Ihesaldi jendetsu bat egin zuten 1938an Ezkabako kartzelan (Nafarroa): 795 presok lortu zuten handik alde egitea. Alabaina, kanpoaldean dena ez zen hain ongi atera, eta preso anitz atxilo hartu zituzten bueltan; gero, jo eta bertan hil. 207 preso exekutatu zituzten orotara. Ordutik hona 50 lagunen baino gehiagoren gorpuzkiak aurkitu ahal izan dituzte, eta horietatik hamar identifikatu. Gaur, baina, Aranzadi zientzia elkarteak jakinarazi du exekutatutako bertze bi gorpu identifikatu dituztela: Jesus Esteban Muñozena eta Gerardo Gomez Lorenzorena.
1906an jaio zen Muñoz, Segoviako hiri batean (Espainia), eta 1936ko azaroan hogei urteko kartzela zigorra ezarri zioten, «matxinadan» lagundu izana egotzita; hau da, errepublikaren defentsan aritzea. Hurrengo urteko urtarrilean sartu zuten kartzelan, eta han egon zen, harik eta ihes egitea lortu zuen arte. Alde egin zuten bertze kide batzuekin batera harrapatu zuten Muñoz, eta Urtasungo hilerrian (Nafarroa) lurperatu zituzten denak. Familiako kide batzuen lagin genetikoei esker lortu dute Estebanen gorpuzkiak identifikatzea.
Galiziarra zen, berriz, Lorenzo, 1916an jaioa. 1937an epaitu zuten, hura ere «matxinada» laguntzea leporatuta, eta 30 urteko kartzela zigorra agindu zioten. Urte horretako ekainean sartu zuten espetxean, eta, behin ihes eginda, Leranozko (Nafarroa) eskola batean aurkitu eta hil zuten. Haren gorpuzkiak identifikatzea ere familiaren lagin genetikoei esker lortu dute Aranzadikoek.