ELA sindikatuak, prentsa ohar batean, merezimenduen dekretua deituaren ondorioen gainean ohartarazi du. Nafarroan eremu publikoan hizkuntzei eman beharreko lekua zehazten du dekretu horrek; 2024an onetsi zen, eta euskarari aintzatespen oso urria emateko bidea irekitzen duela gogoratu nahi izan du sindikatuak, adibide baten bidez: 1.200 foruzain postu daude, eta euskara, modu espezifikoan, lau postutan bakarrik baloratuko da. Sindikatuak gogora ekarri du dekretua onartu zenean salatu zuela araudi horrek «tarte zabala» ematen duela euskara baloratzeko orduan «interpretazio murriztaileak eta arbitrarioak» egiteko: «Dekretuak ez zuen heldulekurik eskaintzen departamentu bakoitzari hizkuntza baloratzeko gutxieneko postu batzuk exijitzeko orduan».
Eta, hain justu ere, horren ondorioak nabarmenak direla esan du; araudi horrexetan oinarrituta ebatzi du, esaterako, Nafarroako Gobernuko Segurtasun Departamenduak orain euskarari «oso bazterreko» lekua egitea. ELAk datuak eman ditu euskara zeinen atzenduta utzi duten erakusteko. Jakinarazi duenez, modu espezifikoan soilik lau postutan baloratzeaz gain, bestelako datu gehiago badira euskararen baztertzea zer-nolakoa den erakusteko: 120 foruzain lanpostutan ingelesa, frantsesa eta alemana baloratuko dira, baina ez euskara. Hizkuntzak aintzat hartuko diren gainerako 190 lanpostuetan euskara baloratuko da ingelesa, frantsesa eta alemanarekin batera.
Horiek horrela, bestelako araudi bat behar dela gogoratu du ELAk. «Zerbitzu publikoak jatorriko hizkuntzetan emateak ez luke departamentu bakoitzaren borondate politikoaren mende egon behar. Lege bidez eta, bitartean, beste dekretu baten bidez, blindatu beharko litzateke Nafarroako herritarren hizkuntza eskubideak bermatuta egotea».