16 urtetik azpiko delitugileak «heziketa intereseko lanekin» zigortu nahi ditu Attalek

Politika orokorrerako hitzaldia eman du arratsaldean Frantziako diputatuen aitzinean. Besteak beste, RSA diru sarrerarik gabekoen errenta jasotzeko astean 15 orduko lanaldia egin behar izatea nahi du.

FRANCE GOVERNMENT PARLIAMENT
Gabriel Attal Frantziako lehen ministroa.
Oihana Teyseyre Koskarat.
2024ko urtarrilaren 30a
17:30
Entzun

Oren bat eta erdiko hitzartzea egin du Frantziako lehen ministro Gabriel Attalek Frantziako Asanblearen aitzinean, oposizioko diputatuen oihuen artean. Haren aitzineko lehen ministro Elisabeth Bornek bezala, diputatuei ez die konfiantzazko bozketarik eginarazi —Frantziako Konstituzioaren arabera, ez da beharrezkoa—. Politika orokorrerako norabideak eman ditu, eta neurri batzuk ere iragarri ditu, zehaztu gabe noiz eta nola sartuko diren indarrean.

Besteak beste, 16 urtetik azpikoentzako zigor mota berri bat sortu nahi du: «heziketa intereserako lana». Haur horien familiak ere zigortu nahi ditu, interes orokorreko lanak egitera kondenatuz. LFI Frantzia Intsumisoko Mathilde Panotek adierazi du «aspaldi izan den diskurtso erreakzionarioena» izan dela.

Bestalde, laborarien protesta dela eta, erran du Nekazaritza Politika Bateratuaren diru laguntza martxoaren 15erako izanen dutela laborariek —hala iragarria zuen jadanik ostiralean egindako hitzartzean, data zehatzik eman gabe—.

Emmanuel Macron Frantziako presidenteak azken hitzartzeetan egin duen bezala, hiztegi belikoa baliatu du Attalek, eta Frantzia «berriz armatu» nahi duela adierazi. SNU lizeoko ikasleek egin beharko duten zerbitzu militarra orokorra bilakatu nahi du 2026rako —orain arte, nahi zuten ikasleek soilik egin behar zuten—. Erran du 2030erako polizia kopurua bikoiztu nahi duela.

Osasunaren arlorako ere proposamen batzuk egin ditu. Medikuarenean ordua hartua duten baina agertzen ez diren pazienteek ordu hori pagatu behar izatea nahi du. Bestalde, osasun etxeen eskasia den lekuetan, familia medikuak gauetako eta asteburuetako guardia egitera behartu nahi ditu.

Lanari begira, iragarri du RSA diru sarrerarik gabeei ematen zaien gutxieneko errenta jasotzeko astean 15 orduko lanaldia izan beharko dela. Hori esperimentatzen ari dira Frantziako departamendu batzuk, eta 2026tik aitzina orokortu nahi du neurria. Ipar Euskal Herriari eraginen dio, beraz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.