104 elkartek aldarrikatu dute gizarte laguntzak «eskubide» direla

Diru sarrerak bermatzeko errentaren aldeko agiri bat plazaratu dute.«Gizarte kohesionatu eta zuzena» lortzeko lagungarri dela esan dute

Elkarte ugarik hartu du parte agiriaren aurkezpenean. MARISOL RAMIREZ / ARP.
gotzon hermosilla
Bilbo
2015eko apirilaren 16a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Agerraldi jendetsua espero zuten, baina errealitateak aurreikuspen guztiak gainditu zituen. Bilboko Yohn jauregiko areto nagusia txiki gelditu zen atzo diru sarrerak bermatzeko errentaren aldeko kanpaina aurkezteko; deialdia egin zutenean, 85 elkarte eta erakunderen babesa zuten kanpainaren sustatzaileek; aurkezpenaren unean 104 ziren, eta oraindik ari dira atxikimenduak jasotzen. 104 elkarte horietako ordezkariak egon ziren agerraldian, eta txalo artean hartu zuten agiria.

Azkenaldian diru sarrerak bermatzeko errenta eta, oro har, gizarte laguntzen kontra egiten ari diren erasoek kezkatuta, hamar puntuko agiri bat egin dute elkarteek, Pobrezia eta Giza Bazterketaren Aurkako Europako Sareak bultzatuta. Hor, oinarrizko errenta «euskal herritar guztien eskubidea» dela nabarmendu dute, «ez laguntza edo limosna bat», eta legeak arautu eta bermatu egiten duela eskubide hori. Errenta «euskal gizarte kohesionatu, zuzen eta berdintasunezkoa» lortzeko lagungarria dela eta hazkunde ekonomikoa sustatzen duela gogoratu dute.

Laguntzen kontrako mezuetan, ustezko iruzurra erabili ohi dute argudio gisa. Agiriaren sinatzaileen arabera, iruzurra «sistema guztietako arazoa» da, baina ezin da aitzakia gisa erabili errentari eraso egiteko. Zehaztu dute arlo horretan iruzurra %0,3koa dela, eta zerga iruzurra, berriz, %25ekoa. «Ez dezagun arreta iruzur handietatik eta ustelkeriatik desbideratu», esan dute. Era berean, gogora ekarri dute 2008tik 2014ra %17,9tik %22,7ra igo dela Araba, Bizkai eta Gipuzkoan pobrezia eta bazterkeria arriskuan dauden herritarren kopurua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.