Gipuzkoako Elikagai Bankuak laguntza eskatu du: «Biltegia ia hutsik dago»

Dohaintzen beherakadaren eta Europako funtsen desagerpenaren ondorioz, Elikagai Bankuak eta Gipuzkoako Aldundiak premiazko deialdia egin dute datozen hilabeteetan 17.000 pertsonari baino gehiagori janaria banatzea bermatzeko.

Boluntario batzuk, Gipuzkoako Elikagai Bankuan 2023ko bilketa handian jasotako janaria antolatzen eta sailkatzen . JON URBE / FOKU
Boluntario batzuk, Gipuzkoako Elikagai Bankuan 2023ko bilketa handian jasotako janaria antolatzen eta sailkatzen. JON URBE / FOKU
Estibaliz Navarro Argaz
2025eko maiatzaren 19a
15:30
Entzun 00:00:0000:00:00

Gipuzkoako Elikagai Bankuak, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera, herritar guztiei dei egin die ostiralean eta larunbatean udaberriko bilketan parte hartzeko lurraldeko supermerkatu nagusietan. Janaria eta dirua bilduko dituzte Euskal Herriko elikagai bankuek. Gipuzkoakoak gutxienez 350.000 kilo elikagai bildu behar ditu, bermatu ahal izateko zaurgarri dauden 17.000 pertsonari baino gehiagori janaria banatzea udazkenera arte. 

Belen Mendez de Vigok, Gipuzkoako Elikagai Bankuko lehendakariak, eta Jose Ignacio Asensiok, Jasangarritasun diputatuak, azaldu dute «kritikoa» dela egoera, baliabideak pixkanaka galtzen ari direlako eta horrek arriskuan jartzen duelako elikagaien hileko banaketa. 2022tik, etengabe urritu dira Gipuzkoako Elikagai Bankuari egindako dohaintza ekonomikoak eta emandako janaria.

Gainera, galdu egin dituzte lehen Europako Batasuneko funtsetatik iristen zitzaizkien laguntza garrantzitsu batzuk: 2023 eta 2024 artean, Europako funtsetatik 400.000 kilo janari jasotzeari utzi zioten. Aintzat hartu behar da elikagai horiekin 6.000 pertsona inguru artatzen zituztela. Orain, berriz, diru txartelen bidez bideratzen da Europako laguntza hori, baina laguntza mota horrekin lehen artatzen zuten pertsona kopuruaren erdira baino ez dira iristen.

Jendeak emandako dirua ere gutxitu da. Adibide bat: aurtengo lehen lauhilekoan, Gipuzkoako Elikagai Bankuak 70.000 euro gutxiago izan ditu janaria erosteko, iazko garai beraren aldean.

«Egoera larriagotu egiten da bilketa kanpainen murrizketa kontuan hartzen bada», esan du Mendez de Vigok. Iazko bilketa handia 2023koa baino %6 txikiagoa izan zen, eta 2022koa baino %22 txikiagoa, bat egin zuelako Valentziako tanta hotzarekin, neurri batean. Azken unean emandako elikagaiak biltzen dituen Azken Minutua programak 70.000 kiloko jaitsiera izan du aurreko urteekin konparatuta, nahiz eta bilketa toki gehiago batu diren. «Programaren laguntzarekin, milioi bat kilo jasotzen ditugu normalean, baina egoera asko aldatzen ari da, eta gizartearen laguntza ezinbestekoa da orain». 

Bankuko lehendakariak ohartarazi du iaz egoerari eusteko aukera izan zutela bilduta zeuzkaten erreserbei esker, baina orain amaitu egin direla  erreserba horiek. «Biltegia ia hutsik dago», adierazi du, kezkatuta. Gaur egun, bankuak hilean hamar kilo janari inguru ematen dizkio pertsona bakoitzari. Kopuru hori zortzi kilora murriztuko da donazioak handitzen ez badira, eta horrek zuzenean eragingo lieke Gipuzkoan laguntza horren mende dauden 17.000 laguni baino gehiagori.

Herritarren laguntza

Asensiok «kezkagarritzat» jo du egoera, eta erantzun solidario eta masibo baten beharra azpimarratu du: «Ezin dugu beste aldera begiratu. Apalak hutsik daude, baina denon artean bete ditzakegu berriro». Erantzun kolektibo bat behar dela gehitu du: «Gipuzkoak ez du inoiz huts egin, eta uste dugu orain ere ez duela huts egingo». 

Bankuak dei egin dio Gipuzkoako gizarte osoari —enpresak, erakundeak eta komunikabideak barne—, mezu hori zabaltzen lagundu dezaten. «Gipuzkoan bizi diren 720.000 pertsonetako bakoitzak kilo bat arroz emango balu, 700.000 kilo baino gehiago bilduko genituzke, eta arazoa konpondu ahal izango genuke», gogorarazi du Mendez de Vigok.

Janariaz gain, laguntzeko boluntarioak ere behar dituzte udaberriko bilketan, azaldu dutenez, eta, beraz, laguntzeko prest dauden guztiak gonbidatu dituzte. Era berean, herritarrei esan diete instalazioetako ateak zabalik dauzkatela edonork bankua bisitatu eta haien lana bertatik bertara ezagutu nahi badu.

Mendez de Vigok eta Asensiok nabarmendu dute udaberriko bilketa «garrantzitsua» izango dela Elikagai Bankuak datozen hilabeteetan Gipuzkoan gehien behar dutenei laguntzen jarraituko duela bermatzeko.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.