Hizkuntza asko idazkera bat baino gehiagoz idazten dira. Adibide garaiena, denek aipatua, japoniera da, hiragana, katakana eta kanji, hiru sistema erabiltzen baitituzte elkarrekin testu berean, normaltasun osoz. Gainera, rōmaji idazkera erromatarraz ere egin dezakete. Ez da salbuespena: serbokroaziera hala erromatarrez nola zirilikoz idazten da (ez aldi berean). Hindi devanagariz egiten da, baina Interneten jendeak erromatarrez idazten omen du.
Euskara —haren lehenagoko egoera bat, «baskoiera» deritzaguna— baliteke garai batean karaktere iberiarrez idatzia izatea. Hala litzateke Irulegiko Eskuko hizkuntza hura balitz, eta ez iberiera (oraindik ez dakigu). Kristo aurreko garaian hemen ezin pentsatuzkoa zen beste ezer norbere hizkuntza idazteko: hura hartu eta gutxi-asko egokitzea, zeltiberiera lekuko. Kristo ondoren erromatar idazkera onartu zuten akitaniarrek, txistukari afrikatuak adierazteko latinez erabat ezohikoak ziren <xs> eta <xx> grafia berriak baliatuz, adibidez. Harrezkero, hala idatzi da euskara.
Maider Xiaoxin Larrañaga Olabek eta Irune Ibarra Lizundiak piktogramen bidez txineraren eta euskararen arteko zubiak eraikitzeko saio polita egin dute (ikus Irakasbil), euskara txinatar karakterez idazteko ametsetan ipini nauena.
Hona aukera on bat: nüshu, edo gurean nüxu —nuxu ‘naiz (xuketa)’ ekialdeko adizkiaren antzera—. Hunan probintzian, Xiao ibaiaren arroan, jaio omen zen idazkera silabikoa da, emakumeek beren artean, isil-gordeka, erabiltzeko sortua (nü ‘emakumea’ da). Amak alabari irakatsia, koinatak koinatari, euren gela propioetan. Poemak, gutunak eta abar, paperez zein brodatuz. Azken erabiltzailea, Yang Huanyi, 2024an hila.
Txanpon zahar batean nüxuz grabatutako zortzi karaktereek «munduko emakume guztiak familia bereko kideak dira» diote.