Nafarroako Auzitegiko Lehen Atalak 11 urteko kartzela zigorra ezarri dio 52 urteko gizon bati, 2024ko martxoaren 20an beste gizon bati bost aldiz tiro egiteagatik. Tiro horietako baten eraginez, biktima paraplegiko geratu zen: %75eko desgaitasuna du. Hiru milioi euroko kalte ordaina eman beharko dio zigortuak.Â
Gizon bat hiltzen saiatzeagatik zigortu du auzitegiak. Aringarri bat aplikatu dio: anomalia psikikoa. Espetxetik ateratzean, zigortua ezingo da beste gizonarekin harremanetan jarri hogei urtean, ezta harengandik 200 metrora baino gutxiagora hurbildu ere. Kartzelatik atera ondoren, zaintzapean egongo da hamar urtean.
Abenduaren 17an epaitu zuten. Fiskaltzak eskatu zuen hamabost urteko kartzela zigorra ezartzeko; akusazio partikularrak, berriz, 25ekoa jartzeko, eta defentsak errugabetzat jotzeko, iritzita akusatuak gai toxikoen kontsumoari lotutako nahasmendu psikotikoa zuela.
Nahasmenduak
Bi gizonak ezagunak ziren, eta elkarrekin egoteko geratu ziren. Epaiaren arabera, zigortua etxetik jaitsi zen, eta zuzenean beste gizonarengana joan, «hura hiltzeko asmo garbi eta nabariarekin». Bi tiro eman zizkion eskuineko hankan. Biktima, odol asko galtzen hasi, eta ihes egiten saiatu zen, baina erasotzailea atzetik joan zitzaion korrika, eta hiru aldiz tirokatu zuen: bi tirok jo zuten, batek sabelaldean eta besteak bizkarrean. Bizkarreko tiroak zauri larriak eragin zizkion.
Zigortuak nahasmendu duala eta nortasunaren nahasmendu mistoa ditu, alkohol, kalamu eta estimulatzaile kontsumoari lotuta. Auzitegiak zehaztu du akusatuak, tiro egin zuen egunean, substantzia horien eraginpean jokatu zuela, baina ez du uste errugabetzeko aski arrazoi denik, irizten baitio frogek ez dute erakutsi gaitasun intelektualak eta borondatea baliogabetuta zituenik.
«Bertatik bertara»
Defentsaren ustez, gertatutakoa ez zen hilketa saiakera bat izan, giza hilketa egiteko saiakera bat baizik. Auzitegiak hilketa egotzi dio gizonari, ordea, uste baitu «maltzurkeriaz» jokatu zuela: «Haren [biktimaren] bizitzaren kontrako eraso bat egin zuen arma ezkutatuta eta bat-batean, ezustean, bertatik bertara tiro eginda. Biktimak ez zeukan ez armarik ez bere burua babesteko aukerarik. Gero, atzetik jarraitu, eta bizkarretik tiro egin zion, jakinda ezin zuela ezer egin babesteko».
Epaian nabarmendu dute gizona ez zela hil poliziek eta larrialdi zerbitzuek azkar artatu zutelako, posible baitzen zaurien ondorioz hiltzea.Â
Epaia ez da irmoa, eta helegitea aurkez dezakete Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusian.Â