'CABACAS AUZIA'

1.095 egun justizia eske

Gaur dira hiru urte Ertzaintzaren pilotakada batek buruan jo eta Iñigo Cabacas gaztea hil zenetik. Hiru urtera, instrukzio fasean dago oraindik ikerketa.

Iñigo Cabacas oroitzeko plaka, ertzain batek pilotakada eman zion lekuan. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS
jon olano
2015eko apirilaren 9a
08:59
Entzun

Athletic eta Schalkeren arteko partidaren ostean, ertzain batek jaurtitako pilota batek jo zuen Iñigo Cabacas Lizeranzu. 2012ko apirilaren 5a zen, eta handik lau egunera hil zen Basurtuko erietxean, zaurien ondorioz.

Cabacas hil eta hiru urtera epaiketarik ez dela egin salatu du Iñigo Gogoan elkarteak. Bilboko 10. Instrukzio Auzitegia ari da auzia aztertzen, eta astiro doa ikerketa. Hain justu, ikerketa "gehiegi" luzatzen ari dela aitortu zuen martxoan Estefania Beltran de Heredia Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak.

Cabacasen familiaren izenean, Jone Goirizelaia ari da akusazio gisa, eta auziaren azkenaldiko urratsak azaldu zituen martxoaren 27an: identifikatu dute ertzain bat, gaztea hil zuen pilota jaurti zuelakoan. Adituen frogen arabera, gomazko pilota bota zen tokian zegoen ertzainetako bat da, eta pilotak bota zituztela aitortu zutenetako bat. Hala ere, oraindik froga gehiago egin behar direla azaldu zuen Goirizelaiak, eta tiro egin zuenarengana ez ezik operazioan horrela jokatzeko agindu zuten arduradunengana ere jo behar dela.

Omenaldiak

Epaiketaren zain, Cabacasen aldeko omenaldiak antolatu dituzte urteurrenaren harira. Bilboko Udalak martxoaren 27an omendu zuen, eta "justizia" eskatu zuen Ibon Areso alkateak. Cabacasen lagunek eta Iñigo Gogoan herri plataformak ere antolatu dituzte; datorren larunbatean, ekitaldi bat egingo dute futbolzalea zauritu zuten lekuan. Gertatutakoarekin "nolabait sentsibilizatuta" dauden guztiei egin diete deia 18:00etan Bilboko Maria Diaz de Haro kalea "betetzeko". Cabacas gabe 1.095 egun daramatzatela eta, beste horrenbeste puxika aireratzeko asmoa dute lagunek, "Bilboko zeru gainean justizia eske oihu egin dezaten".

Apirilaren 29an, berriz, Athleticen eta Realaren arteko derbia dagoela baliatuta, Iñigo Cabacasen eta Aitor Zabaletaren aldeko omenaldi bateratua antolatu nahian dabiltza. Athletici helarazi diote eskaera, eta erantzunaren zain daude.

Horrez gain, gazteari buruzko dokumental baten trailerra sareratu dute, Iñigo Cabacas. Hiru urte justiziarik gabe izenburupean.

[Youtube]https://youtu.be/yuc0F1NSThI[/Youtube]

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.