Hamabi urtean hainbat oldartze egin ditu Ertzaintzak gomazko pilotak jaurtiz. Salaketak ere asko izan dira. Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak legebiltzarrean azalduko duenez, ordea, 27 kasu besterik ez dute onartu tramiterako, eta horietako 18tan baino ez diote eman arrazoia salaketa jarri duenari. Haiei kalte-ordainak ematen 317.000 euro gastatu direla ere azalduko du Aresek; horietako 67.625 euro Herrizaingo Sailak jarri dituela eta gainontzekoa Ertzaintzaren aseguruek. Kasu horietatik kanpo dago Iñigo Cabacasen auzia, oraindik tramitatzen baitago. Cabacas Ertzaintzaren pilotakada baten ondorioz hil zen, apirilaren 9an. Xuban Nafarrateren auzia ere ez dago kontatuta, Herrizaingo Sailaren arabera, greba egunean larri zauritu zen gazte hori ez baitzen Ertzaintzaren pilotakada batengatik zauritu.
Dani Maeztu Aralarreko legebiltzarkidearen galdera batentzat prestatutako erantzunean dauzka datu horiek Aresek, Efe berri agentziak zabaldu duenez.
2000. urtetik, gomazko pilotekin zauritutako hemezortzi laguni eman die arrazoia Ertzaintzak, zortzi salaketa atzera bota ditueta bat oraindik aztertzeko dago. Hain justu, iazko irailean Bilboko Errekalde auzoko Kukutza gaztetxea husterakoan Ertzaintzak erabilitako bortizkeriaren ondorioz pilotakada bat jaso zuen pertsona baten kasua dago aztertzeko.
Onartu dituzten kasu gehienak, begian, aurpegian, buruan, lepauztaian, saihetsetan, bularrean, hanketan, besoetan eta izter aldean emandako pilota kolpeen auziak dira. Atzera bota zituzten zortzi kasuetan Herrizaingo Sailak honako azalpen hauek eman zituen: pilotakada jaso zuena «beharrik eduki gabe arrisku egoeran» jarri zela, edo legez kanpoko manifestazioan parte hartzen ari zela, edo azkenean kalte-ordaina eskatzeari uko egin ziola.
Herrizaingo Sailak, kasu gehienetan, 6.000 euroko frankizia besterik ez du ordaindu. Emandako kalte-ordainik handiena 57.000 euro da. 2002ko irailean Bilbon begian zauritutako pertsona bati eman zioten. Hasieran ukatu egin zioten kalte-ordaina hari ere, «arriskuan» jarri zela argudiatuta. Auzitegi Nagusiak, baina, kalte-ordaina emateko agindu zuen.
Urtarriletik aurrera, mugatuta
Athleticen partida baten ostean hil zen Iñigo Cabacas, Ertzaintzaren pilotakada baten eraginez. Horrek zalaparta handia sortu zuen, eta Herrizaingoak jakinarazi zuen material horren erabilera «mugatu»egingo duela. Europako Batasunak gomazko pilotarik ez erabiltzea gomendatu izan du.
Datorren urtetik aurrera brigada mugikorrek eta unitate bereziek bakarrik ibili ahal izango dituzte pilota horiek, «muturreko kasuetan». Gainerako brigadek, pilotak jaurtitzekoak ez, baina gomazko bala antzeko batzuk botatzen dituzten jaurtigailuak erabiliko dituzte.
12 urtean gomazko piloten 27 kasu tramitatu dira, eta 18 bakarrik onartu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu