16 urteko mutiko batek txabola bati su eman, eta barruan zeuden bi neskak hil zituen. Kiskali egin ziren; 16 eta 17 urte zituzten. Barruan zegoen beste mutil bat, adin nagusikoa hori, ere kiskali zen sutean, baina hark lortu zuen kanpora ateratzea.
Ikusi gehiago
Hiltzailea eta hildako nesketako bat bikote izanak ziren, baina utzia zuen neskak. 2004ko azaroaren 23ko goizaldean, neska hura bizi zen txabolara joan zen, Santurtziko El Bullon izeneko zonaldera, Bizkaian. Eztabaida beroa sortu zen txabola barruan. 16 urteko mutikoa kalera atera zen, sofa bat jarri zuen atean, barrukoei ateratzen ez uzteko, eta su eman zion sofari.
Azkar zabaldu ziren garrak, egurrezkoa baitzen txabola, eta ihes egiteko inolako aukerarik gabe gelditu ziren bi neskak. Barruan zegoen beste mutilak justu lortu zuen atea desblokeatu eta ateratzea. Hirurak bizi ziren txabola hartan.
Ertzainak eta larrialdi zerbitzuak nekez ailegatu ziren lekura. Ibilgailuekin sartu ezin, eta oinez joan behar izan zuten bertaraino. Heldu zirenerako, neskak hilak ziren, txabola barruan; kanpoan zegoen mutilari erredurak artatu zizkioten, eta Gurutzetako ospitalera eraman zuten. Haren testigantzari jarraituz, hiltzailea atxilotu zuten ertzainek; gurasoen etxean atzeman zuten, Santurtzin bertan, 07:30ean. Adingabeentzako Zumarragako zentro itxira eraman zuten.
Hildako bi nesketako bat Bizkaiko Foru Aldundiaren harrera zerbitzuan zegoen, baina Juan Mari Aburtok, orduko Gizarte Ekintzako diputatuak, adierazi zuen neskak bi hilabete lehenago ihes egin zuela harrera etxetik.