Haur eta nerabeen %80k osasuntsuak ez diren elikagaiak eta edariak kontsumitzen dituzte, tartean edari energetikoak. Eta edari energetikoak edateak eragina du loaren kalitatean, psikologian, jarreretan eta bihotzeko gaitzetan, Pablo Bustinduy Espainiako Gobernuko Eskubide Sozialen, Kontsumoaren eta 2030erako Agendaren ministroak esan duenez. Datu horiek zerrendatuta, ministroak iragarri du 16 urtetik azpikoei edari energetikoak saltzea debekatzeko araudia abiatuko dutela.Â
«Ebidentzia zientifikoek erakusten dute edari energetikoak arriskutsuak direla gazteen osasunerako», adierazi du Bustinduyk. Eta ebidentzia zientifikoei herritarren kezkak gehitu dizkio. Azaldu duenez, Espainiako nutrizio eta elikadura segurtasunaren agentziak (Aesan) igaro den astean argitaratutako azken ikerketaren arabera, hamar pertsonatik bederatzi ados daude hartuko den neurriarekin, eta 18 eta 35 urte bitartekoen artean %88,3 daude erabakiaren alde.
Halere, ikertzaileek ohartarazi dute inkesta erantzun dutenen laurdenek gutxienez astean bitan edaten dituztela edari energetikoak, eta halakoak edaten dituztenen ia erdiek egunean gutxienez bat edaten dutela. Hori aski ez, eta horien %47k maiz alkoholarekin nahasten dituzte.
Ikusi gehiago
Aurrekariak
Agentzia berak 2021ean egindako txosten batek agerian utzi zuen zer ondorio izan ditzakeen kafeina gehiegi hartzeak: loaren nahasmenduak —lo hartzeko denbora gehiago behar izatea eta lo egindako orduetan aldaketak gertatzea—, psikologiari dagozkion arazoak, jarrera aldaketak eta bihotzeko gaitzak, besteak beste. Txostenean ebidentzia horiek bildu ostean, eskoletan edari energetikoak saltzea debekatu zuten iaz. Eta Galizian eta Asturiasen (Espainia), jada debekatua dago 16 urtetik beherakoei halako edariak saltzea. Nazioartean ere badira debeku bera indarrean duten zenbait herrialde ere: Erresuma Batua, Alemania eta Polonia.
Gainera, Kontsumo ministroak iragarritako neurrietan, debekua aplikatuko zaienen adin tartea zabaldu egingo dute zenbait kasutan. Izan ere, ehun mililitroko 32 miligramo kafeina dituzten edariak ezingo zaizkie saldu 18 urtetik azpikoei.Â
Iragarkiei so
Ministerioaren «konpromisoaren erakusgarri», Bustinduyk adierazi du osasuntsuak ez diren elikagaien iragarkiak ere erregulatuko dituztela. Emandako datuen arabera, Espainiako haurrek halako elikagaien 4.000 iragarki ikusten dituzte urtean telebistan; eguneko 11. Eta 30era ere iristen dira bestelako hedabideak kontuan hartuz gero.
Eta iragarkiek eraginda edo ez, Bustinduyk datu esanguratsu bat eman du: «Haurren eta nerabeen %80k osasuntsuak ez diren janariak eta edariak kontsumitzen dituzte». Izan jaki ultraprozesatuak, izan gantz, azukre edo gatz asko dutenak. Hain zuzen ere, horrexegatik ipiniko dute arreta haien iragarkietan.
«Edari energetikoek, edan eta 12-24 ordura, abstinentzia eragiten dute»
ÂNerea Segura dietista eta nutrizionista da. Lehen kontsulta propioa zuen, eta egun, Lanbide Heziketan dihardu, dietetikaren esparruan.
Ezaguna da edari energetikoak ez direla osasuntsuak. Baina zer dute kaltegarriak izateko?
Ohiko kafearekin alderatuta, kafeina erdia dute, baina bolumenari erreparatuta, bi kafe hartzearen pareko da. Gainera, taurina izeneko aminoazidoa dute; berez osasuntsua da, baina kafeinaren efektua esponentzialki biderkatzen du.
Lehen hamar minutuetan, adrenalina eta dopamina txute baten bidez, alerta eta kontzentrazioa igotzen dituzte, eta onuragarriak izan daitezke. Baina handik ordubetera, kafeina jaitsi eta glukosa igotzearekin batera, nekea sortzen dute. Eta handik 12-24 ordura, abstinentzia eragiten dute, adikzioa. Prozesua ziklikoa da.
B bitamina dutela diote askok.
Bai, hala da. Egia da B bitamina daukatela, eta hori baliagarria dela kontzentraziorako, baina azukrea metabolizatzeko ere balio dute. Horrenbeste azukre daukate edari horiek, non bitamina guztia horretarako erabiltzen baita.
Gazteek gero eta gehiago edaten dituzte horrelako edariak. Zergatik?
Halako produktuek marketin kanpaina izugarriak egiten dituzte. Gainera, estrategia argia erabiltzen dute: gazteen idoloak agertzen dira, batez ere muturreko kirolen bat egiten duten kirolariak. Nerabeen ezaugarria izan ohi da gauza berriak eta arriskutsuak probatzea, eta horrelako edariak edatea horren parte da.
Zure ustez, Bustinduy ministroak iragarri duen debekuak arazo horri aurre egitea lortuko du?
Ez dut uste. Izan ere, nerabezaroko joera da, era berean, debekuak zalantzan jartzea eta debekatuta dauden gauzak probatzea. Halere, egia da edari horiek lortzea zailagoa izango zaiela, eta litekeena da gurasoak kontzientziatzen laguntzea.
Hori da bidea?
Nire ustez, bai. Etxean eta eskolan. Heziketa etxean hasten da. Egia da eskola, batzuetan, eraginkorragoa izaten dela, bertan daudelako haien adinekoak, eta sarri ikaskideak hartzen dituztelako eredutzat etxekoak baino gehiago.Â
Eta horretarako prest daude irakasleak?
Ez. Irakasleok ahal duguna egiten dugu. Horregatik, beharrezkoa iruditzen zait eskoletara adituak ekartzea, hitzaldiak baino zerbait praktikoagoak eskaintzeko, ikasleek bertatik bertara ikus ditzaten ondorioak.