EUSKARA

14 urterekin, lau ikasletik hiru gaztelaniaz aritzen dira eskolako jolastokian

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan aztertu dute ikasleek zenbat erabiltzen duten euskara. Ikasgelan eta irakasleekiko harremanetan handiagoa da euskararen tokia jolaslekuan baino. Adinaren arabera badaude aldeak: 9-10 urteko ikasleek gehiago erabiltzen dute 13-14 urtekoek baino.

Garikoitz Goikoetxea.
2013ko urtarrilaren 25a
19:18
Entzun

Euskarak eskoletan duen tokiari buruzko azterketa egin dute Eusko Jaurlaritzak, ISEI Irakats-Sistema Ebaluatu eta Ikertzeko erakundeak, eta Soziolinguistika Klusterrak. Arrue ikerketa jarri diote izena, eta datorren osteguneko Soziolinguistika Jardunaldietan aztergai izango dituzte emaitzak.

Ikasgelako datuak hartuta, Lehen Hezkuntzako laugarren mailako ikasleek (9-10 urte) batez ere euskara erabiltzen dute: hamarretik sei mintzo dira euskaraz. Datu horren garrantzia nabarmendu du Pablo Suberbiola ikerketaren arduradunak. Izan ere, hamar ikasletik biren lehen hizkuntza da euskara, eta erabilera hirukoitza da. Adinean aurrera eginda euskarak tokia galtzen du: DBH Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako bigarren mailan hamarretik seiren hizkuntza gaztelania da. Kontuan izan behar da, gainera, DBHko ikasleen artean handiagoa dela etxeko hizkuntza euskara dutenen portzentajea.

Gelan baino eremu zabalagoa du gaztelaniak jolastokian. Adibiderako: LHko laugarren mailan, hamarretik seik batez ere euskaraz egiten dute ikasgelan; jolastokian, berriz, hamarretik seik egiten dute batik bat gaztelaniaz. DBHko bigarren mailan are handiagoa da portzentajea: lautik hiruk beti edo ia beti darabilte erdara.

Ikasleek irakasleekin ere zer hizkuntza darabilten aztertu dute. Euskara da nagusi esparru horretan: LHko laugarren mailan, %53k egiten diote beti euskaraz maisuari edo maistrari; DBHko bigarren mailan, %41ek. Irakasleari gaztelaniaz egiten diotenak %13 dira Lehen Hezkuntzan, eta %26 Bigarren Hezkuntzan.

Indize bat eraiki dute erabilera orokorra aztertzeko. 1 eta 5 arteko eskalan, 3,26 puntu dituzte Lehen Hezkuntzako ikasleek; erditik gora daude, horrenbestez. DBHko estudianteek 2,6 puntu dituzte, erditik behera.

Arantza Aurrekoetxea Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuordeak adierazi du “pozik eta itxaropentsu” egoteko datuak badaudela azterketan. “Funtsezko izan da euskararen ekarpena, baina euskarak ezin du bakarrik egin aurrera. Bidelagunak behar ditu”. Patxi Baztarrika Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak nabarmendu du “oso konplexua” dela errealitatea, faktore askok eragiten dutela erabileran. “Gizarteak ikaragarrizko eragina du, eta beharrezko da hizkuntz politika, gizarte osoari begira”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.