Marisol Villar. Nafarroako Elikagaien Bankuko presidentea

«100.000 euro behar ditugu erabiltzaileak elikatzen jarraitzeko»

Nafarroako Elikagaien Bankuak maiatzetik uztailera bitartean egin du aurtengo kanpaina, baina esperotakoaren herena bakarrik bildu du. Egoera ikusita, Villarrek laguntza eskatu die Nafarroako herritarrei.

NAFARROAKO ELIKAGAIEN BANKUA.
Oihane Puertas Ramirez.
2022ko abuztuaren 5a
00:00
Entzun
«Alerta solidarioa» aktibatu du asteon Nafarroako Elikagaien Bankuak. Izan ere, egin duten azken kanpainan, dohaintzek behera egin dute, eta hasieran aurreikusitakoaren herena baino ez du lortu: 135.684 euro bildu ditu, eta 124.805 kilo janari.

Marisol Villar Nafarroako Elikagaien Bankuko presidentearen arabera, egoera «kezkagarria» da. Izan ere, gizarte bazterkeria jasateko arriskuan edo muturreko egoeran daudenei laguntzen diete, baina aurtengo kanpainan lortutakoarekin ezingo diote eutsi orain arteko martxari, eta, diru gehiago lortu ezean, janari kilo gutxiago eman beharko dituzte hilabetero.

Nola bizi duzue egoera?

Kezkatuta gaude. Azaro amaierara arte, ez da beste kanpainarik egongo, eta, oraintxe bertan daukagun diruarekin, ezingo genuke jarraitu orain bezainbeste janari ematen.

Hilabetean 100.000 euro inguru erabiltzen ditugu elikagaiak erosteko. Orduan, oraingo egoeran, beste 100.000 euro behar ditugu erabiltzaileak elikatzen jarraitzeko janari kantitatea murriztu gabe.

2020ko kanpainan, pandemia garaian, ia 500.000 euro bildu zenituzten. Zergatik uste duzue apaldu direla dohaintzak?

Nagusiki, uste dut egungo egoeraren ondorio dela. Inflazioa gero eta gehiago igotzen ari da, elikagaien prezioek ere gora egin dute, Ukrainako gerra eta horren ondorioak daude... Ziurgabetasun egoera da gaur egungoa, eta zer gertatuko den ikusteko zain gaude. Uste dut horregatik guztiagatik gehiago kostatzen zaigula dohaintzak egitea.

Zertan eragin du beherakadak?

Hilabetean 25.000 pertsona ingururi ematen diegu janaria, eta, hilabetero, 300 tona janari ateratzen dira. Iaz pertsona bakoitzari hamalau kilo elikagai ematen genizkion hilabetean. Aurten, ordea, dena murriztu behar izan dugu, eta zazpi kilo banatzen ari gara; erdia, hain zuzen. Murrizketa hori frutarekin konpentsatzen ari gara nolabait, fruta gehiago eskuratzeko aukera handiagoa daukagulako.

Egoerak nola eragiten duen? Ezin badugu janari gehiago erosi, murrizketak egin beharko ditugu. Orain, bi litro esne ematen baditugu; aurrerantzean, bakarra eman beharko dugu, eta olioa agian ez dugu emango. Kakaoa, adibidez, aspaldi ez dugu eman: oso garestia da, eta ez daukagu dirurik hori erosteko.

Zer planteatzen duzue egoerari aurre egiteko?

100.000 euro bildu nahi ditugu aurrerantzean ere elikagaiak erosi ahal izateko. Oraintxe bertan, 190.000 euro gelditzen zaizkigu janaria erosteko. Hurrengo kanpainarako hiru hilabete gelditzen dira, eta hilabetean 100.000 euro gastatzen baditugu, oraingo egoeran jarraituz gero, ez gara iritsiko.

Beste 100.000 euro biltzea lortzen badugu, baina, aukera izango dugu hilabete horietan orain arte bezainbeste janari emateko.

Beraz, herritarren parte hartzea behar duzue.

Jendeari dohaintza ekonomiko bat egiteko eskatzen diogu, eta hiru modu daude horretarako: transferentzia bat eginez, webgunetik edo Bizum bidez. Gure webgunean daude aukera guztiak, eta norbaitek nahi izanez gero, gurekin harremanetan jartzeko aukera ere badu.

Aurrera begira nola ikusten duzue egoera?

Beti izan dugu konfiantza handia Nafarroako gizartearengan; hor egon da laguntza eskatu dugun bakoitzean. Baikorrak gara, eta helburua lortzea espero dugu.

Logikoa den bezala, gutxi baldin badaukazu, ezin duzu asko eman, baina gutxi asko batzen badira, lor daiteke. Dohaintza egitera gonbidatu nahi ditugu herritarrak, emateko dutena gutxi bada ere.

Badakigu egoera zaila dela guztiontzat, baina nahiko ondo gabiltzanok prezioen igoera nabaritzen badugu, eta egoera zailtzen ari dela sumatzen badugu, imajinatu behar dugu benetan laguntza behar dutenak nola ariko ote diren bizitzen hau guztia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.