Euskal Memoria fundazioak Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean aurkeztu du aurtengo lan monografikoa: Euskal disidentzia. Errepresioa eta espetxea. Prentsarentzako agerraldia zen, baina dozenaka lagun batu dira liburutegiko aretoan; tartean, preso ohi ugari.
Carlos Trenor abokatu eta preso ohia izan da liburuaren egilea, eta, 500dik gora orrialdetan, errepaso mardula egin dio euskal presoen azken lau hamarkadetako bilakaerari: "Hau ez da behin betiko liburu bat: lehen pauso bat da". Izan ere, uste du atal bakoitzak garapen propioa behar duela. Kartzelan kide izan zituen presoei eskaini die lana, eta gogoan izan ditu kide batzuk, liburua egiten lagundu diotenak: Mikel Korta, Teresa Toda eta Javier Salutregi.
Trenorrek azaldu duenez, preso politikoez idazteko eskatu zioten, "abizenik gabe", eta multzo ugari sartu zituen kategoria horretan: "Erakunde armatuekin lotutakoak, 'dena da ETA' dokrinaren biktimak, kale borrokan aritutakoak, intsumituak, preso sozial sartu eta kontzientzia politkoarekin sartu zutenak eta langile klasearen borrokari lotuta espetxeratutakoak".
Era berean, aitortu du espetxetik irtetean eskatu ziotela lana bere gain hartzeko, eta ezin zuela ezezkorik eman: "Hau itsaso bat da; oso zaila da laburtzea historikoki inportantea dena".
Aurkezpenean, Iñaki Egaña historialari eta Euskal Memoria fundazioko lehendakariak hartu du hitza. Haren esanetan, 80.000 euskal herritar egon dira preso 1936ko gerraz geroztik; 1960ko hamarkadatik, 7.000tik gora. "Zenbaki beldurgarriak dira", esan du Egañak: "Atzean, bizirik dagoen herri bat dago". Liburuak bigarren zati bat izango du datorren urtean.
Gainera, fundazioa beste zeregin batzuetan ere ari dela azaldu du Egañak; besteak beste, torturak jasan dituztenen kopurua osatzen. 6.000tik gora zenbatu dituzte jada, eta, Egañaren arabera, datua bat dator Eusko Jaurlaritzak gaiaz eginiko txostenean jasotako kopuruarekin (4.113): "Kopuru hori Euskal Autonomia Erkidegokoa zen; gure nazio mailako lana da".