Atzerritarrei agiri faltsuak saldu eta haiek erabiliz ustezko iruzurraren biktimen egoera erregularizatzen saiatzen zen pertsona sare bat atxilotu du Espainiako Poliziak. Operazioa hilaren 6an izan zen, Bilbon eta Donostian, eta guztira hemeretzi pertsona atxilotu zituzten, tartean lau aholkularitza bulegotako sei abokatu. Espainiako Poliziak BERRIAri jakinarazi dionez, operazioa oraindik irekita dago, eta ezin da baztertu atxilotu edo kaltetu gehiago izatea.
Ikerketa iazko uztailean hasi zen, Espainiako Gobernuak atzerritarren ezohiko erregularizazio prozesuaren berri eman baino sei hilabete lehenago. Atzerritartasun brigadako ikerlariek irregulartasunak aurkitu zituzten hainbat bizileku-baimen eskaeratan, eta horrek piztu zuen susmoa. Ezohiko agiriak ikusi zituzten: besteak beste, kode zenbakidun bera zuen agiri bat hainbat eskaeratan agertzen zela.Â
5.000-10.000 euro
Biktimei bizileku baimena lortuko zutela hitzematen zieten, eta haiek milaka euro ere ordaintze zituzten. Poliziaren arabera, biktima bakoitzak 5.000 eta 10.000 euro artean ordaindu zion sareari. Agiri faltsuak zituzten 118 eskaera atzeman ditu Poliziak. Agiri faltsuei dagokienez, lau motatakoak aurkitu dituzte: errolda agiriak, mediku agiriak, formakuntza ikastaroen frogagiriak eta bankuko kontu-korronte agiriak. Bizileku baimena lortzeko, gutxieneko kaudimen bat izan beharra dago, eta hainbat eskaeratan kontu korronte beraren frogagiria erabili zuten.Â
Atxilotuen artean Espainiako eta Marokoko herritarrak daude. Sei abokatuez gain, sarea osatzen zuten 11 lagun daude, tartean biktimak erakartzeko ardura zuen pertsona, eta biktimetako bi. Poliziak barne egituraketa baten arabera jarduten zutela uste du, eta horregatik zela sare bat. Biktima gehienak Afrikako iparraldekoak ziren, %90 marokoarrak, hamar aljeriarrak eta hamar tunisiarrak.
Operazioaren egunean, Poliziak Bilboko hiru aholkularitza eta Donostiako bat miatu zituen. Egunean bertan eraman zituzten hemeretzi atxilotuak epailearengana. Hark aske utzi zituen, karguekin. Orain, epaiketaren zain daude.Â