ustiatzeko, SuitzakoGlencore nagusiki. Hala ere, azken urteetan Txinako enpresak sartu dira Kongoko eta Afrikako beste hainbat herrialdetako merkatuetan, mineral berezien hornidura segurtatzeko. Herrialde industrializatuetako enpresen inbertsioekin, meatzaritza industriala bultzatu zen, intentsiboagoa eta produktiboagoa, baina artisau meatzaritzak badu garrantzia oraindik ere; kalkulu batzuen arabera, Kongon produzitutako kobaltoaren %10 eta %20 artean artisau hobietan erauzitakoa da.

Meategi horiek kontrol gutxiago dute, meatzariek zuzenean lurrean zuloak ireki eta bertatik ateratzen baitituzte mineralak. Halako lekuetan gertatzen dira batez ere lan istripuak, baldintza okerragoak dituztelako. «Segurtasun gutxirekin aritzen dira. Sakonera handiko zuloak dira, ia argirik gabekoak, eta zenbat eta sakonago sartu, orduan eta oxigeno gutxiago. Euri askoko garaietan, ura filtratu daiteke, eta, luiziak gertatuz gero, meatzariak hil egiten dira», azaldu du Otanok.

Halako meatzeek kontrol gutxiago dutenez, ohikoak dira lan esplotazioa eta haurren lana. «Haurren lanaren kontua hasieratik lotuta egon da kobaltoaren esplotazioarekin. Txosten batetik bestera datuak aldatuta ere, hor dago beti».

Meatzaritzak bestelako lan batzuk ere eskatzen ditu, ateratako arroken prozesamendua, esaterako. «Arroka txikitu egin behar da; gero ondoko lakuetan garbitzean, ingurua kutsatu egiten da. Urrearen kasuan, merkurioa ere erabiltzen dute prozesatzean. Kobaltoa produzitzen den hiri batzuetako ikerketak diote meatzarien eta haien familien osasunean eragina duela aktibitateak, biriketan bereziki. Ume asko malformazioekin jaiotzen dira».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.