Zazpi istorioko bilduma osatu dute Txakur Gorria kolektiboko Labakak eta Ibarzabalek. Ipuin guztietan agertzen da hontza, baina atal bakoitzean "erabaki txiki batekin egunerokoan lor daitekeen burujabetza" alor diferenteak landuko dituzte. Labaka, Ibarzabal eta Gaztelumendi ez ezik, Amalur Alvarez Gure Eskuren bozeramailea ere izan da Donostiako Koldo Mitxelenan egin duten aurkezpenean.
"Burujabetzaren norabidea eguneroko erabaki txikietan hartzen dugula irudikatu nahi du lanak; eta, beraz, burujabetzaren bidean aurrera egiteko, pausorik txikiena ere beharrezkoa dela", adierazi du Alvarezek. Hain justu, Erabaki txiki batekin hasten da dena dinamika abiatu du Gure Eskuk.
Urteroko zozketa
Komikia ez ezik, azken urteotan egindako zozketa ere iragarri dute Gure Eskukoek. Aurtengoan komiki digitala eskuratzeko txartelaren atzealdean ipiniko dute zozketan parte hartzeko zenbakia eta seriea. Irabazleak 60.000 euroko saria jasoko du, eta zenbaki bereko gainerako serieek 2.000 euro. Sari txikiagoak ere banatuko dituzte.
Zozketa urtarrilaren 20an izango da, Beasaingo (Gipuzkoa) notariotzan.