Geroa Zugan

1.000 BERRIAlagun gehiago etorkizunari aurre egiteko

Azaroaren amaieran abiatutako kanpaina egunetik egunera ari da fruituak ematen, eta hiru hilabete eta erdian milatik gora dira BERRIAren etorkizuna bermatzeko BERRIAlagun egin direnak.

2018ko martxoaren 16a
16:20
Entzun

Geroa Zugan kanpainak 1.000 BERRIAlagunen langa gainditu du. Hamabost urte beteko ditu BERRIAk ekainean, eta, urteurrenaren harira, "bidelagun" gehiago lortzeko erronka jarri zion azaro amaieran BERRIAk bere buruari, eta jada mila gehiago dira BERRIAren egitasmoak aurrera jarrai dezan BERRIAlagun egin direnak.

Helburu horri bultzada bat emateko sortu zen BERRIA Berri Taldea ere. Euskalgintzako, euskal kulturako eta hezkuntzako hemezortzi lagun ezagunek osatu dute taldea, eta abendu hasieran egindako aurkezpenean ohartarazi zuten BERRIAk ezin diela bakarrik aurre egin "zailtasunei eta oztopoz beteriko etorkizunari". Horrenbestez, "bidelagunak" nahi dituzte aurrera segitzeko.

[YouTube]https://youtu.be/22FLr8iLllw[/YouTube]

Duela hamabost urteko otsailean itxi zuen Guardia Zibilak Euskaldunon Egunkaria zena. Ordea, hurrengo biharamunean Egunero kioskoetan zen, eta ekainera arte eutsi zion hark. Hala, aurtengo ekainean hamabost urte beteko ditu BERRIAk, eta ordura arteko epea jarri dio kazetak etorkizunari aurre egiteko behar adina BERRIAlagun lortzeko. Bide horretan beste koxka bat gainditu du gaur, 1.000 lagun gehiagora helduta.

Kopuru hori lortu ahal izateko babes ugari jaso ditu Geroa Zugan lelopean abiatutako kanpainak. Besteak beste, kazetarekiko konpromisoa agertu dutenen artean daude EHU, ELA eta LAB, Kontseilua, Eusko Ikaskuntza eta Ikastolen Elkartea. Luzea da zerrenda, eta geroz eta handiagoa da astetik astera.

[YouTube]https://youtu.be/q0qHqkS7bTU[/YouTube]

Orain bost urte hasi zuten BERRIAlagunak biltzeko prozesua, Zure ziztada behar dugu kanpainaren eskutik. Komunitatearen ideia oinarri hartuta, BERRIA proiektuaren parte izateko aukera zabaldu zuten. Egitasmoarentzat ezinbesteko zutabe dira BERRIAlagunak, eta haiek ere hainbat abantaila jasotzen dituzte esparru askotan: deskontuak, zozketak, sarrerak... BERRIA irakurtzeko zerbitzu bereziak ere badauzkate.

Hamabosgarren urteurrenaren bueltan, komunitate hori zabaltzea jarri dute erronkatzat, BERRIAlagun gehiago biltzea. Komunitateko kide nola egin, bi bide hauek daude eskura: Interneten, eta telefonoz, honako zenbaki honetara deituta: (0034)943-30 43 45.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.