Ertzaintzak bi gizon atxilotu ditu Donostian, adingabe bati sexu erasoa egitea egotzita. Beste bi gizon ere ikerketapean daude, talde bortxaketan parte hartu dutelakoan. Gipuzkoako Foru Aldundiaren tutoretzapean dago salaketa jarri duen neska. Erasoa bart gertatu da, ustez, Ulia mendiaren magaleko aparkaleku batean. Ertzaintzak ikerketa bat abiatu du gertatutakoa ikertzeko.
Segurtasun Sailak ez du atxiloketen inguruko xehetasunik eman nahi izan, baina Gipuzkoako Foru Aldundiak ohar bat kaleratu du gaur arratsaldean, erasoa gaitzesteko eta biktimari babesa adierazteko. Jakinarazi du gertatutakoaren berri izan eta berehala jarri duela salaketa, sexu erasoak salatu dituen adingabea haren tutoretzapekoa baita. Eta iragarri du prozedura judiziala eta polizia ikerketa abian daudela jada.
Ulia mendiaren magaleko aparkaleku batean gertatu da erasoa, gaur goizaldean. Ertzaintzak ikerketa abiatu du, eta berehala atxilotu ditu bi gizonezkoak. Adinez nagusiak dira biak ala biak. Bihar utziko dituzte epailearen esku, deklarazioa har diezaien. Horrez gain, beste bi gizonezkok talde bortxaketan parte hartu ote duten ikertzen ari da Ertzaintza. Bi horiek ere Donostiako ertzain etxean dauzkate atxikita ikerketa amaitu arte, albiste agentziek zabaldu dutenez.
Gipuzkoako Foru Aldundiak «zuhurtzia, erantzukizuna eta errespetua» eskatu ditu, eta «zorroztasunez eta erantzukizunez» jokatzea galdegin, Ertzaintzak ikerketa burutu dezan. Hala ere, iragarri du biktima babesteko beharrezko neurri guztiak hartu dituela, «hori baita erakunde publikoaren lehentasuna». Donostiako EH Bilduk ere «irmoki» salatu du erasoa, sare sozialetan argitaratutako mezu batean. Eta biktimari babesa adierazteaz gain, erakunde publikoen bitarteko guztiak «berehala» haren esku jartzeko eskatu du.